Santutxu eta Uribarriko plazak euripean bete ziren joan den larunbatean

bertonaldizkaria 2012ko mai. 21a, 16:41

Bilbon Herrirak nazio mailan euskal preso politikoen eskubideen alde herri eta auzoetako plazak betetzeko egin zuen deialdiari erantzun jendetsua eman zitzaion Santutxun zein Uribarrin.

Maiatzarem 19an Herrirak nazio mailan herri eta auzoetako plazak betetzeko egin zuen deialdiaren barruan, Bilboko Santutxu auzoan Karmelo plazan goizeko 11:30etan kontzentrazioa burutu zena. Ostean, Santutxuko auzokidea den Inma Berriozabalen egoeraren berri eman zuten eta bere askatasuna eta gaixorik dauden preso guztien askatasuna eskatzeko sortu den plataforma aurkeztu zen.

Ekitaldian Inmaren egoera azaldu zuten Herrirako ordezkariek. Inma Berriozabal 18/98 sumarioaren barruan kondenatua izan zen eta, oso gaixorik egon arren, A Lamako espetxean dago oraindik (Galizian) eta 92. artikuluaren aplikazioa ukatu egin zaio. Artikulu honen bidez, espainiar legeriaren arabera, Inma etxean egon beharko litzateke. Hainbat gaixotasun kroniko jasaten ditu, beste batzuen artean diabetesa, hepatitisa, E.P.O.C., asma bronkiala, psoriasi artropatikoa eta hipertentsioa, eta ezkerreko belaunean  protesia dauka, eta espetxean egoteak (hezetasunak, balditza kaskarrak, tratamendu eskasa) gaixotasunek txarrera egitea dakar.