Urtxintxa Eskolak 25 urte, mezua eta bideoa

bertonaldizkaria 2012ko mar. 8a, 13:40

Aspaldi etorri ginen auzora, duela 17 urte eskas. Baina Urtxintxa Eskola sortu zutenek ondo gogoan izango dute Astarloako bulegoa; baita Mallonako eskailera horiek egunero igo eta jaitsi beharra ere. 25 urte joan dira geroztik ihesi. Belaunaldiz belaunaldi hasierako kimua zena loratu da. Eta bide horretan, nola ez, santutxuar ugari joan eta etorri dira.

1986ko ikasturtean sortu zuten Astialdi Eskola. Garaiko errealitatean, ez zen astialdiko hezitzaileak trebatzeko gune laiko eta euskaldunik, eta horri erantzuteko sortu zuten Urtxintxa Eskola. Bilbon kokatu bazen ere, Gipuzkoan eta Nafarroan ere ekimen bera abiatu zuten hainbat lagunek. Elkarren laguntzaz euskal kultura, euskara eta Euskal Herria aintzat hartuko zituen eragile soziala eratu zuten.

Kepa, Iker, Aitziber, Ohiana, Goizalde, Nagore, Liher, Maia… eta zerrenda honetan kabitzen ez diren beste hainbeste mahatsorri pasa dira hemendik. Haiek ere, handi egin dute Urtxintxa. Guretik gertu ere, astialdi hezitzailearen erakusle diren gazte belaunaldi indartsuak jaio dira auzoan. Eta gogor datoz ximelgorriak Karmelo Plazara… aisialdian eragin eta hezteko prest!

Santutxuk eta santutxuarrek eguneroko hauspoa eman diote eskolari. Zabalbiden gora eta behera egindako urratsak, herri baten nortasuna bizkarrean. Eta horregatik ere, eskertzekoa da 25 urte hauetan behin piztutako proiektu hau zabaltzen lagundu izana, gurekin batera jolastu, hausnartu, trebatu eta jendartea eraldatzeko lanetan irauli izana. Pozten gara, Mahatserriaren parte garelako… eta izango garelako, auskalo zenbat urtez! 25 urte eta gehiago, euskaraz lan egiten, aukera berdintasuna sustatzen, kulturartekotasuna bultzatzen, parte-hartzea oinarri hartzen… 25 urte ametsak puzten, zuri esker. Hartu arnasa gogoz eta… piztu, poztu, puztu!

Urtxintxa Eskolako kideak

 

Bideoa grabatu du Urtxintxa Eskolak BIZKAIKO URTXINTXA ESKOLAren iraganaz, orainaz eta geroaz hitz egiteko. 25 urte hauetan astialdi hezitzailean oinarrituriko proiektuan parte hartu duen jende ezberdina batu dute horretarako, bertan nork bere ikuspuntua ematen du elkarteaz eta astialdiaz.

http://www.urtxintxaeskola.org/edukia.php?id_kat=65&lang=eu&mota=albisteak&id_edukia=86

http://www.youtube.com/watch?feature=player_embedded&v=4Coqm0g1Tus