‘Begoña, goitik beherako herria’, erakusketa astelehenean inauguratuko da

bertonaldizkaria 2012ko mar. 9a, 13:48

Martxoan eta apirilean Begoñako errepublika zaharrak protagonismo berezia eskuratuko du. Argazki zaharren erakusketa, dokumentala eta bertso-saio originala prestatu ditu Bilboko Kultura Saileko Bilbao Izan programak. BERTON aldizkariko Hektor Ortega, Alberto Ugarte eta Koldo Urrutikoetxea aritu dira komisario lanetan.

Kultura Saileko teknikariak ohartuta zeuden Begoñak sortzen zuen interesarekin. Jendeak gustura ikusten zituen argazki zaharrak eta kontu kontari ibiltzen zen, besteak beste, Begoñako Errepublika izenaren jatorriaz. Aurretiaz, Errekalden, Deustun eta Basurtun egindako bideari jarraituz, Bilbao Izan programak Begoñaren edukiak zabaltzeko unea zela erabaki du. Iaz hasitako lanak, martxoaren 12tik apirilaren 22ra bitartean ikusiko du argia.

Metroa argazkien areto

BERTON aldizkariko Hektor Ortega, Alberto Ugarte eta Koldo Urrutikoetxea izan dira komisario lanetan aritu direnak. BERTONek 14 urtetan pilatutako artxibotik abiatu dira, eta beste artxibo eta erakunde batzuk utzitako materialarekin, eta baita norbanakoek emandakoekin ere, bilduma ederra osatu ahal izan dute. Kostata egin dute aukeraketa ehunka argazkiren artean. Horietatik 200 dira azkenik ikusgai jarriko direnak eta “Begoñaren garapena XIX. mende bukaeratik aurrera kontatuko dutenak”.

Martxoaren 12an Bilboko Metroak erabat aldatuko du bere itxura, orduan eskegiko baitira Basarrate, Santutxu eta Alde Zaharreko geltokietako pasilloetan panelak, tamaina handiko argazkiak dituztela. Behin-behineko hiru areto horietaz gain, Begoñako udaltegiak ere areto lanak egingo ditu beste argazki sorta bat paratuko delarik bertan.

Pantailetan argazkiak eta trailerra

Metroan ibiltzen ez diren herritarrak ez dira argazkiak ikusi gabe geratuko. Kastaños, Begoña, Otxarkoaga edota Txurdinagako udaltegira jotzen badute erakusketako argazkiak pantailan ikusteko aukera izango baitute, martxoaren 12tik hasita. Gainera, pertsona horiek gehigarria izango dute, argazki zaharrekin batera ‘Begoña, goitik beherako herria’ bideo-dokumentalaren trailerra edo laburpena proiektatuko baita udaltegietan.

Dokumentala

Ordu erdi luzeko bideo-dokumentalean Begoñako elizatearen historia laburbiltzen ahalegindu da Pausoka ekoiztetxea. Horretarako hamaikatxo mahatsorri eta aditu elkarrizketatu dituzte Pausokako kideek. Denen ahotan entzungo dugu orduko Begoña zelakoa zen eta zelan aldatu den; zer galdu den betirako eta zer mantendu den urte luzez. Bideo-dokumentala apirilaren 23, 24 eta 25ean pantailaratuko da Kastaños, Begoña eta Otxarkoagako udaltegietan 18:30etan, 19:15etan eta 20:00ean. Aurrerago Bilboko Udaleko webgunean eskegiko da.

Bertso-saioa metroan

Ekitaldi berezia izango da, inoiz ez baita bertso-saiorik egin metro geltoki barruan. Bada, martxoaren 15ekoa lehen aldia izango da. Alde Zaharreko geltokian, Mallonako igogailurako pasilloan, 19:30etan Arkaitz Estiballes eta Etxahun Lekuek ‘Begoñako argazki zaharrei begira’ bertsotan egingo dute.

 

Testua: L.M. / Argazkiak: Bilbao Izan-Bilboko Udala