Oihana Bartra zuzenean sailkatu da Bizkaiko Bertsolari Txapelketarako

bertonaldizkaria 2012ko mai. 15a, 17:43

Hego Uribeko Bertsolari Txapelketa ospatu zen maiatzaren 8an Arrigorriagako Lonbo aretoan. Oihana Bartra mahatsorria izan zen irabazlea 438,5 punturekin eta ondorioz, zuzenean sailkatu da Bizkaiko txapelketarako.

Iker Uribarren (mahatsorria), Txaber Ormazabal, Mikel Galarza, Arkaitz Zipitria eta Oihana Bartra bertsolariek parte hartu zuten atzo Arrigorriagan burutu zen Hego Uribeko Bertsolari Txapelketan. Seigarren parte hartzaile bat ere egon zen, Olatz Ipiña, baina berak gonbidatu moduan abestu zuen eta beraz, ez zuen puntuazioan parte hartu. Irabazlea Oihana Bartra Bilboko gaztea izan zen eta Peio Ormazabal 2010eko Bizkaiko finalista izandakoa eta Arrigorriagako bertso-eskolako kidea denaren eskutik jaso zuen txapela.

Txapelketan bi atal egon ziren. Lehenengoan binaka, gaia emanda hiruna bertso abestu behar izan zituzten zortziko handian; ondoren beste hiru zortxiko txikian; jarraian bakarka hasierako puntua emanda bertso bi zortziko txikian eta bukatzeko, bakarka gaia emanda bina bertso doinu eta neurri librean. Lehenengo atalean puntu gehien lortu zuten bi lagunek, Oihana Bartrak eta Txaber Ormazabalek, bigarren atala burutu behar izan zuten. Horretan, binaka eta gaia emanda hiruna bertso abestu zituzten hamarreko txikian eta ondoren kartzelako lana egin zuten, gaia emanda hiruna bertso doinu eta neurri librean.

Bukaerako puntuak horrela geratu ziren: Oihana Bartra 438,5; Txaber Ormazabal 357,5; Arkaitz Zipitria 202,5; Mikel Galarza 199,5 eta Iker Uribarren 134. Beraz, Oihana Bartra izan zen irabazlea eta ondorioz, zuzenean sailkatu da Bizkaiko txapalketan baina gainontzekoek ere aukera izango dute puntuazioaren arabera.

Iturria: Branka

http://www.bizkaikotxapelketa.com/