Bizkaiko dantzei buruzko ikuspegirik zabalena Euskal Museoan ikusgai

bertonaldizkaria 2013ko mar. 21a, 10:19

Bilboko Euskal Museoak eta Bizkaiko Dantzarien Biltzarrak indarrak bildu dituzte, erakusketa hau antolatu ahal izateko. Bertan, dantzen eta erabilitako arropa nagusien bitartez, Bizkaiko Lurralde Historikoko dantzei buruzko ahalik eta ikuspegirik zabalena eskaini nahi da.

Figurak eta segizioak, musika-erritmoak, dantzak, eta hori guztiori inguratzen eta identifikarazten duten eszenografiak eta arropak ikusi ahal izango dira erakusketan.

Erakusketak atal nagusi bi ditu: Herri dantza eta Erritu dantza.

I. aretoa.- Herri dantza agerpen kolektibo eta ludikoa da, komunitate jakin baten ospakizunen edo jaien barruan egiten dena komunitate osoaren partaidetzarekin. Hauek dira herri dantzarik esanguratsuenak: Erromeria, Soka-dantza, Erregelak, Mahai gainekoak eta Txakolin-dantza.

II. aretoa.- Erritu dantza egitura zehatzekoa da, bai berau dantzatzen dutenen eraketa itxiari dagokionez eta bai dantzaren urrats eta koreografien garapenari dagokienez, eta berezkoa duen musikaren akordeak jarraitzen ditu. Hauek dira dantzarik esanguratsuenak: Dantzari-dantza, Kaixarranka, Entradillak, Errebonbilloak, Danza de varas, Ezpata-dantza eta Saragi-dantza.

Aretoetako bakoitzean, dantzei buruzko ikus-entzunezko muntaia bat ikusi ahal izango da.

Era berean, Iñaki Irigoienek atal berezia izango du erakusketan, Bizkaiko dantzen munduari egin dion ekarpena dela eta. Bere landa-lanei, inkestei eta artxiboetako ikerketei esker, dantza ugari berreskuratu edo birsortu ahal izan dira.

INFO + EUSKAL MUSEOA