Neskato gaixo baten familiari laguntzeko diru bilketan ari dira Atxurin

bertonaldizkaria 2013ko ots. 26a, 11:59

Atxuriko sei urteko neskato bat da Cloe. Bihotzeko gaixotasun larri bat dela eta, bere bizi-itxaropena Madrilen egin behar den bihotz-transplante batek baldintzatzen du. Egoera honek gastu ekonomiko itogarri eragin dio Cloeren familiari eta, honen aurrean, Atxuriko gurasoak mobilizatu egin dira. Datorren igandean jaialdia egingo dute dirua biltzeko asmoz.

Atxuriko Garcia Rivero Ikastetxean matrikulatuta dagoen sei urteko neskato bat da Cloe. Beste bi aizpa ditu eskola honetan. Bihotzeko gaixotasun bat dela eta, bere bizi-itxaropena bihotz-transplante batek baldintzatzen du.

Iazko maiatzean, Madrilgo Gregorio Marañon Ospitalean ingresatu zuten Cloe, Estatuan beste inon ez dutelako egiten umeen transplanterik.

Zortzi hilabete luze eta gero, Madrilen jarraitzen du Cloek, ama eta aizpak ondoan dituela, bere ikastetxetik eta lagunengandik urrun, organoa berria noiz ailegatuko zain. Astean bi egun eman behar ditu ospitalean ingresatuta, eta gainontzeko egunetan, medikuen esanetara, ospitaletik oso gertu familiak alokatu behar izan duen etxebizitza batean egoten da. Amak Bilbon zuen lana utzi egin behar izan du, eta bere bi aizpak ere ikasturtea amaitzera Madrilera joan dira, aizpa eta amarekin egotearren. Aita astebururo egiten du Bilbo-Madril-Bilbo bidaia. Egoera honek, gastu ekonomiko itogarri eta jasanezina eragiten dio Cloeren familiari, eta itxaronaldia luze joan daitekeela uste dute.

Egoera honen aurrean, Atxuri Ikastetxeko zenbait guraso buru-belarri ari dira lanean Cloeren familiari nolabait laguntzeko. Nahi duenak ekarpen ekonomikoak egiteko, kontu zenbaki bat jarri dute eskura; Alde Zaharreko saltoki eta merkatari batzuen kolaborazioarekin zozketa bat antolatu dute eta, Kurkuluxetan taldearen laguntzaz, Kafe Antzokian, umeentzako jaialdi bat entolatu dute datorren martxoaren3an, igandea.

“Cloe Bihotz Bihotzez” izenburuko Jaialdia, 17:00etan hasiko da eta Ane Mona, Oskorra eta Karramarroa, Zirkus Aurre eta Txorro Morro Berbena Taldea izango dira bertaratzen direnen gozagarri. Gainera sorpresarik ere ez da faltako eta zozketaren zenbaki saridunak zeintzuk diren jakin ahal izango dira.

6 euroko sarrerak dagoeneko eskuragarri daude Alde Zaharreko taberna hauetan: Bizitza, Txomin Barullo, Floren, Sorgin, Kalderapeko, Bodeguilla Joserra eta Pirata Taska. Eta baita Kafe Antzokiko txarteldegian erosi ahal izango dira jaialdiko egunean bertan, 16:00etatik aurrera.

Informazio gehiago hemen