Unai Bergara: “Egileari garrantzia ematen egiten da herria eta ez horrenbeste saltzen”

bertonaldizkaria 2013ko urt. 10a, 10:20

Musikaria eta diseinatzailea da Unai Bergara. Bere azken lanetako batzuk dira Itziarren Semeak taldearen Dale Candela diskoa eta Tximeletak etengabeko metamorfosia dokumentala. Diseinatzaileei denbora gehiago emateak lan originalagoak egiteko aukera eskainiko liekeela uste du. Bilboko tranbian eskegita ikusi ditugu bere lanak.

Elkarrizketa hau argitaratzen denerako Itziarren Semeak taldeko lagunak Kuban egongo zarete Dale Candela KubaTour biran zazpi kontzertu eskaintzen. Nondik nora sortu zaizue aukera?

Sari modukoa da guretzat. Guk ordaindu dugu dena. Kontaktu batzuen bidez antolatu dugu Kubako bira eta, egia esan, urte osoa jotzen eta diskoa prestatzen eman eta gero bazen garaia guretzat denbora hartzeko.

Noiztik zara Itziarren Semeak taldean bateria-jotzaile?

2008an hasi nintzen. Aurreko bateriak taldea utzi zuen denborak itota. Maketa bat grabatuta zuten ordurako. Segituan abestiak egiten hasi ginen eta urte erdian lehen diskoa grabatu genuen.

Bost urtetan bost disko atera ditu taldeak. Zergatik da hain talde emankorra?

Taldekideok denbora hartzen dugulako talderako. Gehienetan, astean hiru bider egoten gara elkarrekin jotzeko ez bada entseatzeko eta abestiak egiteko.

Abenduan kontzertua eman zuen Itziarren Semeak Bilboko Kafe Antzokian. Zergatik izan zen hain berezia?

Beti nahi izan dugu bertan jo. Lehen aldia zen guretzat. Bilbon leku esanguratsua da Antzokia, parrandan ere ibiliak gara bertan, aspalditik. Disko berriaren aurkezpen moduan zerbait berezia egin nahi genuen, gonbidatuekin, eta aukera paregabea izan zen. Norte Apacheko lagunak etorri ziren kontzertuko sarrera egitera, Iheskideko taldekide guztiak etorri ziren, bik bakarrik parte hartu zuten arren, Arrasatetik Arkaitz etorri zen abestera, Mungiatik Olaetako dantzariak ere bai...

Zuen musika alai eta iraultzailea publiko zabalarengana heldu al da?

Antzokiko kontzertuan nahiko jende egon zen. Publiko gaztearengana hurbiltzeko ahalegina egin genuen. Gazteengan eragin gehiago daukagu, normala denez, eta kontzertu hartan beste jende mota bat ere topatu genuen, inoiz ikusi ez duguna; helduak ere baziren.

Durangoko Azokan Dale Candela disko berria aurkeztu zenuten eta Ahotsenea eszenatokian kontzertua eskaini. Azoka berrituari zer deritzozu?

Lehen argitaletxeentzako azoka zen, beraientzat soilik. Orain, egia da, Ahotsenea eta Irudienea bezalako proiektuekin egileari garrantzia gehiago ematen zaio. Horrela egiten da herria eta ez horrenbeste saltzen eta saltzen. Harremanak egin behar ditugu. Ahotsenean iaz ere jo genuen. Jendeak hor zer edo zer badagoela ondo dakiela ohartu gara eta aurten iaz baino jende gehiago hurbildu da.

Zelan saldu da zuen diskoa Durangoko Azokan?

Nahiko ondo. Aurreko lanen zenbakietan zabaldu da diskoa. Gure CDak ez du prezio astronomikorik eta igartzen da eutsi egion diogula. Krisi garaian ez da gutxi. Zenbakietan jendea gezurretan ibili dela ondorioztatu dugu, ez dakit marketing kontua den. Ikusi da estandetan mugimendua bazegoela, baina ezinezkoa da lehengo disko eta liburu kopurua saltzea jendetzarik gabe. Eta ez dugu jendetzarik ikusi.

Interneten presentzia handia du Itziarren Semeak. Musika munduan bide alternatiboak irekitzeko balioko dizue?

Sare sozialak harremanak egiteko tresna dira, esaterako, zure jarraitzaileekin erraz hitz egin dezakezu. Musika zabaltzeko ere aukera ezin hobea ematen du Internetek. Bertan eskegi eta ez duzu zertan CDa behar musika entzuteko. Itunes eta bestelako plataformak urteak dira musika prezio duinean saltzen hasi zirela. Ez dakit justua den edo ez. Gu ahalegintzen gara egiten dugun guztia doan jartzen web gunean. Disko berria oraindik ez dugu jarri, baina sarean badago zenbait lekutan eskuragarri, eta ez dugu horren kontra inoiz egingo.

Tximeletak, etengabeko metamorfosia izeneko lanean parte hartu duzu berriki. Euskal gaztediaren 30 urteko borroka mugimenduaren dokumentalean, hain zuzen. Nondik dator proiektuaren ideia?

2009an sortu zen ideia, Jarrai gazte erakundeak 30 urte bete zituela eta atzerabegirako zer edo zer kaleratu nahi izan zen. Une hartako errepresioagatik ez zen posible izan. Ideia hura berreskuratu eta Tximeletak izan da auzolanaren emaitza.

Zelako lana izan da 30 urteko ibilbidea dokumental batean laburtzea?

Dokumentazio lana egiteko bazegoen artxibo potente bat, baina ez zituen borroka guztiak islatzen, ezta herriak ere. Azken finean, herriak dira dokumentalean protagonista. Bideo material gehiena Elorrioko bikote batek aspalditik grabatutako kristoren bideo sortatik atera dugu. Maitasunez grabatutako antzinako irudi politak topatu ditugu. Elkarrizketak ere egin ditugu, piloa, garai bateko eta besteko jendearekin, belaunaldien arteko aniztasuna eta ezberdintasuna adierazteko.

Zergatik lotu dituzue tximeleta eta euskal gaztediaren borroka bezalako bi kontzeptu?

Tximeleta bere sorreratik aldatuz doan bezala, gazte borroka ere urteekin aldatu egin da. Aldaketa sozialerako bidean etengabeko aldaketak egin beharra dago atzean ez geratzeko. Hori islatu nahi genuen.

Norentzat eginiko dokumentala da?

Hurrengo gazte belaunaldiak dira hartzaileak, baina aurreko belaunaldiei ere eskaini nahi genien altxor moduan, horrelakorik ez baita egin lehenago. Duela 30 urte jaiotako erakundea beste bat izan behar da, ezin da aurrekoa izan; atzekoarekin ikasi behar dugu, baina aurrera begira beti.

Pozik zaude emaitzarekin?

Bai. Lan gogorra izan den arren, gaupasa piloa egin ditugu. Durangoko Azokan ez genekien zenbat ale salduko ziren eta sorpresa izan da 900 ale saltzea. Jendeak altxor moduan ikusi du.

 Disko eta dokumental bana egin dituzu 2012an. Zer gehiago?

Bilboko tranbian nire diseinu bat ipini dut.