Kooperatibak, enpresa mundua eta ekonomia izan ditugu mintzagai Lorea Soldevilla santutxuarrarekin. Asko daki gai horiei buruz Euskadiko Kooperatiben Konfederazioko (KONFEKOOP) goi teknikaria baita. Egungo egoera ulertzen laguntzeko eskatu diogu Loreari. Eskuzabalki aholkuak eman dizkigu bizi dugun krisi garairako eta aurrera begira datorkiguna irudikatu digu.
Kooperatiben urtea izendatu du 2012a Nazio Batuen Erakundeak. Zertarako balio du izendapenak?
Oso gutxitan saltzen dugu kooperatibok gure burua enpresa modura, sarritan izen huts bat baino ez gara besteentzat. Oso gutxitan aipatu dugu, ‘aizue guk enpresa egiteko beste modu bat daukagu’. Jendea horretaz jabetzea nahi genuke.
Kooperatiben urtean 20 ekitalditik gora iragarri dituzue KONFEKOOPetik. Nabarmentzekorik?
Urte bete daramagu ekitaldiak prestatzen. Mus txapelketarako izen emateko epea, esaterako, zabalik dago eta otsailean hasiko dira bikoteak jokatzen. Final handia azaroaren 11ko kooperatibisten jaian ospatuko da. Egun osoko jaialdia antolatu dugu Durangoko Landakon. Instituzio mailako ekitaldia, berriz, azaroaren 29an izango da Euskalduna jauregian.
Ekonomia egiteko beste era bat behar dela defendatzen dute askok une honetan. Badu zerikusirik eskaera horrek kooperatibekin?
Kapitalean baino gehiago pertsonetan oinarritutako sistema ekonomiko bat behar dugun ideia zabaldu da 2008an krisia sortu zenetik. Harritu egiten gaitu horrek. Gu orain dela urte asko ari gara lanean ideia horretan.
Zein bereizgarri duzue kooperatibek?
Bazkideek urtero batzar orokor batean parte hartzen dute. Bertan nork bere ahotsa du eta erabakiak hartzeko aukera ere bai. Protestatu ordez, proposamenak egiten dira. Hori da, esaterako, kooperatiben betebeharretako bat.
Langileen inplikazioa lanarekin eta enpresarekin handiagoa al da?
Inplikazioa berezkoa dute eta ezin garrantzitsuagoa da bizi dugun garai korapilotsu honetan. Enpresa kapitalista batean ezarritako helburu batzuk ditu langileak eta horietara iritsi behar du. Kooperatibetan langileak berak ezartzen ditu helburuak eta badaki zer aldatu eta zer hobetu. Kooperatibek aukera ematen dute hausnarketa egin eta gauzak aldatzeko.
Langileak oro har inplikatzeko prest ikusten dituzu?
Egungo gizartean kosta egiten da funtzionarioen pentsamendua bazterrean uztea. ‘Besteek har ditzatela erabakiak’ esaldiarekin laburbiltzen den jarrera oso zabalduta dago. Kooperatibetan ere badaude horrelako pertsonak, ez pentsa libratzen garenik.
Zortzi pertsonatik batek harremana du kooperatibekin, baina oraindik kooperatibekiko ezjakintasuna handia da. Zelan gaindi daiteke hori?
Informazio falta asko dago. Kooperatibak aipatzean langileak bazkideak diren enpresa du buruan jendeak, baina ez da horrela kasu guztietan. Kooperatiba mota asko daude: irakaskuntza, kontsumo, nekazaritza, etxebizitza eta finantza arlokoak, eta nork bere antolaketa du.
Krisiari hobeto erantzuten diote kooperatibek. Zergatik?
