Krematorioaren lizentzia 2014an ez berritzeko eskaria aztertuko du udalbatzarrak bihar

bertonaldizkaria 2013ko urt. 30a, 16:40

Eusko Jaurlaritzak Zumalakarregiko krematorioaren baimen administratiboa ez berritzea, eta Bilboko Udalak labearen jarduera baimena bertan behera utz dezala eskatzeko mozioa aurkeztu du Bilduk astearte honetan.

Bilduren zinegotzia den Aitziber Ibaibarriagaren ustez, errausketa labeen afera berriz gaurkotasun publikoan dago Alonsotegin udal talde guztiek Arbuioren errausketa laberik ez ezartzeko adostutako akordioaren ostean.

Bere iritziz, akordioak bizilagunei adierazi die Udabaltza osatzen duten alderdi guztiak etxebizitzetatik 25 metrora dagoen errausketa labearen kontra daudela, horrez gain, potentzialki kutsakorrak diren jardueren kokapena arautzeko izapidearekin hasteko konpromisoa bermatzen du ere. “Alonsotegiko herrian badute zer ospatu eta proiektua geldiarazteko garaiz heldu dira bukaerarik gabeko borroka batean murgildu baino lehen, Zumalakarregiko kasuan gertatu ez bezala, ezin dugu ahaztu gaurko egunean oraindik auzi honek 25.000 pertsona kaltetzen dituela”, adierazi du.

Ibaibarriagak azpimarratu du, aipatutako lorpena auzokideen ekimenaren eraginez izan dela, hasiera batean akordioaren kontrakoa zen Alonsotegiko Udal gobernuaren iritzia aldatzea ere lortu dutelarik.

Bestetik, Karlos III Osasun Institutuko ikerlari talde batek egindako ikerketa zientifiko baten emaitzak aipatu ditu, Environment International aldizkarian argitaratutakoak, errauste labe batetik gertu bizi diren pertsonek minbizia izateko arrisku handiagoa dutela esaten duena. Ikerketa hau 1997 eta 2006 urte bitartean burutu da eta bertan mota ezberdineko erraustegiak ikertu dira.

Zinegotziaren aburuz, bi aurrekari hauek, zein Zumalakarregiko errausketa labeari Eusko Jaurlaritzak emandako baimen administratiboa hurrengo urtean iraungitzeak, Bilduk aurkeztutako mozioaren eztabaidari bide emango diotela, haren iritziz aukera ezin hobea izango da “talde politiko guztiek egindako zenbait adierazpen publikoen bitartez adierazi bezala, aukera paregabea da Eusko Jaurlaritzak lizentzia ez berritzearen aldeko jarrera, udalbatzako akordio baten baitan berrezteko”.

“Ezinbestekoa da Uribarri, Zurbaran, Begoña eta Iturrialdeko bizilagunek Udalaren bermea izatea, hemendik urte betera errausketa labearen jarduera bukatzeko”, adierazi du Ibaibarriagak.

Zinegotziaren iritziz, auzokideak lasaigo biziko dira, Udalbatza Eusko jaurlaritzari autorizazioa ez berritzea eskatzen badio eta Udalak berak, kontrol eta gestio mekanismoak hutsalak izateagatik, lizentzia ez berrezartzea adosten duten unean, “ instituzio ezberdinen aurrean babes gabe sentitzen diren auzokideak dira, errausketa labearen tximiniatik inolako jaurtitzen diren hondakinak kontrolatzearen ardura batetik bestera leporatzen dioten heinean”.

Ibaibarriagak urrezko aukera baten aurrean gaudela uste du. Alonsontegin bezala, “aurretik egindako akatsen gainetik, eta ezberdintasun politikoak alde batera utzita, bizilagunen osasunari dagokionean batera ekiteko”.