Udalak Trauko kalea oinezkoentzat jarriko du, "auzoko bihotza indartze aldera"

bertonaldizkaria 2012ko eka. 27a, 11:51

Jardueraren helburua ingurune berri horretan oinezkoen aisiarako eta denbora librerako gunea jarrita "bizi-kalitatea indartzea" da; halaber, neurri honekin "kaleko jarduera ekonomikoa eta komertziala suspertu" nahi da. Udalaren proiektu honi hainbat kritika egin dizkiote Uribarriko merkatariek eta Gure Etxea elkarteak.

Bilboko Udala aste honetan hasiko da Trauko kalea oinezkoentzat prestatzeko lanak egiten, Balentin Berriotxoa eta Arno Mendia kaleen arteko zatian.

Jarduera Auzokide Planaren barruko proiektuetariko batean sartzen da, barrutian erabaki eta lehentasuna eman zaien proiektu horien artean. Jardueraren helburua da ingurune hori indartzea bizilagunek aisiarako gunea izan dezaten eta kalearen izaera komertziala eta bizileku-izaera berpiztea. Kalea oinezkoentzat jarrita, ingurua indartu nahi da auzoko bihotza gisa.

Era horretan, Trauko kalean 2.400 metro karratuko gune berria prestatuko da oinezkoentzat, lasaitasun handiagoarekin oinez ibili ahal izateko eta estetikoki atseginagoa izango den guneaz gozatu ahal izateko.

Gainera, Udalaren asmoa da kaleko saneamendu eta uraren sareak guztiz berritzea eta bertako argiak aldatu eta indartzea, oinezkoen gunearen izaera berrira egokitzearren.

Halaber, kalean zuhaitzak landatuko dira estetika gozoagoa eta hurbilagokoa izate aldera, eta eserlekuak jarriko dira inguruneak egoteko eskainiko duen izaera berria indartzeko asmoarekin.

Baldosa ekologikoa

Trauko kalea oinezkoentzat bihurtzeko, karbono dioxidoa xurgatzen duen zoladura berezia jarriko du Udalak, Lutxana kalean egin zuen moduan. Ingurumen aldetik iraunkorra den sistema hau erabiltzen duen lehen hiria da Bilbo.

Bide osoan ezarriko den baldosa ekologikoaren metro karratu bakoitzarekin 5.000 metro kubiko aire garbituko dira baldosak izango duen balio-bizitzan zehar (12 eta 15 urte artean).

Zoladura berriaren diseinua eta erresistentzia Bilboko baldosaren berdina izan arren, berriak GeoSilex izeneko produktu bat du, CO2 xurgatzeko aukera ematen duena.

Guztira, milioi erdi euroko inbertsioa egingo da.

Kritikak

Gure Etxea elkarteak jakinarazi duenez, hasiera bateko proiektuan ez zegoen Trauko kalea, Balentin Berriotxoa eta Arno Mendia kaleen arteko zatian, oinezko egiteko proiektua aurreikusita eta erabaki hori auzotarrekin kontsultatu gabe eta arrazoi ulergarririk eman gabe hartu du udalak. "Auzoan zirkulaziorako erabiltzen den bide nagusia da hori eta obrak hasi baino lehenagoko egoerara bueltatu behar dela deritzogu", adierazi dute elkartetik.

Orreagako gudaren kalea oinezko egitea egokiagoa dela uste du Gure Etxea elkarteak, "bertatik pasatzen baitira goragoko kaleetatik Landarantz doazen ikasleak".

Bilboko Udalak proposatzen duen Trauko kaleko oinezko proiektuaren aldeko eta kontrako iritziak bildu ditu Gure Etxeak Barrutiko Kontseiluan defendatzeko.

INFO + Uribarri-Trauko blog