Hilaren 23an, Bilboko Kafe Antzokian jokatu zen finalean, Durangaldeko talde indartsua izan da irabazlea, Lea Artibaiko taldea menpean hartuta.
Durangaldeko taldea sariketa honen 20 edizioetan egon da eta hirutan izan da irabazlea eta beste hirutan geratu da bigarren. Talde hau beti izan da bertsolari handien harrobia, hala nola Igor Elortza, Unai Iturriaga, Miren Amuriza, eta oraingoan ere hori erakutsi du.
Saioan irabazleen nagusitasuna argia izan da eta gaztetxoan mailan 17 puntuko aldea aterata, eta 19-24 urte bitartekoen mailan beste 22. Saioa goi mailako izan dela esan dute epaimahaikoek.
Sariketa honetan beste sari bi ere egoten dira, bata, sariketan zehar Bizkaiera egokiena erabili duen bertsolariarentzat, eta bestea, Finalistarik Gazteenarentzat. Bada, sari hauek Lea Artibaiko Naroa Loiolak eta Durangaldeko Txaber Altubek irabazi dute.
Bilboaldeko taldeak, tartean Mahatserriko bertsolariak zeudela, ohi bezala parte hartu du sariketan, zorte handiegirik gabe, lehen norgehiagokan kanpoan geratu baitzen. Dena dela, sariketa honen helburua bertsolari gazteei taula gainean bertsotan egiteko aukera ematea da, lotsak eta urduritasunak uxatze aldera.