Zaloa Ipiñaren gomendioa: Art House Cinema

prestaldizkaria 2013ko ira. 18a, 11:16

Alhondegia sortu zutenetik, Bilboko Arte Ederren Museoko zinemateka espazio berri honetara pasatu zuten.

Zinemateka hau 1983. urtean inauguratu zen eta bi proposamen nagusi izan zituen: alde batetik,  zinea arte bisualetako bat izatea (New Yorkeko MOMA edo Pariseko Louvre eta Pompidou museoek bere garaian ulertu zuten bezala); eta bestaldetik, gure ingurugirotik oso urrun zegoen zine ez komertzialaren zabalkunde egonkor bat egitea.

Azalpen hau eginda, gomendio honetan kontatu nahi nizueke, Bilbaoarte Fundazioan ere, aurreko ezaugarri berdinak dituen zinemateka bat sortu zutela zuzendari berria etorri zenetik. Art House Cinema dauka izentzat eta ostegun guztietan, zazpietan, doan ikus daiteke film ezberdin bat.

Oraingoan, Hong Sang-soo zinemagile hego korearrari eskainitako zinema zikloa daukagu ikusgai. Zoria, sentikortasuna, gizon-maskulino garaikidearen krisia eta sorkuntza artistikoa, zinea eta pinturak batez ere, Hong Sang-sooren unibertso kontextuala osatzen dute. Ziklo honen lehen filma (La puerta de la vuelta) irailaren 5an ikusi zen, eta azkena (Noche y día) urriaren 3an proiektatuko dute.

Hala ere, gogora ezazue, Art House Cinema ez dela bukatzen eta ziklo berriak, laburmetraiak, animazioko zinea, etb. proiektatuko dituztela ostegunetan, beti edo gehienetan jatorrizko bertsioan eta azpitituluekin. Programazioaz jabetzeko Bilbaoarteko web orrialdean sartu zaitezkete. Animatu zaitezte!

 

Zaloa Ipiña artista multidisziplinarra da