Dantza eta musika tradizionala berreskuratuko ditu Aiko taldeak han-hemenka

bertonaldizkaria 2012ko ira. 13a, 13:54

Musikariez eta dantza-maisuez osatutako Aiko Taldeak aurrerapauso garrantzitsua emango du aurten euskal musika ondarea zabaltzeko ahaleginean: DANTZALDI IBILTARIA programaren bidez, euskal doinu eta dantza tradizionalek Bilbo eta Donostia birkonkistatuko dituzte. 

Horretarako, Aikok luxuzko bi esparrutara eramango du soka-dantzak, arin-arinak, fandangoak edo jotak eta porrusaldak uztartzen dituen errepertorioa. Bilboko Campos Eliseos antzokian eta Donostiako Victoria Eugenia antzokian, dantza tradizionalari buruzko ikastaro bana eskainiko du urritik ekainera bitartean, hasi berrientzat nahiz estiloa hobetu nahian dabiltzanentzat. Bi hiriburuez gain, ikasturte honetan, Aikok Galdakao, Sopela, Zarautz, Gernika eta Durango bisitatuko ditu, eta hilean behin, ohiko erromeria antolatuko du Durangoko Plateruena Kafe Antzokian (herri honi dagokion tailerrarekin batera). Horrela, Aiko Taldeak, berriz ere BBK Fundazioarekin lankidetzan, eraberritu egin du musika eta dantza tradizionalarekiko zaletasuna gero eta jende gehiagorengana eta betiko era naturalean oinarrituta zabaltzeko proposamen dibertigarri hau.

Taldearen bosgarren urteurrenarekin bat eginez, Aikok ‘esparruak’ handitu eta Bilboko eta Donostiako musika-tradizio aberatsari oratu dio, bi hiri hauek dantza tradizionalaren eta erromeriaren erreferentzia eta topagune izan baitira mendez mende. Udal danbolinjoleak, musika bandak, La Casillako eta Konstituzio Plazako erromeriak, dantza taldeak... horiei guztiei esker, bertako dantzak kontserbatu eta Europatik iritsitako errepertorioak egokitu eta ezagutarazi ahal izan dira. ‘Landa-eremuko baserritarrei lotutako irudi erromantikoaren gainetik, hiriak ere dantza tradizionalaren berezko ingurune izan dira, eta halaxe jarraitzen dute gaur egun ere’, azaldu dute Aiko Taldetik.

Campos Eliseos Antzokia eta Victoria Eugenia Antzokia, primerako esparruak Dantzaldi Ibiltarirako

Horrela, urritik aurrera, Aikok gure tradizioez gozatzeko esparru berriak izango ditu Bilbon eta Donostian, euskal ondare herrikoiarekiko maitasuna partekatzen dutenei zuzedutako topagune berriak alegia: Campos Eliseos antzokia eta Victoria Eugenia Antzokia. Batak zein besteak Dantzaldi Ibiltariaren aro berri hau antolatzen eta sustatzen lagundu dute, dantza tradizionalaren ateak zale guztientzat irekiz, hastapenetatik trebatu nahi dutenentzat nahiz Dantzagunean astean behin dantza tradizionalean jarduteko esparru baten bila dabiltzanentzat, betiere giro atseginean, metodologia egoki baten laguntzaz eta Bilboko eta Donostiako erdigunean kokatutako luxuzko ekipamenduetan. Horrela, edizio berri honetan, bi antzerki hauek bat egin dute DANTZALDI IBILTARIAren kultur proiektu zirraragarri honekin eta 2009az geroztik tailer, mintegi eta erromerien bitartez herri desberdinetako mila lagun baino gehiagori dantza tradizionalak ikasteko eskaini dien era alternatibo erakargarri eta naturalarekin. Apurka-apurka, Aiko Taldeko musikariek eta dantza-irakasleek metodologia propioa landu dute, ikastea musikaz eta dantzaz gozatzeko moduko zeregin atsegina izan dadin. Ekimen honek jarduteko moduak eraberritu ditu, jatorrietara itzuliz eta antzinako ospakizunetan dantza egiteko erabiltzen zuten sotiltasun eta naturaltasunari eutsiz, guzti-guztien partaidetzaz eta norberaren trebetasunei erreparatu gabe.

