Begoñako ikurren galera

bertonaldizkaria 2012ko ots. 9a, 19:11

Ez dira, ez, Begoñako errepublika zaharreko erreferentzia asko geratzen. Gaur egun arte iraun duen horietako bat da kanposantua. Baina hori ere desagertze bidean dago hilobiak husten ari baitira. Jabe batzuk konforme ez, eta ahaleginak egingo dituztela iragarri dute bertan geratzeko. Ikusgai dago 6.000 metro kuadro zertarako erabiliko dituen udalak etorkizunean.

Bere ama eta amama Begoñako hilerrian lurperatuta daude, horregatik izan da betitik Jose Maria Etxebarriaren ilusioa bertan lurperatua izatea. Baina ez da posible izango, 2016an hilerria behin betiko itxiko baita. 2006an azken gorpua ehortzi eta hamar urtera, hileta-legeak ahalbidetzen duen bezala.

2006an jakin zuen Jose Mariak Bilboko Udalak hilerria ixteko zuen intentzioaren berri. Kanposantuko langile baten bitartez enteratu zen. “Ez duzue hemen luzaro iraungo, bota egingo zaituztete”, esan zion beharginak. Handik lau urtera, 2010eko abuztuan Bilbao Zerbitzuak erakundearen eskutitza jaso zuen etxean. Sutan jarri zuen eskutitz hark. “Hilobiaren kontzesio eskubireari uko eginez gero ordaina eskaintzen zidaten”, dio haserre. Etxebarriaren ustez, “eskubideei ezin zaie uko egin”. Bilbao Zerbitzuak erakundeak hainbat aukera eskaintzen zizkion eskutitzean, baina bere iritziz ez garbi azaldutakoak. “Oso anbiguoa da bertan esaten dena. Ez da posible horrelako zerbait idaztea. Eta zelan bidal daiteke horrelako eskutitz bat abuztuan jendea oporretan dagoenean?”

Egunero zabalik egotetik igandetan eta jaiegunetan zabalik egotera pasa zen Begoñako kanposantua. Botiloia egiten zuten gazte batzuk hilobietan kalteak sortzean hartu zen erabaki hori. Orduan, udalak “zenbait konponketa” egin zituen. Baina egun asko eta asko itxita eman arren, kanposantua ez da kalteetaz libratu. “Erabat utzita” dago, Etxebarriaren ustez, “hiltzen utzi dute”. Kapera eta osarioa, esaterako, oso hondatuta daude. Dena den, udalaren utzikeriak ez du zerikusirik hilobien jabe batzuen jarrerarekin. Oraindik orain, panteoia “atzo egina bezala” duenik bada. Are gehiago, lurreko hilobietan gerrako ume asko daude lurperatuta, 500 bat. Bilboren bonbaketan, 1937an, hildako umeak dira. Bada, “hilobi horietan loreak ipintzen ditu norbaitek gaur egun ere”.

Orain baino lehen ere izan dute Begoñako hilerriko hobien jabeek epemuga hurbil. Desjabetzeko zorian egon ziren. “Julia Madrazoren kontua izan zen. Baina hilerrian familia garrantzitsu asko daude eta horien presioari esker bertan behera geratu zen plana”.

Ikur baten galera

Mahatsorri ugari kezkatuta dago kanposantuaren desagerpenarekin. Besteak beste, Koldo Urrutikoetxea. “Begoñako erreferentzia historiko guztiak ezabatuz joan dira azken mende eta erdian bizimodu aldaketarekin batera, eta hainbat jauntxori esker: euskara, baserriak, nekazaritza, eskolak, udaletxea, plaza eta abar luzea. Kanposantua eta eliza dira geratzen diren Begoñako erreferentzia bakarrenetakoak eta uste dut erreferentzia historiko hori mantendu behar litzatekeela”. Urrutikoetxearen arabera hilerriaren lekuan udalak martxan jarriko duen proiektuak zenbait baldintza bete behar ditu. Esaterako, “ez hormigoirik ez eraikinik altxatzea, eta eremu osoa errespetatzea dagoen antzera. Txukuntzea eta egokitzea bertara sartu eta paseatu ahal izateko”. Espazio horrek etorkizunean kanposantua izan den erreferentzia historikoa ez du galdu behar Urrutikoetxearen iritziz. Eta erabat bateragarri irizten dio kanposantua mantentzeari paseoleku erabilpena ematearekin.

Balio eskultorikoa

Balio historikoaz gain, balio eskultorikoa duen hilerria da Begoñakoa. Bernabe Garamendi Zaldibar (Bilbo, 1833-1898) eskulturgileak lan eskerga egin zuen Bizkaian batik bat. Bere lan garrantzitsuen artean dago Abandoko San Bizente elizako erretaula nagusiko irudietako bat, San Bizenterena hain zuzen. Horregatik 6.000 kobrezko erreal jaso zituen. Lau urte beranduago, 1868an, gurutze bat zizelkatu zuen Begoñako hilerrirako. Dokumentuen arabera 600 erreal kobratu zituen. Garamendik hilerrietarako estatua asko landu zituen eta bere modeloak luzaroan errepikatu zituzten bere tailerreko oinordekoek.

Ezagunagoa da agian Quintin de Torre Berastegi (Bilbo, 1977-Espinosa de los Monteros, 1966) bera izan baitzen novecentismo vasco bezala ezagutu zen eskulturgileen taldeko kiderik ezagunena. Bere estilo zabaleko obraren barruan dago Begoñako hilerrirako egin zuen estatua multzoa.

Etorkizunean zer?

Bateko eta besteko zurrumurruen arabera, hilerriaren lekuan supermerkatu bat, tabernak eta bolatokia eraikiko dituzte 2016tik aurrera. Baina horretarako udalak traba bat behintzat badu, aurreko jabeak ezarritako baldintza. Izatez, lursaila udalarena den arren, Casilda Iturrizar andrearen eskutik jaso zituen 6.000 metro kuadroak, herritarren gozamenerako izan behar zuten baldintzarekin. Ikusteko dago, udalak zein jokabide izango duen. Momentuz, Bilbao Zerbitzuak erakundeko gerente Oscar Garbisuk jakinarazi digunez, gune berde bezala kalifikatuta dago kanposantua eta udalak egun “ez du batere proiekturik bertan”. Bi arrazoi ematen ditu horretarako: “Egungo egoera ekonomikoa eta udalak martxan jarritako herstura plana”.

Bitartean, azken asteotan garbiketak burutzen jardun dute beharginek. Uralita eta fibrozementu plakak kendu dituzte hilerrian. Deigarria izan da langileek erabili duten uniformea. Goitik behera zuriz jantzita eta aurpegia babestuz maskarak dituztela ibili dira, auzotarren harridurarako. Garbisuk aitortu ez duen arren, amiantoarekin kontaktua izan dutela aipatu digute beharginekin harremana izan duten auzotarrek. Baina “hezetasuna dela-eta, arriskurik ez dute izan amiantoarekin”.

Ziurrenik, aurrerantzean, ohikoak izango dira hilobien hustuketa eta garbiketa lanak. Lan horiek doan egiteko proposamena egin die udalak hilobien jabeei, izan kontzesioa iraungita izan indarrean. Jose Maria Etxebarria ez da bere ama eta amamaren gorpuzkinak berehalakoan mugituko dituen horietakoa. “Hilerriaren hondatzeagatik edota asperduragatik joango dira batzuk. Baina beste batzuk eta nik borrokan egingo dugu apur bat. 2016ra arte hemen jarraituko dut. Azkenetakoa izango naiz alde egiten”.

Testua: L.M.