Gaur abiatuko da KORRIKA 18; martxoaren 21ean helduko da Mahatserrira

bertonaldizkaria 2013ko mar. 14a, 10:29

Gaur 16:30ak aldera hasiko da Andoianeko Martin Ugalde kultur parketik 18. KORRIKA. Mahatserrira martxoaren 21ean iritsiko da, arrats-gau aldera.

Bilbora Enekuritik sartuko da 17:30ean eta, Bilboko erdigunea zeharkatu ondoren, aldapan gora Mahatserrira 18:30ak aldera iritsiko da.

Argazkia 5. KORRIKAkoa da, Santutxu kalean ateratakoa. Jendea zain ageri da, petoa jantzita. Batzuk erlojuari begira, beste batzuk urduri emozioaren emozioaz.

KORRIKA unez une jarraitzeko

18. Korrikako arduradunek hiru zatitan banatutako mugikorrentzako aplikazioa aurkeztu dute. Beraien webgunean (www.korrika.org) jaitsi daiteke eta hiru aukera ematen ditu: Korrikaren webgunean dagoen agenda kontsultatu; Korrikaren egoera ikusi, hau da, korrikalariak herri jakin batetik noiz pasako diren jakin ahal da; eta ibilbidearen mapa ere hor egongo da, erabiltzailea non dagoen eta Korrika non dagoen ikusiz. Joko bat ere egin du Akting enpresak.

Mugikorretarako aplikazioa Korrika transmedia elkarlanaren aurkezpenean eman zuten jakitera, atzo. Bertan EHUko Multimedia masterreko ikasleekin elkarlanean hainbat proiektu gauzatu dituztela azaldu zuten, hala nola, suspentse bideo bat. Era berean, duela bi Korrika egin bezala ETB 3k egunero saio berezia egingo du eta Hamaika Telebistan ere gunero egingo dute saio berezi bat. Hamaikako Naroa Iturrik esan zuenez, elkarrizketa bereziak, Korrikaren bitxikeriak eta abar ikusi ahal izango dira. Bigarren aldiz egingo dute Hamaikan eguneroko saio berezia.

INFO + KORRIKA