Dantzaldi Ibiltariaren aurkezpen-jai handia, larunbatean, hilak 15, Bilboko Kale Nagusiko BBK Aretoan

Aurtengo prestakuntza eskaintza aurkeztu eta hiri eta herri berriek proiektuarekin bat egin dutela ospatzeko asmoz, AIKOk ERAKUSTALDI-TAILERRA egingo du Bilbon LARUNBATEAN, irailak 15, bereziki lehen dantza-pausoak ematera animatu ez direnei zuzenduta. Hitzordu honetan, bertatik bertara egiaztatu ahal izango da zein erraza den dantza egiten hastea Aikok Euskal Herrian zehar zabaldu duen ikasketa-metodo berritzaileari esker. Demo-tailerra 18:00etan hasiko da, eta 20:00etatik aurrera, ohiko 'Aiko amaiera' izango da. Zuzeneko musikaz prestatutako ERROMERIA honetan, ikasle hasi berriek nahiz beste edizio batzuetan jardundakoek musikaz eta dantzaz gozatzeko aukera izango dute, giro atseginean eta konplexurik gabe. Sarrera doakoa izango da.

Iraileko erakustaldi-tailerrak eta matrikula

Irailean, erakustaldi-tailer desberdinak egingo dira ikastaroak eskainiko diren herri eta hirietan, bertaratutako guztiek Dantzaldi Ibiltaria ezagutzeko aukera izan dezaten. Eta urriaren 1ean hasi eta 2913ko ekaina arte, astero dantza-eskolak emango dira, ordu eta erdiko iraupenaz. Ikastaro osoaren prezioa 150 eurokoa da, eta izena emateko epea zabalik dago jadanik. Matrikula www.aikotaldea.com <http://www.aikotaldea.com/> webgunean edota 634 423 539  telefonoan ere egin daiteke.

DANTZALDI IBILTARIA (egoitzak eta ordutegiak)

Bilbo, Erakustaldi-Tailerra: astelehena, irailak 24, 19:00etan

Ikastaroa urritik ekainera: astelehenean (hastapenak 18:30ean, hobekuntza 20:00etan)

Campos Eliseos Antzokia

Galdakao, Erakustaldi-Tailerra: astelehena, irailak 24, 19:00etan

Ikastaroa urritik ekainera: astelehenean (hastapenak 17:30ean, hobekuntza 19:00etan)

Urretako Herri Ikastetxea

Durango, Erakustaldi-Tailerra: asteartea, irailak 18, 19:00etan

Ikastaroa urritik ekainera: astearteetan (hastapenak 18:30ean, hobekuntza 20:00etan)

Plateruena Kafe Antzokia

Sopela, Erakustaldi-Tailerra: asteazkena, irailak 19, 19:00etan

Ikastaroa urritik ekainera: asteazkenetan (hastapenak 18:00etan, hobekuntza 19:30ean)

Iberre Ikastetxea

Zarautz, Erakustaldi-Tailerra: asteazkena, irailak 19, 19:00etan

Ikastaroa urritik ekainera: asteazkenetan (hastapenak 18:00etan, hobekuntza 19:30ean)

Aritzbatalde kiroldegia

Gernika, Erakustaldi-Tailerra: osteguna, irailak 20, 19:00etan

Ikastaroa urritik ekainera: ostegunetan (hastapenak 18:00etan, hobekuntza 19:30ean)

San Fidel Ikastola

Donostia, Ikastaroa urritik ekainera: ostegunetan (hastapenak 18:30ean, hobekuntza 20:00etan)

