Azkenaldiotan ETBn ez dabiltza, ez, etxafuego mordoa tiratzeko. Ez, behintzat, eskaintzen dituzten saio gehienen audientziei begira. Hori dela eta, ziurrenez zuzendaritzan El Conquistador del Fin del Mundo begi onez ikusten delakoan nago ni.
2005 urtetik hona saioaren zazpi edizio ikusteko aukera izan da jada, beraz orain dela hilabete bat inguru estreinatu zen zortzigarrenak ez du argibide gehiegirik behar. Asteak aurrera doazen neurrian ikusleen kopurua ere mugitzen doa, baina azpimarratzekoa da lehengo saioak lortutako errekorra: saioa estreinatu zen egunean ETB2k zorioneko 24,9% share-a lortu zuen EAEn. Lau ikusletik batek Julian Iantzi aukeratu zuen gaua pasatzeko! Baina egon momentu batean... Iantzi bera, proposatzen diren frogen ikusgarritasuna, ala muturreko pertsonaia zitalak erakusteko da El Conquistador? Telecinco ispilu bezala hartuta, konkistadoreen arduradunak ere freakietan oinarritzen dira ikuslegoaren arreta bereganatzeko: castingak erakusten dizkigute, Interneten zabaltzen dituzte haien balentriak, eta azken edizioetarako atera duten Iñaki Lopezek aurkeztutako debate horretan beraien arrunkeriei bozgorailua jartzen diete. Merkea bezain erraza, oraingoan mamuek zer egiten duten itxarotea!
Antza, Ternua edo mendiko parafernalia alde batera utzita, Gran Hermano eta El Conquistador-en partaide askoren artean alde askorik ez dut ikusten nik. Erabat eusko-eredugarria.
El Conquistador del Fin del Mundo ETB2n emititzen da igande gauetan.