Bere aitak oparitutako makinarekin argazkizaletu zen Manu Ramos. “Orain dela urte piloa” izan zela dio berak. Begiratzean arreta deitzen dioten objektuak erretratatzea gustuko du, “beren kolore biziagatik deigarriak direnak”.
Baina jendartean eta ohiko lekuetan ere ibiltzen da atsegin handiz oharkabean pasatzen diren xehetasunen bila. Ez du argazkiei ukituak emateko ohiturarik, nahiz aitortzen duen Photoshopekin “gauza harrigarriak” egin daitezkeela.
Lehiaketak eta erakusketak ondo ezagutzen ditu Manu Ramosek, ugaritan parte hartu baitu. Baina, batik bat, lagunen etxera joan eta bere argazkiren bat ikusgai dutenean pozten da. Horrek asetzen du. Flickr bezalako plataforman eskegita ditu bere lan asko. Asko geratzen zaizkion arren egiteke, "milaka" eta "edonon". Bere zaletasuna beste argazkizale batzuekin konpartitzeko prest dago Manu: "Inork nahi badu, jar dadila nirekin kontaktuan eta argazkiak egitera irtengo gara".
Manu Ramosen argazki gehiago hemen