Eider Eibar: Hayao Miyazaki artista handiaren animazio lana

bertonaldizkaria 2012ko mar. 8a, 13:26

BERTON aldizkariko gomendio emaile berriak Hayao Miyazaki marrazkilariaren irudiak gomendatu dizkigu.

Printzesa dantzaria, ederra, gerlaria, jatuna, alaia, burujabea eta ausarta naiz.

Marrazki bizidunak edonon daude eta indartsuak dira, hori Disneyk ondo daki, eta momentu oro sartzen dizkigu bere erako ereduak, printzesak izan ala karreretako auto bat. Ez dugu horren aurka egingo, egon daitezela, goza ditzagun, baina jakin, badirela beste mundu batzuk ere. Aspaldi ezagutu nuen Hayao Miyazaki (Studio Ghibli) artista handiaren animazio lana eta momentuan maitemindu nintzen haren protagonista indartsuez, gehienetan emakumezkoak direnak eta bere marrazki bizidunen mezuez; naturarekiko errespetua, adiskidetasuna, ausardia, lana, heriotza, maitasuna, samina, beldurra, indarra…bizitza bere horretan. Pertsonaiek era batera hasten dute filma eta denbora igaroz doan heinean eraldatu egiten dira, hazi egiten dira eta ikasi egiten dute. Gaizkileak beldurra duela erakusten du eta printzesak amorruz min ematen dio maite duenari. Euskaraz ere aurki ditzakegu film hoietako batzuk; “Totoro”, “Ponyo”, “Mononoke printzesa” eta “Porco Rosso” adibidez.

Mei, Sophie, Mononoke, Chihiro, Ponyo, Sheeta edo Nausicaa ezagutu izan ez banitu auskalo nolako printzesa izango nintzen; lotia, negartia, zuri-zuria, beldurtia, pasientzia handikoa eta formala, hori seguru.