Deustuan ez da batere ezaguna gure herrian sortu den kirolari onenetako bat. Indar handiko gizona izan zen, bizitzak emandako kolpe latzek ezin izan baitzuten bere kirol grina eragotzi. Bixente Blanco, Koxua, (1884-1957) Tourrean parte hartu zuen lehenengo euskalduna dugu.
1884ko uztailak 14 zituen Bixente Blanco Etxebarria Deustuan jaio zenean. Ematen du sortu zen unetik bertatik bizitzaren atal garrantzitsu bat nabarmendu zitzaiola, data horrek lotura estu bi ditu eta: Frantziarekin (jaiegun nazionala) eta Tourrarekin, egun horietan egiten baita txirrindulari karrera nagusia. Frantziako Tourra dela eta dakargu hizpide Bixente Blanco.
Egiari zor, orduan –ezta ondorengo urteetan- inork ez luke esango ume hori karrerista izango zenik. Batetik, txirrindularitza jaio berria zen, XIX. mendearen amaieran egin baitziren Frantzia aldean lehenengo lasterketak. Bestetik, lehenengo urratsak beste bide batetik egin zituen. Aita itsasgizona zuen eta ha bezala ontziratu eta sukaldeko laguntzaile gisa nabigatu zuen hamahiru urteko txotxoa zela. Gero itsasontziko makinak ikatz palakadez elikatzen zaildu zen. Munduan barrena zebilela ikusi eta probatu ei zituen lehenengo bizikletak. Eta gustatu.
Lehorreratzea erabaki zuen eta fabrika handietan behargin hasi zen. Orduko lan baldintzak, gogorrak eta Bixenteren zortea, txarra. La Basconian lanean zebilela burdin gori zati batek ezker oina zulatu eta ia erabat txikitu zion. Geroago, Euskaldunako ontziolan beharrean zegoela, beste istripu batean eskuin oineko bost atzamarrak galdu zituen. Harrez gero, Bixente koxua.
Ondoren mila-ofizio horietako bat izan zen: angulero, itsasadarrean txalupari…, baina baita kirolari bikaina ere. Harrigarria, bere gorputzak jasandako kolpe larriak kontuan hartuta. Baina Blanco ez zen behera etortzen ziren horietakoa. Gizon zaildua zen, eta ederto erakutsi zuen. Bizikleta erosteko lain aurreztu eta ugerrak jandako tramankulu astun eta zaharra eskuratu zuen. Haren gainean hasi zen, tipi-tapa, txirrindulari. 1907an federatu zen eta Bizkaiko lasterketetan polito zebilela ikusita, 1908ko Espainiako txapelketara bidali zuten, Xixonera, hori bai, bizikleta hobeagoa hartuta. Irabazi ere egin zuen, baita hurrengo urteko txapelketa ere.
Tourrean
Ibilkera baldarreko gizon hura ziztu bizian egiten zuen hegan bizikleta gainean zebilenean. 1910eko Tourrerako izena eman zuen, eta eutsi egin zion ibilbidea argitaratu eta gero ere. Urte hartan izena emandako lautik batek bertan behera utzi zuen bere inskripzioa, 1903an sortutako frantziar lasterketak lehenengoz Pirinioetako mendate handiak (Tourmalet, Aubisque…) igoko zirela jakin ostean. Bixente Blancok ez.
Hamabost kiloko Alcyon bizikleta ‘arina’ lortu eta haren gainean Parisera joan zen (Tourra hasi baino lehen bizikletaz mila kilometro egin zituen). 55. zenbakia eman zioten eta ‘isolatua’ esaten zioten txirrindularietakoa izan zen, alegia, ekipo bakoa. Haiek bakarrik zeuden, ez zeukaten nork lagundu bazkaltzeko, ostatu hartzeko, bizikletak konpontzeko edo bestelako arazoei irtenbidea emateko.
Lehenengo etapa (Roubaixerano, 272 km) bederatzigarren amaitu zuen, nahiz eta behin baino gehiagotan lurrera jausi zen, baina ederto igarri zituen elikadura txarraren eta, batez be, Bilbo-Paris bizikletaz egin izanaren ondorioak. Bigarren etapa ere osatu zuen, baina hirugarrenari ekin orduko, etsi zuen. Ez zeukan indarrik.
Zorionez Deustura trenez itzuli zen. Abandoko geltokian ehunka lagunek egin zioten harrera, txaloka eta bibaka. Egundoko balentria egindako heroia zen. 1916an utzi zion bizikletan ibiltzeari. Bere bizitzarekin argi erakutsi zuen elbarritasunak ez daudela guk pentsatzen dugun lekuan.
Testua: Hektor Ortega