KORRIKA18: Hizkuntzen arteko elkarbizitzaren alde egingo du 2013ko Korrikak

bertonaldizkaria 2012ko aza. 9a, 13:25

Uribitarten, Unesco Etxean, aurkeztu dute gaur Korrika. 2013ko martxoaren 14tik 24ra bitartean egingo da, Andoainetik Baionara. Dagoeneko 18. aldia izango du euskararen aldeko ekimen horrek.

Aurtengo leloa, Eman Euskara Elkarri izango da. Horrela, euskararen berreskuratze bidean, gizarte osoak erantzunkizuna daukala azpimarratu nahi izan dute antolatzaileek. Edurne Brouardek, honakoa esan du: “euskara denona dela eta denok dugula zeresana azpimarratu nahi dugu”. Hizkuntzen elkarbizitzaren alde egingo dute, “bazterketarako asmorik ez dugu, geure herrian geure hizkuntzan jardutea baino ez dugu nahi”. Bide horretatik, Unesco Etxeko arduradun Ruper Ormazak nabarmendu duenez, “hizkuntzen elkarbizitzaren alde egin behar dugu, baina hizkuntza txikiak bereziki zainduz”. Botere publikoei euskara ikasi eta praktikatzeko erraztasunak emateko orduan, laguntza eskatu diete Korrikako arduradunek eta, herritarrei, inplikazioa, hizkuntza ikasi eta erabiltzeko.

2013ko Korrikan, euskara ikasten ari diren guztiei egingo diete omenaldia. “Euskaraz ikasten dabiltzanak, gau eskolara doazenak, alfabetatzen ari direnak, euskara erabiltzeko hautua egin eta mintzapraktika egitasmoan murgildu direnak, euskalakari bihurtzeko bidean dauden guztiak omenduko ditugu”, nabarmendu du Brouardek. Horregatik, 2013ko leloa, Eman Euskara Elkarri izango da. Irudi koloretsua ere prestatu dute 18. Korrikarako.

Testua: Dabi Piedra