“Imajina ezazu Otxarkoaga” planak auzotarren %40 erakartzea lortu du 5 urtetan

bertonaldizkaria 2013ko api. 5a, 09:56

Bizimoduaren kalitatearen, bizikidetzaren, azpiegituren eta hedadura ekonomikoaren inguruan bost urte lanean eman ondoren, zenbait neurri adostu eta horietarik % 75 bete dira. Gazteei eta adinekoei buruzko azterlanak ere egin dira, biztanleen sektore horien benetako premietara egokitu daitezkeen ekimenak taxutzeko.

Bilboko Udalak, Jaietako eta Herritarren Partaidetzako Sailaren bidez, berriztatu egin du “Imajina ezazu Otxarkoaga” Plan Komunitarioarekin duen konpromisoa. Plan horrek elkarteen sare osoa eta auzotarren % 40 erakarri ditu 2008az geroztik.

Udaleko sailen eta gizarte, kirol, politika eta ekonomia arloko kolektiboen eta elkarteen  eta prozesuari euren ekarpenak egin nahi izan dizkioten auzotarren arteko elkarrizketaren eta lanaren bidez auzoa indarberritzeko asmoarekin sortu zen “Imajina ezazu Otxarkoaga” Plan Komunitarioa.

Elkarren arteko lan horri esker, modu arrakastatsuan burutu ahal izan dira “Imajina ezazu Otxarkoaga” Plan Komunitarioan antolatutako fase guztiak, hau da, diagnostikoa, plana bera egitea, ekintzak inplementatzea….Oraintsu amaitu da gaur arte lortutako emaitzak aztertzeko eta Otxarkoagako auzotarren bizimoduaren kalitatea hango elkarteekin batera jardunez hobetzen jarraitzeko beharrezkoak diren neurriak eta egokitzapenak zehazteko ebaluazio-fasea.

Bost urte lanean

Otxarkoagako auzotarrek taxututako eta adostutako gerora begirako oinarriak ezartzea ekarri duten bost urtetan zehar izandako elkarrizketen eta egindako lanaren balantzea egiteko orduan, ezinbestekoa da azpimarratzea, alde batetik, prozesuan izandako partaidetza handia eta, bestetik, Plan Komunitarioaren betetze-mailaren neurria.

Hartara, “Imajina ezazu Otxarkoaga” planak auzoko 4.000 pertsonek parte hartzea lortu du, hau da, Otxarkoagako biztanleen (10.951 pertsona) % 36,59k.

Otxarkoagako elkarteen sare osoak esku hartzea ere lortu du. 44 taldek eta elkartek osatzen dute sare hori, zenbait arlotan dihardutenak: gizartean esku hartzea, emakumeak, aisialdia, kirola, ekonomia eta lan-esparruan, musika, gizartearen, kulturaren eta auzotarren mailako jarduerak.

Gizartearen eta auzotarren inplikazio horrekin batera, udaleko sailen konpromiso sendoa ere egon da, baita prozesuan parte hartu duten guztiek adostutako neurrien bete-maila ere, % 75 hain zuzen.

Plan Komunitarioaren ardatzak

“Imajina ezazu Otxarkoaga” Plan Komunitarioan onartutako neurriak lau ardatzetan finkatu dira: bizimoduaren kalitatean, bizikidetzan, azpiegituretan eta hedadura ekonomikoan.

Bizimoduaren kalitatea

  • Betetze-maila: % 81,82

Arlo batzuetan, konparazio batera, aisialdian eta kulturan gorakada handia izan da oso denbora gutxian. Hainbat jarduera antolatu dituzte elkarteek gazteentzat zein adinekoentzat. Beste esparru batzuetan, ordea, hala nola gizarteratzean, hezkuntzan eta segurtasunean, eragina epe ertainera eta luzera ikusiko da, baina herritarren eskariei erantzuteko jarduerak jarri dira abian, auzoan patruilak oinez egiteko dispositiboa, esaterako.

