Inma Berriozabal santutxuarra, gaixotasun larrienak dituzten 15 presoen artean

bertonaldizkaria 2012ko mar. 22a, 10:05

Diabetes mellitus II, B hepatitia, bronkioetako asma, psoriasia, belaun protesia, hipertentsioa, sinusitia eta insomnio kronikoa ditu, besteak beste; eta 61 urte ditu.

Jaiki Hadi mediku elkarteak oso gaixo dauden 15 preso askatzeko beharra nabarmendu du. “Orain arteko bilbidea ikusita” litekeena da preso horien egoerak txarrera egitea, “espetxealdia luzatzeak areagotu egingo baitu kasu horien berezko larrialdia”. Jaiki Hadi elkarteak gaixo dauden euskal presoen egoeraren jarraipena egin eta laguntza ematen dieten sendagileen elkarteak ohartarazi duenez, “gaixotasun larriak dituzten kasuak gehitu egin dira” azkenaldian.

Aipatu zerrendan Inma Berriozabal santutxuarra dago. Berriozabalek diabetes mellitus II, B hepatitia, bronkioetako asma, psoriasia, belaun protesia, hipertentsioa, sinusitia eta insomnio kronikoa ditu. Inmak 61 urte ditu.

Urteen eragina

Hain zuzen ere, urteek eragin zuzena dute presoen osasunean; bai presoen adinak, bai espetxean egindako urteek. Hala erakusten dute datuek behintzat: 60 urtetik gorako 22 euskal preso dituzte espetxean, eta horietatik bederatzi gaixo daude. Espetxeetako egoera gogorrak urteetan luzatzeak are kalte nabarmenagoa egiten dio osasunari: 93 euskal presok hogei urtetik gora daramate presondegian, eta horietako 27 gaixo daude. Gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen artean, kartzelan urte asko egindakoak dira gehienak.

Bihotzeko arazo larriak dituzten bi presok 25 urte daramate kartzelan, euskal presoei ezartzen zaien espetxe politika berezituaren ondorioz “tentsio une gogorrak” bizitzen. Patologia asko dituzten gaixoen kasuan, “beharrezko tratamendua lortu ezinean” ibiltzen direla azaldu dute. Arazo psikiko larriak dituztenen egoera, “zinez tamalgarria” dela: “Jarraipen eta tratamendu egokia ezartzeko trabak izaten dira, eta gaixoaren gertuko profesionalekiko laguntza ezinezkoa izaten da”. Egoera irauli, eta gaixo dauden presoak etxeratuko dituzten esperantza agertu dute sendagileek. Bitartean, “egungo trabak desagertzeko” eskatu dute.

Manifestazio deia

Herrira plataformak martxoaren 31n, Iruñean, manifestazioa deitu du gaixo dauden 15 euskal preso politikoen askatasuna aldarrikatzeko. Manifestazioa, arratsaldeko 17:30etan abiatuko da Golem zinemetatik.

 

Iturria: Branka