Literatura kritika: Beti egon naizen herrira itzultzen

bertonaldizkaria 2012ko aza. 9a, 17:26

Made in Galiza / Sechu Sende (Txerra Rodriguez) / Txalaparta, 2012

 

Sechu Sendek (Padron, 1972) Colectivo Poético Serán Vencello izeneko poesia taldean hasi zuen bere ibilbide literarioa baina, urteak aurrera, narratibaren arloan jaso du aditu eta irakurleen errekonozimendua. 2003an Blanco Amor saria irabazi bazuen Orixe eleberriarekin, 2007an Galiziako argitaldariek ematen duten Anxel Casal urteko liburu onenaren saria lortu zuen bere azken obrarekin, orain Txalaparta argitaletxeak euskaraturik dakarkigun Made in Galiza ipuin bildumarekin, hain zuzen. Izan ere, euskarazko edizioaren kontrazalean ohartzen zaigunez, testu hau gizarte fenomeno bilakatu da Galizian: hainbat pasarterekin bideoak eta abestiak grabatu dituzte, komikiak egin dira edota irakaskuntzan erabiltzeko irakurketa-gidak argitaratu dituzte, besteak beste.

Esan bezala, Made in Galiza hamaika ipuin laburrek osatutako bilduma gisa aurkezten zaigu, baina saiakera liburua izan zitekeen, idazleak ipuinak eskaintzen dizkion baliabideak eta generoaren fikziozko izaera baliatzen baititu galegoaren errealitate soziolinguistikoaz hausnartzeko edo, berdina dena, bere hizkuntzaren egoeraz duen ikuspegi kritikoa adierazteko. Sechu Sendek gai eta, aldi berean, kezkatzat duen hizkuntza biluzik ageri da orrialdeotan; zentzu honetan, nabaria da testu osoan zehar galegoa eztabaida politikoetatik aldentzeko ahalegina, mezua (hizkuntzaren defentsa, alegia) zikindu eta desitxuratu dezakeen erreferentzia oro saihestuz.

Obra honek, bestalde, galegoz hitz egiten du, guk euskaraz irakurri arren. Ez da lan makala hizkuntza batekiko maitasuna, lilura edota gutxiespena beste hizkuntza batean adieraztea, baina Txerra Rodriguez itzultzailearen esku trebeari esker euskara, oztopo izatetik urrun, bide apropos bihurtu zaigu, une batez baino ez bada ere, galegoa eta haren hiztunek osatzen duten eguneroko unibertso konplexuaren esperientzia gazi-gozoan murgiltzeko eta, hortaz, komunitate txiki horren partaide sentitzeko. Are gehiago, euskarazko itzulpenak, lan originalak ez duen balio erantsiaz, zeharka eta modu inplizituan bada ere, erronka botatzen digu euskal irakurleoi, galegoa eta euskararen arteko kidetasunak bilatzera bultzatuz. Hizkuntza bakoitzaren berezitasunak albo batera utzita, hizkuntza gutxitu-diglosiko bateko hiztun izateak hasiera batean pentsa genezakeena baino askoz gehiago hurbiltzen gaituela onartzera eramango gaituzte ipuinok.

Merkatuan eros daitekeen produktu, ikasgai, belaunaldien arteko komunikaziorako oztopo, gazteentzako aurreiritzi, ironia-, amorru- eta errepresio-iturri, ikerketa serio eta ez hain seriotarako gai, gaixotasun zein botika, autohipnosia eta bestelako metodo surrealisten helburu, isiltasunerako edo harro eta pozik egoteko arrazoi, droga huts edota maitale zintzo… forma anitz hartzen dituzte hitzek eta galego hizkuntzak berrogeita hiru ipuin labur bezain arin hauetan. Ikuspegi aldaketa etengabean eusten du idazleak galegoak bizi duen egoeraren salaketa eta hizkuntza beraren defentsa. Senchu Senderen testu hau, azken batean, norberaren hizkuntzarekiko maitasun-sentimendu garaiezin batetik jaio delako.

 

Testua: Iraitz Urkulo

Argazkiak: Txalaparta