Bizikidetza

  • Betetze-maila:  % 91, 67

“Imajina ezazu Otxarkoaga” Plan Komunitarioa sortu zenetik dezente sendotu dira jarduerak eratzeko pertsonen eta elkarteen partaidetza, kohesioa eta gaitasuna. Auzoko jaiak berriro ospatu ahal izatea da arlo honetan izandako lorpenik nabarienetakoa.

Azpiegiturak

  • Betetze-maila: % 64,29

Igogailuak jarri dira etxebizitzetan, udal etxebizitzak eskaini zaizkie ikasle gazteei komunitaterako lanaren truke (etxebizitza solidarioak). Ardatz honen barruan egindako guztia lagungarri izan da auzoa antzaldatzeko eta auzotarren bizimoduaren kalitatea eta bizikidetza hobetzeko. Espazio komunak eraldatu izana ere mesedegarri gertatu da auzo periferikoaren, isolatuaren eta Bilbotik apartekoaren ideia gainditzeko.

Hedadura ekonomikoa

  • Betetze-maila: % 63,64

Sakon aztertu dira auzoan dauden negozioek eta lonjak, bihar-etzirako aukerak eskainiko dituzten proiektuei laguntza teknikoa eta ekonomikoa emate aldera. Dinamizazio-lan honen barruan sartzen dira Otxarkoagaren irudia aldatzeko jarduerak, Harrobia Eskena Ekoizpen Eszenikorako Berrikuntza Zentroa, adibidez. Auzoan bizi diren eta bertan kontsumitzen duten gazteen 23 taldek osatzen dute zentro hori eta lagungarria da auzoaren irudia aldatzeko.

Biztanleen sektoreen premiak

“Imajina ezazu Otxarkoaga” Plan Komunitarioa osatzeko prozesuan behin eta berriz egindako eskariari erantzuteko, auzoko adinekoen eta gazteen premiei buruzko azterlan bana egin da, sektore horien benetako premietara egokitu daitezkeen ekimenak taxutzeko asmoarekin.

Otxarkoagako adinekoen premiei buruzko azterlana

Azterlan hau bideratzeko 75 urtetik gorako pertsonak hartu ziren kontuan (Otxarkoagan 2.000 pertsona inguru). World Kafe bat izan zen abiaburua, adinekoen iritziak eta kezkak jasotzeko eta euren inplikazioa lortzeko azterlan horretan. 383 elkarrizketa egin ostean, hauek izan ziren ondorioak:

  • % 90 Otxarkoagan bizi da duela 40 urte baino gehiago eta harreman onak edo oso onak dituzte auzotarrekin eta, hortaz, oso positiboa da auzoari buruz duten iritzia.
  • Euren sare sozialak urriak dira eta laguntza handiagoa behar dute etxean.
  • Euren iritziz, bizimoduaren kalitatea hobetuko litzateke traba arkitektonikoak, aldapak eta eskailerak kenduko balira eta igogailu gehiago jarriko balituzte etxebizitzetan.
  • Beharrezkoa ikusten dute erakundeen esku-hartze handiagoa, gizalegerik gabe jokatzetik, zaratetatik, garbitasun faltatik eta abarretik sortutako egoeretan; izan ere, egoera horiek zuzeneko eragina baitute bizikidetzan.
  • Aisialdia, kasuen % 50ean, pasiboa da. Partaidetza txikia jarduera kulturaletan, beharbada auzoko baliabide sozialen eta ludikoen berri ez izategatik.

Otxarkoagako gazteen egoerari buruzko azterlana

550 bat gazte bizi (12-18 urte) dira gaur egun Otxarkoagan. Azterlan hau egiteko 410 gazteri, hau da, auzoko gazteen % 75ari egin zaio elkarrizketa.  Ave Maria ikastetxeko, Begoñazpi ikastolako, Otxarkoagako prestakuntza-zentroko, Gabriel Aresti BHIko, Kirikiño ikastolako, Txurdinaga-Artabe BHIko eta Txurdinaga Behekoa BHIko ikasleei egin zitzaizkien elkarrizketok. Hauek izan dira ondorioak:

