Zabalik da Aste Nagusiko Pop-Rock erakustaldian parte hartzeko epea

bertonaldizkaria 2012ko mar. 30a, 09:58

Parte hartu nahi duten taldeek  apirilaren 30era bitartean 4 kanta original biltzen dituen demo-maketa edo pendrive bat aurkeztu beharko dute.

Lehiaketan parte hartu nahi duten taldeek Bizkaian bizi edo taldekide bat gutxienez lurralde honetan erroldatuta izan behar dute. Pop eta rock estiloko taldeak onartuko dira, jazza izan ezik.

Maketak aurkezteko epea apirilaren 30ra arte egongo da irekita. Beranduago heltzen diren lanak ere onartuko dira, aipatutako epearen barruan jarritako zigilu-marka baldin badute. Taldeen hautaketan emakumeek osatutako taldea izateari eta euskaraz egindako lanak aurkezteari garrantzi berezia emango zaie.

Taldeek gutxienez 4 kanta original biltzen dituen demo-maketa edo pendrive bat aurkeztu beharko dute. Honekin batera taldearen biografia eta harremanetarako datuak igorri beharko dituzte (hizkuntza, estiloa, taldekideen izen-abizenak, posta helbidea eta helbide elektronikoa) honako helbidera:

Bilboko Udaleko Jaietako Saila

Aste Nagusiko Bertako Taldeen Pop-Rock Erakustaldia

Venezuela Plaza 2, 5

48001 Bilbo

Taldearen izena eta musika mota gutun azalean argi idatziko dira. Partehartzaileek une guztietan antolakuntzatik datozen eskakizunak bete beharko dituzte.

Bertoko taldeentzako eremua Aste Nagusian

1985. urtean hasi zen Aste Nagusiko Bertako Pop-Rockaren Erakustaldia, pop-rock musikaren munduan aurrera egin nahi duten Bizkaiko taldeei laguntza emateko helburuarekin. Denbora honetan 1600 maketa baino gehiago aurkeztu dira. Bilboko Udaleko Jaietako Sailaren ekimen honi esker 232 talde baino gehiago ezagutzera eman dira publikoki Aste Nagusiko kontzertuetan.

Erripa Kaia, Unamuno Plaza, Areatzako Pasealekua, Bailen Kalea eta Bilborock-La Merced aretoa erakustaldi honen eskenatoki desberdinak izan dira. Urteetan zehar jaietako erreferente musikala bihurtu da eta hiriko eta Bizkaiko osoko musikarien topagunea. WE ARE  THE STANDARD, ZODIACS, GORA JAPON, ZEA MAYS, IDI BIHOTZ, ATHOM RUMBA, AUDIENCE, SATIVA, JUKE BOX RACKET, HASH, HORN OF RHINO, EUREKA HOT 4, AINARA LEGARDON, SMILE,  THE RIFFTRUCKERS edo RISE TO FALL bezalako taldeak gaur egungo musika eszenan arrakastatsuak dira eta Aste Nagusiko Bertako Taldeen Pop Rockaren Erakustaldian eman zituzten euren lehenengo urratsak.

Aurten ere, LA CALDERA musika elkartearen eta STEREOZONA plataformaren laguntzarekin eramango da aurrera erakustaldi hau. Edizio honetan gainera, METAL FOR THE CREW elkartea gehitu zaie.