Otxarkoagako Auzo Etxeak 25 urte bete ditu, ospakizunak egunotoan

bertonaldizkaria 2012ko mai. 10a, 10:00

Otxarkoagako zinea auzo etxe bihurtu zen 1987ko maiatzean, Bilboko lehen auzo etxea izanik. Urteurrena ospatzeko Bilboko Udalak hainbat ekitaldi antolatu ditu. Gaur mahaingurua izango da. Bihar auzoko koralak eta Jon Arraibik kontzertua eskainiko dute eta auzo etxearen 25 urtetako ibilbidea laburtzen duen bideoa eskainiko da. Larunbatean, berriz, umeentzako puzgarri eta tailerrak izango dira.

Bilboko Otxarkoaga auzoak berriro ere badauka zer ospatu. Auzoak bete dituen 50 urteei orain Otxarkoagako Auzo Etxearen 25. urtemugaren ospakizunak daude eta horretarako hainbat ekintza egingo dituzte. 1987ko maiatzaren 5ean inauguratu zen eta hiriko lehenengo Auzo-Etxea izan zen. 3.000 metro kuadro baino gehiago ditu eta barruan gimnasioa, orotariko gelak, bi batzar areto, liburutegia, KZ Guneko bi informatika-gela, Bilbao-click bulego elektronikoa eta  jubilatuen elkartea.

Otxarkoagako Auzo Etxea betidanik izan da erreferentea auzoaren auzokide eta elkarteentzat. Izan ere, beti lotu ditu bai herritarren partaidetza eta elkartzea. Partaidetza honek arrakasta handia du Otxarkoagako auzoan 2008. urtean Bilboko Udalak auzokideen laguntzaz ezarritako “Imajinatu Otxarkoaga” planak erakusten duen bezala. Plan hau, Otxarkoagari lotu izan zaion irudiarekin bukatzeko egin zen eta dagoeneko planaren %75a bete da.

Estatu mailan esperientzia aitzindaria izan da. Honen bitartez herritarrek beren ingurua hobetzeko ideiak emateko aukera daukate eta auzokideen elkar-lanaren eta kolektiboen integrazioaren adibidea da.

Ekitaldi nagusiak

Otxarkoagako Auzo Etxearen 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi nagusiak maiatzaren 10ean eta 11n, ostegun eta ostiralean izango dira. Hala ere, aste osoan argazki eta kartelen erakusketa iraunkorra egongo da Auzo Etxearen historia azalduz.

Maiatzaren 10ean, 19:30etan, 25 urteetako historiaren mahaingurua izango da Auzo Etxean bertan (Pau Casals 19, Otxarkoaga). Mahainguru hau Kerman Oliva, Tendel Elkarteko kazetari eta lehendakariak gidatuko du eta honakoek hartuko dute parte: Mikel Tolal, Auzo Etxeko lehenengo lehendakaria, Fernando Martin, Partaidetza eta Barrutien Saileko Auzo Etxearen Zuzendaria eta Cristina Conde, Otxarkoagako Jubilatuen Elkarteko zuzendaria.

Maiatzaren 11n, 19:30etan Auzo Etxean bertan, zentroko Urteurren Ospakizunari hasiera emango zaio. Bertan, Otxarkoagako Talde Koralak eta “Certificado de Existencia” bere azken lana atera berri duen Jon Arraibi kantautoreak emanaldia eskainiko dute. Ekitaldi honetara Bilboko Udaleko alderdi politiko guztietako ordezkariak daude gonbidatuta, baina baita urtemuga jaialdian parte hartu gura duten auzotar guztiak ere.

Ospakizunean zentroaren 25 urteen bideo omenaldi bat aurkeztuko da, urte horietan bizi izandako aldaketen ibilbidearen berri emanez. Bideo horretan zentroan lan egiten dabiltzan pertsonek eta orain urte batzuk bertatik igarotakoek ere parte hartu dute. Ekitaldia oroigarri bat emanez eta lunch batekin amaituko da.

Ospakizun honen harira, larunbatean, maiatzaren 12an, 12:00ean, haurrentzako puzgarri eta tailerrak egongo dira Otxarkoagako Angela Arregi plazan.

Otxarkoagako Auzo Etxearen 25. urtemuga ospatzeko ekintza hauek Tendel Elkarteak antolatu ditu Bilboko Udaleko “Imajinatu Otxarkoaga” planarekin lankidetzan.