Bilbo: euskara ikasteko laguntza gabe

bertonaldizkaria 2012ko urr. 5a, 11:46

Gurasoei ematen zien euskara ikasteko laguntzaren oinarriak aldatu ditu Bilboko Udalak matrikulazio kanpainaren erdian. AEK-k gogor salatu du gertatua.

Irailaren 1etik 20ra arteko epea zuten Bilboko gurasoek Udalak euskara ikasketara bideratutako laguntzaz baliatzeko. Irailaren 12an, ordea, laguntza jasotzeko sistema “aldatu” zuen Udalak bat-batean. Interneten, bere webgune ofizialean, ordura arte eskegitako informazioa “desagertzeraino”. Egun hartan, argitaratu ziren laguntza jasotzeko sistema berriaren oinarriak.

Ondorioa, Bilboko AEK-ko koordinatzaile Patxi Zuluagaren hitzetan, “txapuza bat da”. “Guraso askok eskutitza jasota zuten aurtengo laguntzaren onarpenarekin. Euskaltegiko matrikularen bi herenak Udalak ordainduko zizkiela jakinarazi zaie eskutitzean. Orain, berriz, ez da horrela izango”.

Korapilatu egin zaie gurasoei euskara ikasteko laguntza lortzeko bidea. Asko. Lehenik, euskaltegiko matrikula osorik ordaindu beharko dute ikasturte hasieran eta abendu edota urtarrilera arte itxaron beharko dute, Bilboko Udalaren laguntzen deialdia argitaratu arte. Orduan, Gurasoak izeneko eskakizun taldean, egin beharko dute beraien laguntza eskaera. “Eta, uztailean, agian, Udalak gurasoek bete beharreko baldintza guztiak ziurtatu eta gero -errolda, seme-alaben adina, gutxiengo asistentzia eta maila gainditzea- jasoko dute euskara ikasteko laguntza.

Une larrian, kalte handia

“Euskaltegiko matrikularen bi herenak Bilboko Udalak ordaintzen zituen eta gera-tzen zen herena gurasoek beraiek”. Zuluagaren esanetan, orain arteko sistema “oso argia zen”. Orain, “eskatzaile kopuruaren menpe dago gurasoek jasoko duten laguntza, partida itxia baita. Asko badira, 20na euro izan daitezke”. Gainera, matrikula osorik ordaindu beharko dute gurasoek urrian eta hurrengo urteko uztailean laguntza jasoko zain geratu beharko dute. “Diru asko da” Zuluagak dionez, “une ekonomiko larria bizi dugu eta gurasoek etxean, seme-alabekin, gastu asko dute jadanik.

Salaketa

“Momentu honetan Bilboko Udalak ez du laguntzarik ematen euskara ikasteko”, Zuluagaren esanetan. “Zorte pitin batekin, abenduan laguntza eskatu eta jakingo dute zer edo zer. Horregatik, oraindik orain, ez dago laguntzarik”.

Euskara ikasteko laguntzen murrizketa ez da kontu berria Udalean. Bilboko AEK-ko koordinatzaileak behin baino gehiagotan salatu du “prozesua” izan dela. “Langabetuei eta gazteei euskara ikasteko laguntza kentzen hasi zen Udala, IMIa kobratzen zutenei kendu zien gero, eta orain gurasoei kendu die. Udalak ez du horrelako jendea lagundu nahi? Lotsagarria da euskalduntzearen alde Bilboko Udalak agertzen duen politika eza”.

Eskaera Udalari

Bilboko euskalgintzak proposamena egin zion Euskara Sailari: “Orain arte bezala gurasoei bi herenak ordaintzen jarrai zezala ikasturte hasieran eta, gurasoek gutxiengo baldintzak bete ezean, Udalak bere mekanismo propioekin, diruaren itzulketa eska ziezaiela. Hau da, gutxi batzuengatik guztiak ez zitzala izorratu. Mundu guztiak ez baitu matrikula ordain-tzeko beste diru”.

Testua: L.M.