Café Bilbao Teatro Laburreko Sariak 2012

bertonaldizkaria 2012ko ots. 14a, 12:58

Fredi Paia bertsolari getxotarrak eskuratu du bederatzigarren Café Bar BilbaoTeatro Laburreko euskarazko Saria, Hartu ez nuen deia lanarekin. Bere aitak hil baino bi egun lehenago egin zion deia gai hartuta idatzi zuen Paiak testua. Gaztelaniazko lanen atalean, berriz, Pedro Zabalza erizain eta antzerki kritikaria izan da garaile Ochomil testuarekin, non goi mendietako alpinismoaren giza erronka izan duen hizpide.         

Ehun urtetik gora dituen Café Bar Bilbaok antolatu ohi du literatur lehiaketa TARTEAN Teatroa konpainiaren laguntzarekin. Bederatzigarren edizio honetako sariak gaur goizean banatu ditu ekimenaren sustatzaile den Mikel Martinez aktoreak. Euskarazko saria 1.400 eurokoa da, eta gaztelaniazkoa, berriz, 1.200 eurokoa. Saritutako lanak berehala jarriko dituzte irakurgai Café Bar Bilbaoren web atarian, eta era berean, Artez argitaletxeak emango ditu argitara, hainbat ekitalditako lan irabazleen bilduma plazaratu ohi baitu. Gainera, lanok BILBOKI antzerki-programazioaren barruan taularatu ahal izango dira, irakurketa dramatizatuetako batean. Café Bar Bilbao eta TARTEAN konpainia bilbotarra dira antzerki ziklo horren antolatzaileak.

Fredi Paia Ruiz (Getxo, 1981) bertsolaria, etnografoa, musikaria eta antzerkizalea da, eta azken zaletasun hori etxetik datorkio, ama aktore izan baitzen gaztetan. Antzerkiaren esparruan, Paiak Gilkitxaro taldearen Trokaolatarrak antzezlanean kobla batzuekin hartu zuen parte, eta Ander Lipus, Andoni Egaña eta Xabier Payarekin batera Bertso-tranpak taularatu zuen, antzerkia, musika eta bertsolaritza uztartzen dituen ikuskizuna. Era berean, Ander Lipusen gidaritzapean, Erregea eta bufoiabertso eta antzerki ikuskizunean hartu du parte.

Hartu ez nuen deia lanean, maite den pertsona baten heriotzaren aurrean agurtzeak duen garrantzia adierazten du egileak. Gertakari autobiografikoa du oinarri testuak, izan ere, Fredik berak aitaren deia jaso baitzuen hura hil baino bi egun lehenago, eta une hartan ezin izan zion erantzun. Fikziozko lanean protagonista guztiek dute euren etorkizunaren berri, eta aitak semeari deituko dio betirako agurtzeko, heriotza hurbil baitu.

Pedro Zabalza Lopez (Iruñea, 1970) Kazetaritzan lizentziatua eta Erizaintzan diplomatua da. Erizaina da Nafarroako Ospitale Gunean eta antzerki kritikak argitaratzen ditu Nafarroako Diario de Noticias egunkarian 1999tik. Iruñeko Gaiarre antzokian Lazos familiares eta Virtual lanak estreinatu ditu, eta Renfek antolatzen duen El Tren y el Viaje ipuin laburren lehiaketa irabazi zuen 2010ean Otromikroipuinarekin.

Egilearen arabera, Ochomil lana “gehienok geure buruari jarri dizkiogun arrazoizko mugak borondatearekin eta irudimenarekin gainditzen saiatzen direnei egindako omenaldi xumea da: zortzimilakora igo, itsas hondora jaitsi, inor inoiz izan ez den lekuetara iritsi. Helmuga miresgarriak dira, betiere sakrifizioak eta uko egiteak eskatzen dituztenak”. Halaber, lanarekin egileak “mugak gainditu” nahi ditu, “borondatearen eta irudimenaren laguntzarekin”. Izan ere, ikus-entzuleak horiek erabili behar baititu eszenatoki hutsean zortzimilako baten tontor izoztua edo Ozeano Bareko itsas hondoa irudikatzeko. Argazki oina: Pedro Zabalza, Mikel Martínez eta Fredi Paia

www.bilbao-cafebar.com