Ume eta gazteek ateri zela egin zuten korrika 34. Sei Izar Herri Krosean. Helduek euripean. Iaz baino ume eta gazte gutxiago hurbildu ziren arren, eguraldi umela ez zen traba izan helduentzat. Sekulako partaidetza izan zen eta antolatzaileen aurreikuspenak aise gainditu ziren. Errege Egunean 700dik gora kirolari elkartu ziren Santutxu-Txurdinagako asfalto bustian, gora eta behera, korrika egiteko.
Santutxuko Familia Elkartea pozik dago aurtengo Sei Izar Herri Krosarekin. Beharrezkoa den gutxiengo finantziazioa bermatuta, eguraldia eta partaidetza izaten dira antolatzaileen burukomin nagusiak. Bada, eguraldia erabat alde izan gabe –ateri egon zen ume eta gazteen frogan eta etenik gabeko zirimiria bota zuen helduen frogan– partaidetza sekulakoa izan da. Guztira, 100 umek eta gaztek eta 700 helduk eman zuten izena. Kopuru “zoragarria”, antolatzaileen esanetan. Zenbakietaz haratago, kirolarien jarrera goraipatzen du Familia Elkarteko Albertok era berezian: “Izen emate unean, korrikalari askok eskerrak eman zizkiguten krosa urterik urtera antolatzen jarraitzeagatik, jabetzen dira horrelako lasterketa bat antolatzeko dugun zailtasunaz”.
Izan ere, lan eskerga dago Sei Izar Herri Krosaren atzean, 100 bat auzotarren lan boluntarioa. “Goizeko bederatzietatik ibiltzen gara irteera prestatzen, kaleak trafikoari mozten, korrikalariak zenbatzen… Iker Gamindek, esaterako, bi ordu ematen ditu mikrofonotik hitz egiten informazioa ematen”. Udaltzaingoak eta Bilboko Udalak aurten krosean azaldu duten prestutasuna ere oso baikorki baloratu du Familia Elkarteak.
Jon Martin, 1go haur kategorian
Iaz bigarren geratu zen Jon. Aurten, berriz, atera du arantzatxoa, baina ez gogor ahalegindu gabe: “Hor egon gara, lehian, esprintatzen”. Forman mantentzeko parte hartzen du urtero krosean, gustura gainera “jendearen animoengatik”. Izan ere, irteera-helmugatik hurbil bizitzeak abantailak ditu, familia bertan izan baitzuen. Zirimiriak bustitako errepidea ez zen arazoa izan Jonentzat korrika egiterako orduan. Ezta futbolean egiten duenean ere. Hurrengo urtean “tituluaren defentsa” egingo du.
Claudia Peñas, 1go haur kategorian
Belauneko mina eta zapatila zaharrak ez ziren Claudiarentzat traba izan helmugan lehen neska izateko. Iaz bezala. “Zapatilak gastatuak ditut eta frenatu egin behar izan dut”, zioen lasterketa bukaeran. Ez zegoen erabat pozik eguraldi euritsuagatik espero baino haur eta gazte gutxiago elkartu zirelako. Eta, batik bat, neska gutxi. “Faltan ditut neskak. Bi lagunekin lotuta egon naiz gaur, baina ez dira etorri”. Kontuak kontu, Claudiak korrika jarraituko du: “Hurrengo urtean berriro”.
Josu Amutio, 1go senior kategorian
2005etik sei aldiz irabazi du Josu Amutiok Sei Izar Krosa. 2009an ezik, gainontzeko urteetan lehenengo izan da beti. Aurten, erraz garaitu du. Bigarrenari alde handia atera arren, probaren “gogortasuna” azpimarratzen du berak: “Euriagatik apur bat deserosoa izan da, gainera Txurdinagako parkeko bihurguneetan laban egin dut”. Ez du kexatzeko arrazoirik. 2011n Euskadiko Maratoi txapeldun izan da eta Espainiako Txapelketan lehen 20 korrikalarien artean geratu da. Otsailean, Espainiako Maratoi Erdian lehiatuko da.
Mari Karmen Gartzia, 1go senior eta beterano kategorian
Asfaltoan gustura ibiltzen da Mari Karmen eta zer esanik ez Santutxu-Txurdinagakoan, astean hiru bide entrenatzen baita basauriar hau gurean. Iaz bezala aurten ere lehenengo geratu da eta ez emakume beteranoen artean soilik, seniorren denbora ere ondu baitzuen. Zornotzako Nazioarteko Krosean parte hartu ostean, Bizkaiko Kros Txapelketa prestatzea da bere hurrengo helburua. “Nire kategorian, 45-50 urte bitartekoan, irabaztea espero dut. Gero Euskadikoa dator, hori zailagoa da. Ahal dudan ondoen egingo dut”.
Katsumi, azken korrikalaria
Ez zuen irribarrerik galdu Katsumi japoniarrak helmugan azkena izateagatik. Nekatuta iritsi zen, oso. Ibilbidearen “gogortasunaz” eta “zailtasunaz” ohartzean “presarik gabe” korrika egitea erabaki zuen. Jendearen animo oihuak lagundu zioten, batik bat, azken aldapa igotzen. “Venga, venga”, esaten zioten errepide bazterrean pilatutako auzotarrek. Bere senar santutxuarrak ere lagundu zion azken metroetan. Mendian ibiltzera ohituago dago Katsumi errepidean korrika egitera baino. Ez du alferrik Fuji mendia bi aldiz igo.
Testua: L.M. / Argazkiak: Iñigo Azkona
Sei Izar Kroseko argazki guztiak hemen