Solokoetxen musika nagusi gaur arratsaldean

bertonaldizkaria 2012ko eka. 21a, 10:25

Udal Musika Eskolako ikasle eta irakasleentzat egun berezia da gaurkoa, Musika Europarraren Eguna, udaren etorrera ospatzeko hainbat doako kontzertu eskainiko baitituzte. Bilbon egun hau 200 parte hartzaile baino gehiagorekin ospatuko da.

Ikasle eta irakasleak eta bi agertoki nagusi izango dituzte: Zumarraga Plaza (Solokoetxen), non 17.30etatik aurrera erromeria alai bat izango den; eta bestea, La Galerako auditorioa (Sorkunde, 8), 18:00etatik aurrera publikoarentzat zabalik izango den eszenatokia eta hainbat kontzertu izango dira bertan.

Arratsaldeko lehen orduetatik 20:30ak arte, aire libreko kontzertuak izango dira Zumarraga Plazan. Hiru ordutan estilo guztietako musikak entzungai izango dira; lehen orduan, euskal musika eta dantza tradizionalak izango dira eta 18:30etatik aurrera, konboak eta musika talde modernoak hartuiko dute txanda. Aldi berean, 18:00etan, La Galeran kontzertu emanaldiak hasiko dira, Eskolako sail guztietako ikaslek eta irakasleek, beren talentua erakutsiko dutelarik jendaurrean (biolina, gitarra, eskusoinua, pianoa, kantua…) okasiorako sortu diren haibat talderen eskutik.

Aldi berean, Bilboko Udal Txistularien Bandak, 19:30etatik aurrera Kontserbatorioko auditorioan bere emanaldia eskainiko du. Garikoitz Mendizabal taldeko Zuzendari eta lehen txistuaren aginduetara, Idoia Kareagak (bigarren txistua), Gorka Zabaletak (silbotea) eta Asier Garciak (perkusio-atabala), Jose Ignacio Ansorena, Timoteo Urrengoechea, Karmelo Ibarzabal eta Luis Urteaga konposatzaileen obrak interpretatuko dituzte emankizun honetan.