‘Bizkaiko entzutetsuen galeria: pertsonaia herrikoiak’ erakusketa bisitagai

bertonaldizkaria 2012ko abe. 14a, 11:06

Bilboko Euskal Museoak ‘Bizkaiko entzutetsuen galeria: pertsonaia herrikoiak’ erakusketa zabali du jada. Bertan, Hiribilduko eguneroko bizitzan presentzia publikoa izan zuten gizon eta emakumeei buruz olioz egindako erretratuen aukeraketa bat biltzen da.

Aipatutako galeria Bilboko Udalaren jabetzakoa da, eta, 1995etik, Museoan dago, gordailuan utzita. Jose Antonio eta Luis Lerchundi y Sirotich anaien proiektu pertsonal gisa sortu zen, 1950. urtearen inguruan.

Jatorriz, Bilduma 239 koadroz zegoen osatuta; lanotan, XIX. mendearen amaierako eta XX.aren hasierako jardueraren eta eguneroko bizitzaren hainbat arlo ikus daitezke, Bizkaitik eta, bereziki, Bilbotik kalez kale ibiltzen ziren pertsona hauen bitartez.

Erretratuen kopurua handia denez, Museoak zenbait multzotan erakustea erabaki du, eta hauxe da lehenengoa, kalekume eta pertsona herrikoiei eskainitakoa. Ez ziren pertsona izugarri ospetsuak ez bereziki garrantzitsuak, ezpada sinpatikoak, atseginak, azeriak… 2013. urtearen amaieran, bigarren erakusketa eskainiko dugu, kulturako munduko pertsonei eskainitakoa: margolariak, musikariak, idazleak, kirolariak...

Lehenengo erakusketa hau 45 lanez dago osatuta (multzoa 50 lanek osatzen zuten), eta, modu horretan, hainbat pertsonaren bizitzetan sartuko gara: La Sañuda, garaia eta sendoa, langileburua zena bakailao-ontziak deskargatzeko lanean; Jose Luis Pitarque, maisua lanik egin gabe bizitzearen artean; Felix Unamuno, idazlearen anaia eta bere farmaziara heltzen ziren errezetak zuzentzen zituena, uste zuelako medikuak ezgauza zirela; Jaime Selvy, jatorri ingeleseko ingeniaria, Astilleros del Nervion enpresak kontratatuta etorri eta bilbotar bat gehiago izatera heldu zena; edo Pachote, gizon handia eta oso ezaguna jendearen artean, Bilboko Koral Elkartearen bandera eramaten zuelako orfeoiko kideek Hiribilduan egiten zituzten desfileetan… Horiei denei esker, bilbotarren espiritua eta ezaugarriak osatuz joan diren bereizgarrietako batzuk ezagutu ahal izango ditugu.

Ahaleginak egin arren, ezin izan da pertsona horietako batzuen zirriborro biografikorik egin; beraz, Museoak zinez eskertuko luke beraiei buruzko edozein informazio osagarri, bai eta atal hau osatzeko falta diren bost lanak non dauden jakiten lagunduko digun edozein datu ere: Lorito, Jodra, Begoñako Santua, Ochandiano “Chimbo” eta Santiaguito dira falta diren bost pertsonak, hain justu.