Artxandako funikularra itxi egingo dute ekainaren 4tik uztailaren 4ra

bertonaldizkaria 2012ko mai. 15a, 18:15

Hilabetez ez du zerbitzurik emango Artxandako funikularrak metroko 3. lineako lanak direla eta. Funikularreko bide gainetik pasako da metroa etorkizunean eta lan horietarako gogortu egingo du Euskal Trenbide Sareak funikularreko egitura. Autobusak ordezkatuko du funikularra zerbitzu bera emanez maiztasun, ordutegi eta prezio aldetik. Bilboko Udalak Kastañoseko geltokia konpontzeko probestuko du geldialdia.

Artxandako funikularrak ekainaren 4tik aurrera eta hilabetez, ez du zerbitzurik eskainiko eta autobusak egongo dira bere ordez. Metroko 3. lineako obren ondorioz, tunelaren barneko egitura indartu beharra ikusi dute, eta hori da, hain zuzen, zerbitzua aldi baterako etenda egotearen arrazoia. Halaber, egoera hau aprobetxatuz Bilboko Udalak Kastañoseko geltokian hobekuntzak egingo ditu.

Pasa den martxoan, 3. linea eraikitzearen ardura duen Eusko Trenbide Sareak (ETS) eta Bilboko Udalak Matikon eraikiko den geltokiko obrak iraun bitartean funikularraren barneko egitura indartzea adostu zuten. Geraleku hori funikularraren tunelarekiko perpendikularki dago kokatua.

Horretarako, zertxa metaliko batzuk, lamina iragazgaizgarri bat eta sarea ipiniko dira. Izan ere, neurri hauen bidez geltokia eraiki bitartean zerbitzuaren segurtasuna momenturo bermatzea lortuko da.

Behin behineko errefortzu metaliko hauek instalatu behar izateak Artxandako funikularraren ohiko zerbitzua datorren ekainaren 4tik aurrera hilabetez etetea eragingo du, hain zuzen, ekainaren 4tik (astelehenetik) aurrera.

Autobus zerbitzuak

Bitarte horretan, ETSek ipinitako autobus-zerbitzu batek Kastaños eta Artxandaren arteko ibilbideak ordutegi bera jarraituz egingo ditu eta zerbitzuaren joan-etorri osagarri berdinak egingo ditu.

Horrela, astelehenetik larunbatera, lehenengo zerbitzua 07:15ean irtengo da, eta azkena 22:00etan; eta igande eta jaiegunetan, lehenengo zerbitzua 08:15ean izango da, eta azkena 22:00etan.

Autobusak 15 minutuko maiztasunaz ibiliko dira, eta zutik doazen bidaiariak, mugikortasun murriztua duten pertsonak eta maskotak eta bizikletak garraiatzeko egokituta daude, Artxandako funikularrean indarrean dagoen arautegiaren arabera.

Autobus-zerbitzuek Kastaños kaletik (Funikularraren geltokiaren parean) funikularrak Artxandan duen goiko geltokirainoko ibilbidea egingo dute, tarteko geldialdirik gabe eta honako ibilbide hauei jarraiki:

· JOANEKOA: Kastaños, Campo Volantin, Zumalakarregi Etorbidea, Zabalbide, Egirleta-Santo Domingo, Artxanda (Funikularra)

· ITZULIKOA: Artxanda (Funikularra), Egirleta-Santo Domingo, Zabalbide, Zumalakarregi etorbidea, Campo Volantin, Kastaños

Bidaia-txartelak Kastañoseko geltokian bertan horretarako ipiniko den behin behineko leihatila batean hartzeko aukera egongo da. Goiko geltokian, bidaia-txartelak ohiko leihatilan hartu beharko dira.

Geltokiaren zaharberritzea

Artxandako Funikularraren zerbitzuaren etenaldiaz baliatuta, Bilboko Udalak Kastañoseko geltokia hobetzeko hainbat lan egingo ditu. Horren ondorioz, besteak beste, geltokiaren barrualdea erabat berriztatuta geratuko da eta sarbide erosoagoa izango du erabiltzaileentzat. Gainera, Barik txartelaren sistemari egokitzeko betekizun guztiak bete egingo dira.

Artxandako funikularraren barruko geltokiaren zaharberritzeak 112.668 euroko kostua izango du guztira. Lan hauen ondorioz, ez da aldaketarik egongo instalakuntzen gaur egungo egituran, baina hurrengo elementuetan eragina izango du: arotzeria eta barruko itxiturak; sabaiak, zoladurak eta alikatatuak; eta instalakuntza elektrikoa. Azken hau berrantolatuko dute geltokiaren gaur egungo argiteria aldatu barik.

Artxandako funikularraren beheko geltokia luzera-espazioa da, erabat lurpean eraikita eta ganga-egitura daukana. Tunelaren zati zabalenetik eta kaletik gertuen dagoenetik hurrengo esparruak daude: sarbidea, leihatila eta funikularra heldu zain egoteko gunea. Bigarren zatian nasak daude, funikularrera sartzeko eta bertatik ateratzeko.

Zaharberritzeko lanek leihatila berria ekarriko dute, gaur egungoa baino handiagoa. Berari esker, erabiltzaileei arreta hobea eskaintzeko aukera egongo da eta geltokiaren nahiz Artxandako Funikularrak kudeatzen dituen igogailu publikoen bideo-kamera bidezko kontrol hobea egin daiteke.

Obrekin batera, ganga eta barruko hormak iragazgaiztuko dira zuntzezko material batez. Halaber, altzairu galbanizatu lakatuzko xafla uhindu batez estali, gaur egungo instalakuntza elektrikoa aldatu, eta leihatilen eremu berria eraikiko da. Azken honek altzairu galbanizatu lakatuzko eta uhin txikiko xaflez egindako itxiturak eta arotzeria edukiko ditu.

Azkenik, zoladura, barandak eta tornuak izango ditu sarreran. Hauek, erabat egokituta egongo dira kontaktu gabeko Barik txartela balioztatzeko sistema berria erabiltzeko. Gainera, nasetako zoladura mikrozementuz estaliko da (zementua, polimeroak, zuntzak, agregatuak eta kolorea emateko pigmentuak batzen dituen nahasketa).