Santutxuko okupazioaren historia (okerrak zuzenduz)

bertonaldizkaria 2012ko urr. 15a, 19:07

Iraileko BERTON aldizkariko 20. orrialdean akatsa argitaratu dugu. Irakurle batek jakinarazi digunez, Uztaldi gaztetxea ez da Santutxuko hirugarren gaztetxea izan, bosgarrena baizik. Hona hemen okupazio mugimenduak Santutxun egin duen lanaren kronologia.

Lehenengo gaztetxea Mina del Morron kokatuta zegoen eta bederatzi hilabete iraun zuen; 1995. urtean bertan hasi zen Santutxuko okupazio mugimendua.

2005. urtean Santutxu kalean okupatu zen BBKren bulego bat. Egun bakarra iraun zuen okupazioak. "33 gazte epaitu nahi izan zituzten" okupazio hargatik gure informazio iturriaren arabera.

Sorgintxulo gaztetxea 1998. urtean okupatu zen Karmelo elizaren lokal hutsetan. Sei urtez "auzoaren alde lan egiten aritu ostean", Ertzaintzak hustu egin zuen Sorgintxulo 2004. urtean. Istilu ugari izan zen orduan. Istiluetan hamaika lagun identifikatu eta atxilotu zituen Ertzaintzak. Azkenik, epaileak sei hilabeteko espetxera zigortu zituen auzoko lau gazte.

Ondoren hainbat lokal okupatzeko saiakerak izan ziren, baina ez zuten aurrera egin. 2008an Espainiako Poliziaren egoitza izan zena okupatu zen arte. Hiru urte eta erdiz auzoko gazteen topaleku izan eta gero, Lakomi Gaztetxeak 2011ko azaroan itxi zituen ateak lokalaren "jabearekin arazoak izan eta gero".

Uztaldi gaztetxea Santutxuko bosgarren gaztetxea izan da. Uztailaren 13an inauguratutako lokala irailaren 28an itxiarazi zuen Ertzaintzak epaileak sinatutako huste agindua betearaziz.

Okupazio Bulegoaren laugarren urteurrena ospatuko dute urriaren 20an

Aurreko astean Bilboko Okupazio Bulegoak lau urte bete zituen. Urteurrena ospatzeko asmoz eta ideia berrindartzeko proposamenarekin, urriaren 20an, arratsaldeko 19:00etan, Okupazio Bulegoaren proiektu berria aurkeztuko dute 7 Katu Gaztetxean.

Bilboko Okupazio Bulegoak lau urte daramatza lanean eta denbora horretan, hainbat pertsona eta kolektibo hurbildu dira bertara aholkularitza legala eta teknikoa jasotzera. Era berean, okupazioaren inguruko informazioa zabaldu dute “espekulazio basatiaren aurrean beti defendatu” duten tresna baita okupazioa; egunean 17 etxekaleratze baitaude Hego Euskal Herrian eta “prekarizazio prozesuak herri klaseen kontra gogor egiten baitu”.

Guzti horregatik, hilaren 20an, larunbata, Okupazio Bulegoaren proiektu berriaren aurkezpena eta horren inguruko eztabaida burutuko dute 7 Katu Gaztetxean 19:00etatik aurrera. Norbanakoak egitasmoan parte hartzera deitu dituzte, baita 22:00etatik aurrera egongo den Orkresta taldearen kontzertuaz gozatzera ere bai.

Iturria: Branka