Jai borobilak aurtengo Santutxukoak

bertonaldizkaria 2012ko uzt. 27a, 12:00

Arrazoi askogatik izan dira aurtengo Santutxuko jaiak borobilak. Besteak beste, eguraldia alde izan delako, asteburuetako egitaraua indartu egin delako edota santutxuar asko uztailean Santutxun geratu direlako. Ondorioz, Basarrate plazan gauez ez ezik egunez ere giro paregabea izan da. Jai Batzordea oso pozik dago.

Ibai Gomez Athleticeko jokalaria ez zen pregoia botatzera garaiz iritsi Basarrate plazara uztailaren 14ko arratsaldean, azken unean ailegatuko zela zirudien arren. Baina Grenoblen aurredenboraldiko partidua jokatu eta Bilboranzko bideak luze jo zuen. Eskerrak ezustekoei aurre egiteko prest zegoen Jai Batzordea. Ibairen pregoia grabaturik eskaini zuten plaza lepo bete zuten auzotarren harridurarako. Ondorioz, Sangutxu, jaietako maskota, Athleticeko kamiseta soinean zeramala izan zen lehen eguneko protagonista absolutua.

Marcelo Bielsak jai eman zion egunean hurbildu zen Ibai Santutxura. Kalejiran bildu ziren trikitilariak, Sangutxu eta hamaikatxo auzotar Athleticeko jokalariari harrera egiteko. Ume zein nagusiekin hitz egin zuen Ibaik eta ume zein nagusiekin egin zituen argazkiak. Jai Batzordeari bere kamiseta bat oparitu zion eta honek zotz egitea erabaki zuen; neska gazte bati egokitu zaio bizkarrean 28 zenbakia daraman kamiseta zuri-gorria.

Arratsaldeak eta asteburuak indarturik

Lehenengoz antolatu da sukalki lehiaketa jaietako lehen egunean, goiz-eguerdian, eta jendea batzeko eta giroa berotzeko balio izan du. Bigarren eguneko paella erraldoiaren tamainak ere erakarpen indar handia izan zuen. Auzotar asko eta asko altxatu zituen ohetik; 200 platerkada banatu ziren. Zer esanik ez Iñaki Perurenak. Sekulako ikusmina sortu zuen eta, Jai Batzordeak iragarri duenez, posible bada hurrengo urtean ere etorriko da. Leitzar harri-jasotzailearen erakustaldia ikustera hurreratu zen gizon batek Iñaki berari gogorarazi zionez, Perurena Santutxu aldean egona zegoen aurretiaz, aspaldi, duela 30 urte, Boluetako Santa Ana jaietan, hain zuzen ere.

Hogei lapiko marmitako eta bakailao prestatu ziren bigarren asteburuan, eta berriro ere Basarrate beteta. Azken egunean beste horrenbeste; Euskal Herriko Binakako Harri-zulatzaileen Txapelketako finalak, umeentzako puzgarriak, fanfarrearen animazioak eta txosna zabalik izateak erantzun bikaina izan zuten.

Partaidetza gora

Aurten, asteburutako programazioarekin “asmatu” duelakoan dago Jai Batzordea. Ekitaldiak “indartzeak” jende gehiago erakarri du. Oro har, iaz baino “lagun gehiagok” parte hartu dute jaietan. Aste barruan ere igarri da gorakada, eta hori gauza berria da Santutxun: “Larunbatean jendea izan genuen, baina baita astelehenean ere”. Eta batik bat arratsaldetako giroa azpimarratzekoa da. Basarrate arratsaldero ‘okupatu’ duten koadrilen eta familien presentziak asko poztu du Jai Batzordea. Krisi ekonomikoak zerikusirik izan duen jakiterik ez dago, baina baliteke aurtengo uztailean inoiz baino auzotar gehiago geratu izana auzoan. Zehatza dena eguraldia da eta, aspaldiko partez, ez du euririk egin jaietan –iaz, esaterako, hiru egunez egin zuen– eta horrek ere lagundu du, zalantzarik gabe.

Bilboko Udalak auzoetako jaiei ematen dien laguntzari buruz ez du hitz egin nahi Jai Batzordeak. “Bapez” erantzunez bigarren maila batean utzi nahi du jaietan apenas laguntzen duen erakundea. Garrantzitsua deritzo, aldiz, hurrengo urtera begira auzotarrei jaietan parte hartzeko deia zabaltzea. Proposamen berriak eginez eta Jai Batzordearekin harremanean jaiak are gehiago borobiltzea da 2013rako erronka.

Gazte Asanblada ere pozik

Santutxuko Gazte Asanbladak jai giroa bultzatu nahian "ekimen ugari" antolatu ditu, asko oso "arrakastatsuak". Aipatzekoak dira lehen igandean egon zen ipuin erotikoen lehiaketa, asteleheneko ping-pong lehiaketa, osteguneko kulero eta galtzontzilo lasterketa eta azken larunbateko Santutxu Alive kontzertu emanaldia; baina "batez ere" asteartean ospatu zen Gazte Eguna. Goizeko hamaiketan hasi zuten eguna txosnagunean antolaturiko gosariarekin. Jarraian paella lehiaketan parte hartzeko ordua heldu zen eta behin epaimahaiak saridunak ezagutzera eman zituenean, norbere paella hartu eta bazkaria hasi zen. Bazkalostean igelaren jolasaren lehiaketa antolatu zuen Gazte Asanbaldak eta bukatu eta berehala tiragoma txapelketa hasi zen Bizkaiko Tiragoma Elkarteak antolatuta. Zazpietan auzoan zehar "poteo musikatu bat egin genuen eta egunari amaiera emateko auzoko musika taldeen kontzertuak izan ziren Basarraten"; aurtengo taldeak El Villano Oriental eta Free the Whell izan ziren.