Bai, bi arrazoi garrantzitsu daude. Bata, egoera txarren aurrean denen artean erabakitzen delako zer egin, pertsona bakarraren esku utzi ordez erabakia. Horrelakoetan, denek estutzea erabaki ohi dute; malgutzea. Kooperatiba batzuk jardunaldia luzatu dute soldata mantenduz, beste batzuk soldata jaitsi dute kanporaketak ekidinez. Bigarren arrazoi bat bazkideen inplikazioa da. Garai oparoetan irabaziak banatu egiten direlako eta garai txarretan denek estutu behar dutelako. Enpresa kapitalistetan une txarretan langilea lanez zamatzen da lanpostua mantendu nahi badu, baina inor ere ez da beretaz gogoratzen une onetan.
Kooperatibak krisi garaian enplegua sortzera iritsi ei dira. Egia al da?
Gu enpresa gara eta krisi garaian sufritzen ari gara. Baina egia da, Elkar-Lanen datuen arabera, kooperatibak sortzeko kontsultek gora egin dute. Lanpostua arriskuan duten pertsona askok jo dute gugana aholku eske. Bi, hiru eta lau kideko taldeak dira. Beren enpresak lana izan arren, nagusiak lantegia ixteko erabakia hartuta, beraien kabuz aurrera egin dezaketela uste dute. Badira enpresa desberdinetan lan egiten duten lagunak ere, kaleratzeak ugaritzean, elkarrekin enpresa muntatzea erabakitzen dutenak. Horrelako kasuak asko ugaritu dira eta, ondorioz, krisi garaian kooperatiba piloa sortu da. Urtean 50 kooperatiba sortzetik urtean 100 sortzera pasa gara. Asko pozten gaitu horrek.
Zein egoeran daude Bilboaldeko kooperatibak?
Zerbitzuetako kooperatibak eta irakaskuntzakoak dira gehienak. Batez ere ugariak dira laguntza zerbitzua ematen duten kooperatibak. Aisiarako kooperatibak, esaterako, nahiko txarto ari dira pasatzen eta ikastetxe kontzertatuak estuago dabiltza laguntzak murriztu dizkietenik.
Zelan ikusten duzu etorkizuna?
Bizpahiru urte zail ditugu aurretik erabaki korapilotsuak hartzeko.
Zer egin behar dute pertsona ekintzaileek une honetan?
Gauzak oso ondo aztertu. Jendeak ideiak baditu, baina benetan ez daki zelan antolatu. Forma juridikoa baino gehiago eduki behar da pentsatuta. Ideia ondo garatuta duzunean errazagoa da geroko antolaketa.
Informazio ekonomikoa jasotzen ari gara uneoro. Baina ulertzen dugu esaten digutena?
Jendea nahiko galduta ikusten dut. Oparotasunetik gatoz eta oparotasunean edonola gastatu dugu dirua. Orain, beldurtu egin gaituzte komunikabideek eta jasotzen ditugun mezuak oso urrutikoak direla uste dugu. Kosta egiten zaigu lehentasunak ezartzea. Txip aldaketa ez dugu egin.
Egunerokoan zelan ikusten gaituzu mahatsorriak?
Supermerkatuan sarri begiratzen diot ondoko orgari eta barruan duena aztertzen dut. Behar-beharreko gauza gutxi ikusten ditut. Lehentasunak aldatu egin behar dira krisialdian eta ez dugu arazorik izan behar urarekin bazkaltzeko. Etxean gauzak horrela badira, enpresa munduan zaila da aurrera egitea.
Emazkiguzu aholku batzuk?
Zerrenda bat egin eta lehentasunak ezarri. Erabaki behar da: hau ezinbestekoa da eta hori ez. Gastuei zenbakiak jarriz gero, harritu egingo gara.
SEI GALDERA LABUR
Zelan daude kooperatibak? Egoera zailean, denok bezala
Zer da ekonomia? Nire motorra
Zer da egin behar dena? Lehentasunak ezarri
Zer da egin behar ez dena? Edalontzia erdi hutsik ikusi
Dirua izanez gero? Bidaiatu
Diruz larri ibiliz gero? Gastuak murriztu
Testua: L.M. / Argazkiak: Iñigo Azkona
Elkarrizketako argazki gehiago ikusteko hemen