Askorentzat Ultimate Frisbeea ezezaguna izan daitekeen arren, kirol honek baditu jada 37 urte. Lehen araua joko espirituaren bermean datza. Baina hori ez da Ultimate Frisbeeak daukan berezitasun bakarra.
Izan ere, arbitrorik gabeko kirola da eta jokalariak dira arauak noiz apurtzen diren erabakitzeko ardura dutenak. Beti ere, aipaturiko joko espirituari men eginez zintzo arituko direla suposatuz. Kirol mistoa da hau gainera, goreneko mailetara iritsi arte behintzat.
Bilbora ere heldua da Ultimate Frisbeea, Arantza Lopezen eskutik hain zuzen. “Ingurumenari buruzko kongresu batean nengoela Veneziako jokalari bat ezagutu nuen –azaldu du bilbotarrak– eta hainbat urtetan saskibaloian aritu ondoren kirolez aldatzeko gogoa nuenez, probatzera animatu nintzen.” Ikusi zuen lehenengo torneoko giro onak xarmatu zuela gehitu du Lopezek. Gerora jokalari modura aritu zen, eta hain izan zuen gustuko non ahizpa gaztea Ultimate Frisbeearen munduan murgildu zuen. “Nik jakin gabe apuntatu ninduen Arantzak, baina esperientzia paregabera izan zen. Bilbon kirola ezartzeko intentzioarekin etorri ginen bueltan”, adierazi du Alba Lopezek.
Hortaz, 2011ko ekainean topaketa bat antolatu zuten bi ahizpek Etxebarria parkean. “Hogei bat pertsona batu ginela, eta 17:00etatik 00:00etara luzatu zela kontuan harturik arrakastatsua kontsidera daiteke –baloratu du Arantza Lopezek–. Noski, Santanderreko Fendisc taldearen zein beste hainbaten laguntza ezinbestekoa izan zen”.
Sortu zenetik luze igaro ez den arren, izan ditu jada aurre egin beharreko erronkak Diskolaris talde bilbotarrak. “Erronka handiena jendea erakartzea izan da, kirol ezezaguna izateaz gain, hasiera batean sinplea irudi dezake, eta horregatik batzuetan ez da den bezain gogortzat jotzen”, aitortu du Arantza Lopezek. Baina oztopo horri aurre egiteko asmoz kementsu aritu direla adierazi du Alba Lopezek. “Interneten Facebook zein FFindr atarietan gure presentzia ezartzeaz gain metodo tradizionalagoez ere baliatu gara, belarri-ahoaz zein unibertsitateetan kartelak jartzeaz adibidez”. Horrekin batera, entrenatzaile modura aritzen diren bi ahizpak bat etorri dira Raul taldekidearen “aparteko” kolaborazioa goraipatzerakoan.
Kultur aniztasuna
Adin eta jatorri ezberdineko jendea biltzen du Diskolarisek. Taldekideen aniztasuna aberasgarri definitu du Alba Lopezek: “Izaera ezberdineko jendea izan arren, pentsamolde irekia da nagusi”. Kideetako bi dira Guillermo Berroa dominikarra eta Estelle Midler frantziarra. Biek eskertu dute taldeak egindako harrera beroa. “Jendea ezagutzeko aproposa da, eta nik neuk dezente barre egiten dut taldekideekin”, aitortu du Midlerrek. Hasieran lotsati xamar ibili zen arren, Diskolarisen parte izateari esker leku ugari ikusteko aukera izan duela adierazi du Berroak.
Esperientzia aldetik ere maila ezberdinetako jokalariak daude Diskolarisen. Esaterako, Midlerrentzat hau izan da Ultimate Frisbeearekin lehen esperientzia. Izan ere, Frantzian errugbi jokalaria zen, eta Bilbon talderik topatu ez zuenean frisbeeari ekitea erabaki zuen. Gainera, frantziarrak gehitu duenez, gainontzeko jokalariek ez dute arazorik hasiberriekin jokatzeko: “Norbait Diskolarisera etorriz gero berehala hasi ahalko da entrenatzen”. Guillermo Berroak ordea Dominikar Errepublikan jokatu zuen lehenengo aldiz. “Lankide batzuekin hasi nintzen Ultimate Frisbeean, baina egia esan hemen joko-posizio gehiago praktikatzeko aukera izan dut –azaldu du Berroak–, trebatzeko aukera paregabea izan da”.
Oraindik ere, baditu erronkak Diskolaris taldeak. “Geu gara taldearen babesle, eta partiduak jokatzeko Euskal Herritik kanpora joan behar izateak kostu ekonomikoa dakar”, adierazi du Guillermo Berroak. Hala ere, kirola hain gustuko izanda inbertsioa kontsidera daitekeela gehitu du dominikarrak. Gainera, egoerari aurre hartuz taldearen logotipoa (lehoia) duten kamisetak jarri dituzte salgai. Ikurrinaren koloreak dituen itxura ofizialdunak, zein informalagoak diren “I Wanna Disco” lelodunak. Logoari dagokionez Juanma Martinezi eskertu beharreko jarrera “altruista” azpimarratu dute Alba zein Arantza Lopezek.
Horrez gain, entrenatzeko toki aproposagoa aurkitzea gustatuko litzaiekeela adierazi du Arantza Lopezek: “Taldean EHUrekin berba egiteko ideia dago, Ultimate Frisbeea bere kirol eskaintzan barnera dezan eskatzeko hain zuzen”. Mahatserrian jakin-minez hartu dituzten arren, entrenatzeko erabiltzen duten Etxebarria parkeko belardiak tamaina zein argiztapen aldetik desabantailak dituela aitortu du Alba Lopezek.
Etorkizunerako ere baditu proiektuak Diskolarisek. Lehendabizi talde modura jarraitu eta txapelketa gehiagotan parte hartzea. Horrez gain, taldea finkaturik dagoela, datorren udan Hat txapelketa antolatu nahian dabiltzala plazaratu du Arantza Lopezek. Mota horretako lehiaketetan jokalariek beraien maila jakinarazten dute inskripzioa egiterakoan, eta horren arabera antolatzaileek taldeak osatzen dituzte. Plentzian egiteko asmoa dute, baina oraindik baimenaren zain daude. Horrekin batera, Liga Norte izeneko iniziatiba ere aipatu du entrenatzaileak. Ildo beretik, laster Euskal Herrian jokatu ahal izateko esperantza ere badutela adierazi du bilbotarrak: “Tolosan zein Donostian Ultimate Frisbee taldeak sortzeko planak abiatu dira”.
Taldekideek aho batez bideratu dute deialdia interesa duen edonor kirola probatze animatu dadin. Etxebarria parkean batzen dira astean bitan: 19:00etan asteazkenetan eta 16:00etan larunbatetan. Skate pisten ondoan eguraldia ona bada, eta Uribarriko Las Piedritas pabiloi estalian euria ari badu. Taldearekin harremanetan jartzeko Facebooken, Diskolaris (Ultimate Bilbao) blogean, zein ultimatebilbao@hotmail.com e-posta helbidearen bitartez aurki daitezke jokalariak. “Pozik gaude jende berria jasotzeko, gainera ikusi dugunez modu aproposa da atzerriko jendea berton murgiltzeko”, aldarrikatu du Arantza Lopezek.
Testua: Gorka Lopez
Argazkiak: Diskolaris