Berri txarrak jasotzera ohituta gaude. Egunero jasotzen, ikusten edo entzuten ditugu era guztietako berri txarrak. Telebistan, irratian, egunkarietan eta, zoritxarrez, batez ere, gure bizitzetan.
Baina oraingoan Berri Txarrak musika taldeak berri onak dakarzkigu besapean. ‘Haria’. Berri Txarrakeko jostunen hariari tiraka urteak daramatzagunontzako berri ona. Ezin hobea. Eta Mahatserriraino heldu zaigu, gainera, bere oihartzuna. Lekunberriko tabernazulotik gure artera ekarria. Haritik tiraka segitzeko beste arrazoi bat. Tira eta tira eginda ere inoiz amaitzen ez den matazako haria. Tirakada bakoitzean sentsazio berri eta desberdina sorrarazten diguna. Eguneroko berri txarrei aurre egiteko antidoto perfektua.
Disko berriaren aurkezpen-biraren barruan, non eta Fever aretoan otsailaren 3an iluntzeko 21:00etan. Sukarra 39 gradutara igotzeko modukoa. Han elkartuko gara harizaleok, eta minutu batzuetan zehar hari eta honi, tira eta bultza, kanta eta dantza mataza bakarra osatuko dugu.