Musika eta ikus-entzunezkoen ikastaroak Otxarkoagan

bertonaldizkaria 2012ko ira. 12a, 09:22

Bateria eta gitarra elektriko hastapen eta hobekuntza ikastaroak urria eta maiatza bitartean emango dira, eta txalaparta ikastaro intentsiboa, berriz, azaroan izango da. Prestakuntza programak Irratiko lokuzioari eta Bideo Sorkuntzari buruzko bi monografikoz osatutako oinarrizko ikus-entzunezko ikastaroa ere jasoko du.

Tular Elkarteak eta La Caldera Elkarteak, Bilboko Udalaren laguntzaz, antolatzen dituzten musika –txalaparta, gitarra elektrikoa eta bateria– eta ikus-entzunezko medioei buruzko ikastaroen edizio berria jasoko du Otxarkoagako Udaltegiak urritik aurrera. Izen ematea udaleko web gunearen (www.bilbao.net) bitartez egingo da irailaren 17tik urriaren 2ra.

Programaren barruan, ikus-entzunezko medioak ezagutzeko ikus-entzunezko ikastaroa sartzen da, Irratiari (urriaren 16an, 18an, 23an eta 30ean) eta Bideo Sorkuntzari buruzko bi ikastarok osatutakoa. Azken hori azaroko astelehen eta asteazken guztietan emango da. Bi ikastaroen ordutegia 20:00etatik 22:00ak bitartekoa izango da.

Gaikako blokeen arteko lehena Irratiari buruzkoa izango da. Programaren barruan sartuko dira, besteak beste, irrati hastapeneko lehen nozioak, irratiko erredakzioa, lokuzio teknikak, irratiko generoak, teknologia berriak eta internet bidez on line emisioa martxan jartzea eta aurrera eramatea.

Bideo sorkuntzari (bideo edizioa eta kameraren erabilpena) eskainitako monografikoa bideo-zaletuei, diseinatzaileei eta bideoen lan digitalean lehen pausoak (geruzen erabilera, irudiak eskuratzea, tresnak…) emateko interesa duten ikasleei dago zuzenduta, batez ere. Horrez gain, Bideo kameraren erabilpenari eskainitako partea, bideo kameren funtzionamenduan eta haiek eskaintzen dituzten aukera zabaletan zentratuko da. Sei gai landuko dira: kamera digitala, modeloak eta osagaiak, kalitatea zehaztea, kolorearen eta tonuaren kontrola eta formatuak eta irudi digitalen kontserbazioa, besteak beste

Ohikoa denez, plazak emateko orduan, lehentasuna izango dute bi monografikoak egiteko interesa duten pertsonek. Programa osatzen duten bi monografikoak egiteko prezioa 40 eurokoa izango da (32 euro, Tular elkarteko bazkideentzat). Irrati ikastaroa solte egin nahi izanez gero, prezioa 15 eurokoa izango da, eta bideo-sorkuntzakoak 30 euro balioko ditu (12 eta 24 euro, Tular elkarteko bazkideentzat).

Musika ikastaroak

Prestakuntza ikastaro horrez gain, Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak txalaparta ikastaroaren edizio berria ere antolatu du, hori ere Otxarkoagako Udaltegian. Ikastaroa astelehenetan eta asteazkenetan emango da, azaroaren 5etik 21era, arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara, eta pertsona bakoitzak 18 euro ordaindu beharko ditu (15 euro, Tular elkarteko bazkideek).

Horrez gain, urritik aurrera, gitarra elektriko eta bateria hastapen eta hobekuntza ikastaroak emango dira. Bateria ikastaroak astelehen guztietan izango dira, maiatzaren 6ra arte (19:00etatik 20:30etara hobekuntzakoak eta 20:30etatik 22:00etara hastapenekoak), eta gitarra elektrikokoak asteazken guztietan, martxoaren 20ra arte, bi ordutegitan: arratsaldeko 17:50etatik 19:50etara gitarra elektrikoaren hastapena eta 19:50etatik 21:50etara hobekuntzakoak. Ikastaro horiek 90 euro balioko dute (72 euro La Caldera elkarteko bazkideentzat).

Ikastaroetarako izena eman dutenen kopurua eskaintzen den plaza kopurua baino altuagoa baldin bada, zozketa burutuko da, urriaren 4an, Otxarkoagako udaltegian bertan. Plazak eskuratzeko orduan lehentasuna izango dute 3. barrutian –Otxarkoaga-Txurdinaga– erroldatuta daudenak eta Bilbon erroldatuta daudenak, beste herri batzuetakoen aurrean.