  • Eskolako asistentzia % 80koa izan da
  • % 50 goi-mailako ikasketak egitekoa da
  • % 65ek eskolaz kanpoko jarduerak egiten dituzte eta % 25ek Otxarkoagan
  • Astegunez, % 54k auzoan ematen du aisialdia. Astegoienetan, berriz, % 20,85ek
  • Auzoari buruzko iritzi ona dute eta gazteen ia % 70ek ezagutzen ditu Otxarkoagako baliabideak

Beste ekimen batzuk

“Imajina ezazu Otxarkoaga” Plan Komunitarioa abian jarri izanaren ondorioz, beste ekimen batzuk ere abiatu ahal izan dira, auzotarren bizimoduaren kalitatea hobetze aldera:

  • Otxarkoagako portaleen errolda

Auzoko 11 portaletan zailtasun bereziak aurkitu dira.  Arazo hiriei aurre egiteko Gatazkak Gestionatzeko Taldearen esku-hartzea behar da. talde hori Gizarte Ekintza eta Segurtasun Sailak, Udal Etxebizitzak elkarteak, Bizikidetzarako Behatokiak, Osasun Sailak eta Osakidetzak osatzen dute.

  • Antzerki komunitarioa

Otxarkoagako auzotarrek, Dordoka Kolektiboaren laguntzaz, historia, dramaturgia eta komunitatean eta komunitaterako sortutako musika uztartzen dituen antzerki-talde bat sortu dute.

  • Hezkuntza Mahaia

Hezkuntzarekin lotutako eragileek eta elkarteek (Artase eta Francisco de Goya-Lope de Vega ikastetxeak, Txurdinaga-Artabe institutua, Otxarkoagako Prestakuntza Zentroa, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntzako Ikuskaritza eta Bilboko Udaleko Hezkuntza Saila) ikastetxeetako eta gazteen zailtasunak aztertzen dituzte, ahaleginak eta estrategiak bilduta arlo horretan.

  • Etxebizitza solidarioak

Hirugarren urtez eutsi zaio programa honi. Gazteek, graduondoko ikasleek eta udal etxebizitzetan bizi direnek alogera merkea ordaintzen dute komunitaterako lanaren truke. Lan hori adinekoei lagun egitea da gehienbat.

  • Dinamizazio komunitarioa

Tendel elkarteak “Igandeetan Jolastu” programarekin jarraitzen du. Hilean domeka batean aisialdiko jarduerak eskaintzen dizkiete gazteenei.

  • Horma-irudi urbanoen lehiaketa

Urtarrilaz geroztik ikusgai daude Otxarkoagan lehiaketa horretako horma-irudi bi. Bakea eta indarkeriarik eza irudikatzeko helburuarekin jaio zen lehiaketa honetan auzoko eta auzotik kanpoko 12-35 urteko gazteek hartu dute parte.

  • Komunitatean parte hartuz

Ekimen aitzindaria, arau-hauste arina egin duten gazteei zuzendutakoa, jarri zaien zigorraren ordez komunitaterako lanak egin ditzaten. Otxarkoaga Prestakuntza Zentroak, Tendel elkarteak eta Gizarte Laguntzarako Foru Institutuak hartzen dute parte, besteak beste.

  • Lankidetza Osakidetzarekin

Estutu egin da Bilboko Udalaren eta Osakidetzaren arteko lankidetza, udalaz gaindiko eragileak sartuta Osakidetzak berak zeharkako lanaren eredu moduan aurkeztu duen eta auzoko eragileen eta erakunde publikoen artean koordinatutakoa den Plan Komunitarioan. Gatazkak Gestionatzeko Taldean ere sartu da Osakidetza, arlo horretako sinergiak gehituz.

  • Herritarrei Laguntzeko Bulegoa

Otxarkoagako Auzo Etxeak hileko lehenengo eta hirugarren martitzenetan eskaintzen du zerbitzu hau, 16:00etatik 18:00etara bitartean.

INFO + IMAGINA OTXARKOAGA