Luis Solo (Luber Jack): “Santutxun jotzeko prest gaude”

bertonaldizkaria 2012ko aza. 7a, 20:01

Luis Solo eta Roberto Crespo santutxuarrek osatzen dute Luber Jack taldea Ricardo Cantera bateria, Carlos Markina baxujolea eta Andoni Muniozguren teklatuarekin batera. Aurreko zenbakian haien ‘Ponle corazón’ abestiaren bideoklipa izan genuen hizpide, oraingoan beraien lehenengo lana aurkeztera datoz: ‘Llegó la hora’.

Otsailaren 11n zuen lehenengo diskoa grabatzen hasi zineten Iñaki Uoho Antonekin Mungiako MUXIK-OK estudioan. Nolako esperientzia izan da?

Grabazioa ikasketa eta plazer handia izan da guretzat. Hasiera-hasieratik inplikatu zen Iñaki. Kike de Moraren KMT estudioetan grabatu genuen pre-diskoa entzun zuenetik. Hunkitu egin zela eta ekoizteko prest zegoela esan zigun. Lasaitu ederra hartu genuen.

Azkenean izenburuak dioen bezala iritsi da zuen opera prima aurkezteko ordua. Nolakoa da diskoa?

Hamaika rock abestik osatzen dute. R’N’R estiloa zein hegoaldeko rocka lantzen dituen letra eta konponketa landuak dira diskokoak. Lan hau burutzeko ezinbestekoak izan dira bidelagunak: Kike Mora, Ricardo Cantera, Aiert Erkoreka, Javi Alzola, Batiz, Gari Badiola, Laura Mourelos…

Warner Music/Warner Chappell diskoetxeak argitaratu du lana.

Bai. Prozesu osoa izugarria izan da. Hasieran EMIk deitu zigun, gerora etorri zen Warnerekin lan egiteko aukera Iñaki Uohoren bidez.

Duela hilabete batzuk Santutxun grabatu zenuten Ponle Corazón abestiaren bideoklipa aurkeztu zenuten. Nola bizi izan zenuten errodajea?

Hasieratik argi eta garbi geneukan Santutxun egin behar genuela bideoklipa eta taldearen plano sekuentzia luzeak beharrean istorio bat kontatu beharra geneukala. Periferiako auzoek gauzak erdikoek bezain ondo edo hobeto egiten dituztela erakutsi nahi genuen. Txabi Elkoro, Carlos Padilla eta Fernando Barado lagunak alboan izanda errazagoa da dena. Jendearen erantzuna izugarria izan da. Auzoa ikusteak hunkitu egiten du bat. 7.000 bisitatik gora izan ditu bideoak.

Luber Jack taldearen lehenengo lana izan arren, aurretik Los Golfos, Golfos de Bizkaia, Beer Mosh, El Gato Negro eta Ke No Falte taldeetan aritu zarete. Zerk bereizten du Luber Jack?

Lehenik eta behin aurrekoizpen eta konposaketa lanak gu biok bakarrik egin ditugula. Aurreko lanetan lau pertsonatik gora aritzen ginen horretan. R&R eta hegoaldeko rocka nahastu ditugu lan honetan. Aurreko taldeekin beste hainbat estilo nahasten genituen. Gato Negro taldean oraingoaren pintzelada batzuk ikus zitezkeen.

Bilboko eta Donostiako FNACen jo duzue oraintsu. Non gehiago ikusiko zaituztegu aurrerantzean?

Orain diskoaren aurkezpenarekin buru-belarri gabiltza. Bilbo, Madril eta Bartzelonan izango gara eta urritik aurrera kontzertuak emateari ekingo diogu. Aurten gure bideoklipa aurkeztu dute Santutxuko txosnagunean eta oso hunkigarria izan zen. Gu, Santutxun jotzeko prest gaude!

Testua:  Ander Barinaga-Rementeria

INFO + www.myspace.com/luberjack