Azken urtean taldeak izan duen bilakaera nabaria izango da disko berrian. Rock musika oinarritzat hartuta, melodia itsaskorrez jositako lanak aurki ikusiko du argia.
Azken urte honetan bizipen ugari izan ditu Vietato Pensarek: taldekide berriak, bideokliparen grabazioa, Euskal Herrititik kanpoko lehen kontzertuak, estiloaren bilakaera...
2011n grabatutako maketarekin alde handia izango du lan berriak, batetik, garai hartako taldekide bi bakarrik direlako taldean jarraitzen dutenak: Gaizka (gitarra) eta Irantzu (ahotsa). Bestetik, taldean gertatutako musika aldaerak estiloa erabat aldatu duelako. Punketik aldendu da Vietato Pensare soinu rockeroagoa bereganatzeko. “Platero y Tú-ren antzeko musika gustatzen zaien rock zaleei disko berria gustatuko zaielakoan gaude. Melodia itsaskorrak, gitarra solo gehiago eta Irantzuren ahotsa dira gure hurrengo lanaren gako nagusiak”.
Taldekide berrien ekarpenek eragin handia izan dute kanta berrietan. Kanta zahar batzuk atzean utzi dituzte eta urria eta azaroa bitartean grabatuko dituzten kanta berrietan hobekuntza musikala nabaria izango da. Gainera, Vietato Pensareko kide guztiek musika klaseak emateko konpromisoa betetzen dute eta hori da, hain zuzen ere, euren soinuak eman duen jauziaren beste arrazoi bat.
Aldaketa pixkanaka gauzatu bada ere, handia izan da eta jendeari erakusteko momentua heldu dela argi izan dute. Disko berrirako estudioetara itzuli dira, bertan maketa grabatu zuten eta oso pozik daude lortu zuten emaitzarekin eta Kikeren profesionaltasunarekin. “Kike Mora esperientzia handiko musikaria da eta biziki laguntzen gaitu. Gozamena da berarekin lan egitea”. Guztira zazpi kantek osatuko dute Vietato Pensareren disko berria, momentuz izengabea. Sei kanta berriei Deustuko Ikastola 50 urtez abestia gehitu behar zaio. Aurtengo udaberrian Moraren estudioan grabatu zuten, Akatz taldeko tronboi, tronpa eta tronpetaren kolaborazioarekin. Momentuz bateria eta baxua grabatu dituzte eta gitarren zati batzuk. Maketa elebiduna izan zen bitartean, oraingoan kanta guztiak euskaraz egin dituzte. Letrak ez dira hain politikoak izango eta gai gehiago ukituko dituzte: sentimenduak edo bizitzako gauzak, besteak beste.
Taupaka elkartearekin bat
Azken boladan taldean gertaturiko nobedade garrantzitsuenetariko bat Taupaka ekimenean parte hartzea izan da. Taupaka Euskal Herriko musikariek eta bestelako artistek (pailazoak, adibidez) sortutako diskoetxe alternatiboa da. Ohiko diskoetxetan gertatzen den ez bezala, Taupakak kultura librea hedatzea du helburu, elkartean diharduten talde guztien lanak edonoren esku egotea, alegia. Era berean, artistek lan-baldintza duinak izan ditzaten lan egiten du Taupakak. Proiektu honetan artistek erabakitzeko aukera dute, hots, batzar irekietan elkartean diharduten talde guztiek parte hartzeko aukera dute Taupakaren nondik norakoak zehazteko.
Vietato Pensareri ekainean eskaini zioten Taupakaren parte izatea. Momentu honetan Deustuko taldeak Taupakarekin duen hurbileneko proiektua Durangoko Azoka alternatiboa da. Taupakak bertan parte hartuko du aurten, bere musika taldeen lanak aurkeztuz. Beraz, nahiz eta diskoaren edizio eta banaketa modua erabakitzear dagoen, Vietato Pensarek bertan egon nahi du. Abenduaren hasierarako diskoa fisikoki kaleratzea ezinezkoa izango da, ziurrenik, baina formatu digitalean aurkeztea errazagoa izan daiteke. Aukera ezberdinak pentsatzen ari dira, adibidez, lan berria Interneten deskargatzeko helbidea duten papertxoak banatzea.
Testua: Jon Antolin