Victoria Eugenia Antzokia

Hastapenak

Honela, aurreko urteetan bezalaxe, lehenengo pausoak eman nahi dituzten zaletuek, Aikok asterik aste, urritik ekainera bitartean eskainiko dituen dantza tradizionaleko eskolak hartu ahal izango dituzte herri desberdinetan. Oinarrizko Dantza Ikastaroak Aikok proposatutako irakaskuntza-ereduaren arabera eratutako hastapen-ikastaroak dira. Dibertimendua xede duen ikasketa-prozesu xume baten bidez, dantza tradizionalaren errepertorio-aukerak irakatsiko dizkiete ikasleei. 90na minutuko iraupena duten saio hauetan, gorputz koordinazioa eta koordinazio erritmiko-musikala lantzeko ariketak egingo dira, euskal dantza nagusiez (soka-dantza, jota, porrua, baltsa, mazurka, txotisa, pasodoblea, polka, kontradantza, kontrapasa, etab.) osatutako errepertorioari aplikatuta.

Trebatuta daudenentzat

Oinarrizko ezagutzak dituztenentzat, Aikok berrikuntza garrantzitsua abiarazi du ikasturte honetan: ‘Dantzaguneak’ deritzen dantza egiteko esparruak sortu ditu. Dantzazaleei zuzendutako ekimen honen bitartez, asteroko topagunea eskainiko zaie dantza praktikatu eta dantzaz gozatzeko aukera izan dezaten. Dantza-saio hauetan, oinarrizko ezaguerak dituzten dantzazaleek elkarrekin bildu eta elkarrekin dantza dezakete dantza-maisuaren gidaritzapean, teknika hobetu eta pauso eta dantza berriak ikasteko aukerarekin. Saio hauek ere ikasturtea amaitu arte antolatuko dira, urritik ekainera bitartean.

Hilean behin, erromeria Durangoko Plateruenan

Aurreko urteetan bezalaxe, aipatutako jarduera guztien osagarri gisa, hilean behin, jende guztiarentzako erromeria irekia antolatuko da Durangoko Plateruena Kafe Antzokian, antzinako dantza herrikoien jai-giroa berreskuratuz. Herri erromeria hauek larunbatez egingo dira, 19:00etatik aurrera, sarrera doakoa delarik.

Aiko Taldeak Dantzaldi Ibiltariaren bidez programatu dituen ekimenek berealdiko arrakasta lortu dute orain arte. Iaz, esaterako, 500 ikaslek baino gehiagok parte hartu zuten ikastaro desberdinetan. Gainera, Plateruenako hileroko erromeriak dantzazaleen arteko topagune bihurtu dira, eta aparteko jarduerek (disko-aurkezpenak, Durangoko Dantzazale Eguna, Zaratamo eta Zarauzko Herriz herri dantzan eta Zarauzko dantza-barnetegia tarteko direla) sekulako arrakasta lortu dute programazioari eta partehartzeari dagokienez. Horren haritik, Aiko Taldeko musikari eta irakasleek orain arteko eskaintza berregituratu dute hasteko zorian dagoen ikasturteari begira, eszenatoki berriak 'konkistatzeko' asmoz.

 

Aiko Taldea

AIKO, musika eta dantza maisuz osatzen den elkarte kulturala da eta bere helburu nagusia musika eta dantza tradizionala komunikatzea, kutsatzea, ezagutzera ematea,  garatzea, hedatzea,  jendarteratzea, irakastea, bultzatzea, ikertzea, herrikoitzea, sustatzea, ugaltzea eta sozializatzea da. Antolatzen dituen jardueren artean ditugu tailerrak, topaketak, erromeriak (Dantzaldi Ibiltaria) nahiz, musika tradizionalaren grabaketak eta argitalpenak.

Folkorea sustatu nahi duen edozin pertsonari zabalik dago Aiko eta taldea egun, ondorengo musikariz osatzen da: Aitor Furundarena (soinujole eta konposatzailea), Alvaro Garcia Martinez (gitarrajolea eta konposatzailea), Asier Garcia Artetxe (perkusiojolea), Sabin Bikandi (txistulari eta konposatzailea), Elur Arrieta (perkusiojolea) eta Ainara Artetxe (biolinjolea), Juan Ortiz (teklatuak) Jon Maia, Larraitz Artetxe, Patxi Laborda eta Vanesa Castaño dantzari eta dantza maisuak.

INFO + AIKO TALDEA