Harako Gabriel Aresti hartaz, 2012

bertonaldizkaria 2012ko urr. 8a, 12:47

Gabriel Aresti euskaltegiak “Harako Gabriel Aresti hartaz” izenburupean bilbotar olerkariari buruzko zikloa prestatu du gaurtik igandera bitartean. Hitzaldi didaktikoa, kantu saioa, txango kulturala, irratsaioa, zine txokoa eta erakusketa izango dira, besteak beste.

Gabriel Aresti bilbotar olerkari unibertsala 1975ean hil zen, sorkuntza lan eskerga egina zeukalarik eta, hain gazterik hil ez balitz, are lan handiagoa egiteko aukera izango zuelarik, hain segur. Guztiarekin ere, bere obra orduko euskaldunen bihotzean irmoki iltzatuta gelditu zen, eta belaunaldi gazteek laster kantu bihurtu zituzten haren olerkiak, alde batetik, ederki biltzen zituztelako euren kezka eta arazoak eta, bestetik, auspo ederra ematen zietelako beren nahi eta ametsei.

Handik hiru urtera, Bilboko euskaltegi sortu berri batek olerkariaren izena mailegutan hartu eta, hark bezala, euskararen ahotsak eta oihartzunak lau haizetara zabaltzeari ekin zion. Izan ere, Gabriel Aresti euskaltegiko sortzaileek argi-argi zeukaten, beren proiektua, Gabriel bera bezalaxe, bilbotarra, euskalduna eta aurrerazalea izan behar zela, horixe izanik olerkariari omen egiteko modurik onena. Geroztikako urteetan bide hori jorratzen eta ibiltzen jardun du Gabriel Aresti euskaltegiak, izena mailegatu zion idazlearen itzalari gorazarre egin nahian.

Eta orain, hemendik egun batzuetara —urriaren 14an, hain zuzen—, Gabriel Arestiren jaiotzaren 79. urteurrena izango dugula-eta, Gabriel Aresti euskaltegiak ekitaldiz beteriko ziklo oparo bat antolatu du, data horren aitzakian, berriz ere gogoan eta kontuan har ditzagun Gabriel Arestik esandakoak eta egindakoak.

Hauexek dituzue, bada, Gabriel Aresti euskaltegiak “Harako Gabriel Aresti hartaz” izenburupean prestatu duen zikloaren ekitaldiak, banan-banan eta egunez egun azaldurik:

• URRIAK 8, ASTELEHENA, 11,30EAN ETA 19,00ETAN

Hitzaldi didaktikoa: “Arestiri gorazarre”, Xabier Monasterio

Hitzaldi honek oinarrizko eta funtsezko informazioa ematen du olerkariaren bizitzaz, obraz eta garaiaz. Hortaz, ezin egokiagoa gertatzen da euskaltegietako eta Lehen Hezkuntza eta Batxilergoko ikasleentzat.

• URRIAK 9, ASTEARTEA, 11,30EAN ETA 19,00ETAN

Kantagintza: “Gabriel Arestiren kantuen gainean”, Anje Duhalde, Josu Zabala eta Rafa Rueda

Ekitaldi honetan gure musikak emandako hiru izen handik bat egin dute beste izen handi bati ondo merezitako omenaldia egiteko asmoz. Hamaika dira, izan ere, Gabriel Arestik noizbait sortu eta laster gure musikariek kantu bihurtu zituzten

olerkiak. Anje Duhaldek, Josu Zabalak eta Rafa Ruedak kantu horietako batzuk batu eta lagun artean kantatzeko moduan moldatu dituzte, egun horretan denok elkarrekin Gabriel Arestiren hitzak gogora eta kanta ditzagun. Gainera, kantuen

aurretik aurkezpen labur bat egingo dute, bakoitzaren testuingurua ondo uler dadin.

• URRIAK 10, ASTEAZKENA, 11,30EAN ETA 19,00ETAN

Zine Txokoa: “Diot. Gabriel Aresti”, Abra Produkzio Etxearen dokumentala

Beste ezer baino lehenago, Gabriel Aresti euskaltegiak bere esker ona agertu nahi dio Abra Produkzio Etxeari, dokumental honen proiekzioa egiteko baimena dohainik emateagatik. Patxo Telleriaren zuzendaritzapean ederki ekoitzitako dokumental honetan, bilbotar olerkariaren obraren aberastasunaz eta handitasunaz dihardute hainbat lagunek, idazlek eta adituk.

• URRIAK 11, OSTEGUNA, 17,00ETAN

Irratsaioa: “Arestiren garaia kantuz”, Bilbo Hiria Irratiko Pedro Elias Igartua

Urteak dira Pedro Elias Igartua musika adituak Soinugela izeneko irratsaio, arrakastatsua egiten duela Bilbo Hiria irratian. Oraingo honetan berak ere bat egin nahi izan du ziklo honekin eta, zenbait adiskideren laguntzaz, zuzeneko emanaldi

eskainiko du Bilboko Kafe Antzokitik “Arestiren garaia kantuz” izenburupean. Bertan, Arestiren garaian, hau da, 60ko eta 70eko urteetan, poesia sozialak bai Euskal Herriko eta bai atzerriko musikan eduki zuen eragina aztertuko du.

• URRIAK 13, LARUNBATA, 12,00ETAN

Txango kulturala: “Arestiren Bilbo”, Edorta Jimenez

Bilboko Kafe Antzokitik abiatuta, Gabriel Arestiren bizitzan mugarri izan ziren Bilboko zenbait toki eta kale bisitatuko ditugu Edorta Jimenez idazlearen eskutik. Ibilbide literario honetan Edorta Jimenezek Arestiren olerkaritza zedarritu eta

ezaugarrituko du, geldialdi bakoitzean olerki bat irakurtzeaz batera.

• URRIAREN 8TIK 14RA BITARTEAN

Erakusketa: “Bizitzaren erakusgarri”

Bilboko Kafe Antzokian ikusgai izango den eta 14 panelez osatuta dagoen erakusketa honek Gabriel Arestiren ibilbide personal eta literarioaren berri ematea du helburu. Erakusketaren gaineko lanketa didaktiko bat prestatu dugunez, guztiz gomendagarria da euskaltegietako eta institutuetako ikasleekin bisitatzeko.

INFO + GABRIEL ARESTI