Patakon-Irazabal eraikinari emango zaion erabilera eztabaidagai

bertonaldizkaria 2013ko ots. 14a, 12:42

Bilboko Udalak auzoko taldeekin batera Patakon-Irazabal eraikinari emango zaion erabilera erabaki dezala eskatu du Bildu alderdiak eta Uribarriko gazteek "altxamendua" deitu dute biharko.

"Auzoa irabazteko baldintzak sortu" direla-eta, Uribarriko gazteek biharko, hilak 15, "altxamendura" dei egin dute. Saturren, 19:00etan jarri dute hitzordua.

Bestetik, Bildu Udal Taldeak, Patakon Gaztetxea, egun Irazabal eraikina, izan zenaren eraikinaren erabilera Matiko eta Uribarri auzoetako elkarteekin batera adostea eskatzen duen mozioa aurkeztu du. Bilduk eskatuta gaia 2. Barrutiaren kontseiluan jorratu da. Ibaibarriaga zinegotziaren aburuz, "udalak ezin du orain jabego pribatua aitzaki bezala erabili" eta eraikinean erabilera ezberdinak "bateragarriak" direla esan du.

Ibaibarriagak gogora ekarri du gazteek okupazioaren bitartez eraikinari bizitza emateko erabakia hartu izan ez balute, “eraikina, azken 50 urteetan egon den bezala, hutsik jarraituko luke Matiko auzoko erdigunean”. “Gazte hauen iniziatibak agerian utzi zuen alde batetik jabeen utzikeria, eta bestetik udalaren akzio falta”, adierazi du.

Zinegotziak gogoratu du gaia Udalbatzan jorratu den aurreko guztietan, udal talde guztien partetik, orduan hirigintza zinegotzia zena Rikardo Barkala barne, agerian geratu dela Bilboko auzoetan gabezi nabarmenak daudela ekipamenduei dagokionean. Hala ere, momentu horretan ezer ez egiteko aitzakia jabetza pribatua zen.

Jabetzaren arazo hau dagoeneko desagertu da jabeek Udalari eraikina eskaini baitiete 85 urteetarako, erabilpen sozial batera bideratzeko baldintzapean. Ibaibarriagak, eraikinari eman nahi zaion erabilera gazte ekintzailentzako enpresalde bat izango dela prentsa bidez jakin izana salatu du.

Erabaki honekin Udalaren jarrera agerian geratzen dela uste du. Alde batetik Udala izan baita 2012ko abenduan zituen lau enpresaldeetatik hiru ixteko erabakia hartu duena, egun irekita dagoen enpresalde bakarrean, ‘la Cantera’n hain zuzen, %25ea hutsik dago oraindik. Bigarrenik adierazi du, eraikinaren erabilera zehazteko moduak talka egiten duela Auzoko Bihotzak proiektuak defendatzen duen filosofiarekin, zeinean auzoetako eragile ezberdinekin lan egiten ari den auzoarentzat erreferentzialak edo estrategikoak izan daitezkeen ideia eta proposamak elkartrukatuz. Zalantzarik ez dago tamaina honetako eraikin bat estrategikoa izan daitekeela Uribarri-Matiko auzoarentzat.

Bilduk proposamen zehatza egin du, “udalak auzoko taldeekin batera erabaki behar du zein erabilera emango zaion 1100 metro koadroko eraikin honi”. Ibaibarraigak enpresalde bat kokatzea eta, beste batzuen artean, auzoan lan egiten duten taldeentzat lanerako tokia bideratzea, erabilera bateragarriak direla azpimarratu du. Udalbatzara gaia eramateaz gain, Bilduk udaleko ordezkariaren agerraldia eskatu du lagapenaren detaileak azaldu eta erabilera zehazteko irizpideak zeintzuk izan diren azaldu ditzan. 2. Barrutiaren bileran gaia jorratu da ere, Bilduk bilera monografiko bat eskatu zuen proiektu honek auzoan izan dezakeen oihartzunagatik, baina proposamen hori ez da onartu eta gai ordeneko beste puntu bat bezala jorratu da.