Bidaietan grabaturiko bideo labur bitxien lehiaketa abian astelehenetik aurrera

bertonaldizkaria 2012ko ira. 20a, 11:34

Lanak aurkezteko epea irailaren 24tik urriaren 7ra bitartean izango da; Bilboko Udaleko web gunearen bitartez bidali beharko dira: www.bilbao.net/dubi-dubi

Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, bidaiekin erlazionatutako bideo labur bitxiak sarituko dituen ‘Bidaiari Dubi Dubi’ lehiaketaren hirugarren edizioa deitu zuen joan zen martxoan. Ia hamar urtetik hona, urrian eta azaroan, Begoñako barrutira protagonisten bitartez, bidaia eta abentura handiekin erlazionatutako tailerrak, hitzaldiak, mundu osoko musika kontzertuak, proiekzioak eta erakusketak eramaten dituen ‘Bidaiarien Txokoa – Rincón de la gente viajera’ programaren barruan sartzen da.

Bideoaren artxiboak ez du 10 MB baino gehiago hartuko, eta mp4, 3gp, wma, avi edo mpg formatuan egon beharko da. Bideoak internet bitartez aurkeztu beharko dira, izen emate formularioa betez, honako helbide honetan: www.bilbao.net/dubi-dubi. Lehiaketarako bideoak aurkezteko epea irailaren 24tik urriaren 7ra bitartean egongo da zabalik. Epaimahaiaren erabakia urriaren 19an jakinaraziko da, eta sariak banatzeko ekitaldia urriaren 23an burutuko da, Begoñako udaltegian, arratsaldeko 19:30etan. Ekitaldi horretan, saritutako lau bideoak ikusi ahal izango dira.

Lehiaketa bitxi hori, 18 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta. Bideoen gehieneko iraupena hiru minutukoa izango da, eta bertan, bidaia bateko zenbait lekuren eta bidaia hori egin duten pertsonaren edo pertsonen irudiak jaso beharko ditu, dantzan edo koreografiaren bati jarraituz. Horrez gain, norberak sortutako edo egile eskubiderik ez duen musika ere izan beharko dute bideoek. Horrez gain, partaideek irudi horiek non hartuta dauden adierazi beharko dute, eta azken eszenan bideoaren egileak aipatuko dira eta, beharrezkoa balitz, baita bideoak jasotzen duen melodiaren egilea ere.

Lehen sailkatuak, diplomaz gain, 800 euroko saria jasoko du; bigarrenak, 600 eurokoa; eta hirugarrenak, 350 eurokoa. Horrez gain, 4. barrutian, Begoñan, erroldatutako pertsonek bidalitako bideorik hoberenari akzesit bat emango zaio, 3 eguneko (2 gau) egonaldia, Landa Hotel batean sei pertsonarentzat (gehienez ere) eta diploma.

Epaimahaiaren buru Kultura eta Hezkuntza Saileko arduradunak izango dira. Horrez gain, gutxienez, bidaietan eta ikus-entzunezkoetan adituak diren bi pertsonak ere eratuko dute. Epaimahaiak honako puntu hauek baloratuko ditu, besteak beste: bideoen orijinaltasuna eta sorkuntza, erakusten diren lekuen aukeraketa, aukeratu den melodia eta bideoaren konposizio osoa.