Santutxuko Angeles Custodios ikastetxeko neska-mutilen sorkuntza lana museora heldu da. Maiatzaren 8tik 22ra, Bilboko San Frantzisko kaleko Arte Berreginen Museoan jarri dituzte Munduko Artea egitasmoaren barruan egindako marrazki, bideo eta panelak.
Kulturaniztasuna eta euskararen normalizazioa lantzeko proiektua da Munduko Artea. Ikastetxeko ume guztiek hartu dute parte, bi urtetik 16ra. Kurtso bakoitzak artelan bat aukeratu eta horren inguruko lanketa egin du. Batez ere, aukeratutako artelanaren jatorrizko herrialdeari buruzko ariketak egin dituzte, irudiak, bideoak, baliabide digitalak eta abar erabilita. Horrela, alde batetik, beste kulturak sakonago ezagutzeko aukera izan dute ikasleek eta, bestetik, euskararen adierazkortasuna landu dute. Hori guztia artearen bidez. Bereziki interesgarria da jakitea, Angeles Custodios ikastetxean dauden ikasle etorkinen herrialdeak aztertu dituztela, hango artelanak aukeratuta. Horri esker, ikasleek elkarren kulturak ezagutu ahal izan dituzte.
Munduko Artea proiektuaren barruan egindako lanak, hortaz, Bilboko Berreginen Museora eraman dituzte. Ikastetxeko neska-mutil guztiek parte hartu dutela kontuan hartuta, lan ikusgarrienak aukeratu dituzte museorako, ia ehun. Tartean daude bideoak, panelak, marrazkiak, artelanen kopia irudimentsuak... Kulturen arteko bizikidetza ulertzeko modu ugari daudela erakutsi dute.