Muntaia poliziala izan dela berresten du epaiak Grebalariak aske! plataformaren iritziz

prestaldizkaria 2013ko ira. 26a, 17:25

Desordena publikoak eta kalteak eragitea egotzita 15 hilabeteko kartzela zigorra ezarri die Bilboko zigor epaitegiak Deustualdeko Jon Telletxea eta Urtzi Martinezi, fiskalak eskatzen zituen 14 urteko kartzela zigorretik oso urruti. Grebalariak aske! plataformak berria tentuz hartu du, besteak beste, fiskaltzaren errekurtsoa espero baitu.

Jon Telletxea eta Urtzi Martinez autoritatearen aurkako atentatu eta lesio delituetatik libre geratu dira. Aitor Fernandez Piol, berriz, absolbitu egin du epaileak. Irantzu Yaldebere ere kargu horiengatik auzipetuta dago, baina beste auzibide batean, gertaera horiek izan ziren garaian adingabea zelako.

Grebalariak aske! plataformaren esanetan "muntaia poliziala izan dela berresten du" Bilboko zigor epaitegiak gaur auziperatuei ezagutzera eman dien epaiak. "Ertzainen lekukotzetan oinarrituta, kontraesanak nabariak ziren. Frogak manipulatuak izan ziren eta gazteak turko-buru bezala hartu zituzten. Guk horrela adierazi dugu hasieratik eta epaileak ere horrela ikusi du", diote plataformatik. "Mugimendu sozialen aurkako erasoa" izan da hiru gazteen aurkako auzibidea plataformaren esanetan: "Greba orokor egun bateko kontestuan zigor eredugarriaren bila zeuden".

Iazko martxoaren 29ko greba orokorrean izandako desordena publikoak eta kalteak egotzita Telletxeak eta Martinezek jaso duten zigorra zelan beteko duten argitzeke dago. Normalki bi urtetik beherako kartzela zigorrak ez dira espetxean betetzen, behin behineko askatasunean baizik, baina azken erabaki hori epailearen esku dago.

Auziperatuen abokatuek epaia zuhurtziaz hartu dute fiskaltzak errekurtsoa aurkeztea espero baitute.

EPAIAREN BALORAZIO AZKARRA - Grebalariak aske! plataforma

Dakizuen bezala, orain dela bi aste gure hiru kide epaitu zituzten. 14 urteko kartzela zigorra eskatzen zuten bakoitzarentzat, 2012ko martxoaren 29ko greba orokorrean gertatutako istilu batzuetan parte hartu izana leporatuta. Atera berria da epaia: absoluzioa Aitor Fernandezentzat eta 15 hilabete Jon Telletxearentzat eta Urtzi Martinezentzat desordena publikoengatik.

Grebalariak Aske! plataforma osatzen dugunok pozik gaude Aitor delitu guztietatik eta Urtzi eta Jon larrienetatik (atentatua eta lesioak) absolbitu dituztelako. Epaiak oinarririk gabe uzten du hasiera-hasieratik salatu dugun muntaia poliziala.

Hala ere, gure poza ez da erabatekoa. Izan ere, beti adierazi dugun moduan, epai justu bakarra hiru auzipetuen absoluzioa izango litzateke, eta kontuan izan behar dugu epaia ez dela finkoa eta helegitea jarri ahal zaiola. Gainera, ezin dugu ahaztu Irantzu Yaldebere epaitua izango da adingabeen epaitegian.

Epaiaren balorazio sakonagoa egiten dugun bitartean, guztien absoluzioa eskatzen jarraitzen dugu, eta berriz ere salatu nahi dugu turko-buru gisa erabil dituztela protesta eta borroka sozialak kriminalizatzeko. Beraz, gure borroka oraindik ez da bukatu.

 

BERRIA

ELKARRIZKETA JON TELLETXEA ETA URTZI MARTINEZI

GREBALARIAK ASKE! PLATAFORMA