Udal liburutegiak: uste baino zerbitzu gehiago

bertonaldizkaria 2013ko api. 5a, 10:26

Mahatserriak baditu lau udal liburutegi bere lurraldean, Begoña, Otxarkoaga, Kastaños eta Zurbaranbarrin. Liburutegi hauek Bilboko Udalarenak dira eta jende guztiarentzat daude zabalik, informazio, prestakuntza, eta aisialdi alorretan herritarrek dituzten beharrizanei erantzun egokia emateko. Irakurzaletasuna bultzatzea xede izanik, bertoko informazioari ere garrantzia berezia ematen diote.

Liburutegiak, alde batetik leku fisikoak dira, bertara joan eta zerbitzu batzuk han bertan erabiltzeko eginak dira, instalazio batzuk dituzte, banaka irakurtzeko eta lan egiteko lekuak, kontsultak egiteko ekipoak, euskarri ezberdinez osatutako bilduma, eta hori guztia kudeatzeko eta erabiltzaileei arreta emateko langileak.

Mahatserriko liburutegirik handiena Begoñakoa da, barruti osoari zuzenduta baitago, Otxarkoaga, Kastaños eta Zurbaranbarrikoak, aldiz, txikiagoak dira auzoko liburutegiak direlako. Laurek dituzte helduentzako atala eta umeentzakoa.

Begoñako liburutegia 1997an inauguratu zuten eta Begoñako Udaltegiko bigarren solairuan dago. Dituen azalera, bilduma, pertsonala eta zerbitzuak direla eta, barrutiko liburutegia da.

Zurbaranbarriko liburutegia 1989an inauguratu zen eta 1998az geroztik Zurbaranbarriko Udaltegiko beheko solairuan dago. Liburutegia 2010ean erreformatu zuten.

Otxarkoagak 1967. urteaz geroztik du udal liburutegia. 1986an Otxarkoagako Udaltegira lekualdatu zuten eta ordutik dago bertan. Bera da beteranoena. 2002an guztiz eraberritu zuten, tartean, bere azalera nabarmen handitu zen. Nicaraguako Leongo udal liburutegiarekin senideturik dago Otxarkoagakoa.

Kastañoseko liburutegia eraikin paregabean kokatzen da, udaltegiko laugarren solairuan, hain zuzen. Eraikina 2009an berrinauguratu zen birmoldatzeko lanak amaitu ostean. 1905. urtean Rikardo Bastidak diseinatua da. Kanpo aldetik adreilu eta azulejoak dauzka, modernista estiloa ematen diotelarik. Hasiera batean garbitegi publikoa izan zen, gero udal merkatua eta gaur egun udaltegia.

Mailegutza

Liburuen mailegua da hiritarrek gehien ezagutzen duten zerbitzuetariko bat. Nork ez daki izena eman eta gero liburuak etxera eraman ditzakeela denbora batez? Adibidez, 2012an liburutegi hauek egindako maileguak 86.837 izan ziren, %61 Begoñan, 15% Kastañosen, 14% Otxakoagan eta %10 Zurbaranbarrin. Baina jende askok ez daki CD eta DVDak ere mailegatu daitezkeela. Liburutegi guzti hauetan pelikulak eta musikako CDak daude, azken hauek Begoñako liburutegiko Fonotekan batez ere, bertan 4.645 CD daude gela berezitu batean.

Liburutegien arteko mailegua zerbitzu oso estimatua da erabiltzaileen artean, eskura jartzen zaizkielako sare osoko funtsak. Adibidez, Zurbaranbarriko liburutegia liburutegi txikia da eta bere bilduma 8.000 dokumentuz osatuta dago, baina zerbitzu honen bidez 400.000 baino gehiago eskuratzeko aukera ematen zaie Zurbarango auzotarrei.

Internet

Badira beste zerbitzu batzuk gutxiago ezagutzen direnak. Wifi bidezko doako Interneterako sarbidea, esaterako, lau liburutegiek eskaintzen dute. Ordenagailuak Interneterako sarbidearekin ordea, guztietan Zurbaranbarrin izan ezik, leku faltagatik. Begoñan sei ekipo daude, Otxarkoagan hiru eta Kastañosen bi.

Hemeroteka digitala

Hemerotekako zerbitzu digitalak ere ez dira gehiegi ezagutzen. Eguneko prentsa eta aldizkariak liburutegi guztietan daude eta jendea irakurtzera joaten da liburutegietara, baina horretaz aparte, Begoñan prentsa digitala kontsultatzeko aukera ere bada, Hemeroteka Plus eta Iconoce zerbitzuen bidez. Oso interesgarriak dira batez ere aurreko urteetako prentsa kontsultatzeko.

Prentsarena ez da baliabide elektroniko bakarra, beste aplikazio batzuk ere badira liburutegietan:

-       Sare osoko katalogoa da gehien erabiltzen dena, milioi bat pasa kontsulta jaso zituen iaz.

-       Maileguak luzatzeko aplikazioa, maileguan dauden liburuak irakurtzeko egun gehiago behar izanez gero, etxetik edota lanetik Interneten bidez epea luza daiteke, modu erraz batean. 2012 urtean 56.000 izan ziren epea luzatutakoak.

-       Erosi diren azken liburu, CD eta DVD zeintzuk diren ezagutzeko aplikazio bat erabil daiteke Internetetik eta liburutegira heltzen azkenak zeintzuk izan diren jakin daiteke horrela.

-       Erabiltzaileei interesatzen zaien materiala liburutegiak eros dezan eska daiteke. Horretarako badago liburutegien webgunean betetzeko formularioa www.bilbao.net/bibliotecas.

-       Bilboko Liburutegi Digitala da martxan jarri den azken baliabide elektronikoa, digitalizatuta funtsa zaharrekin.

Liburutegiek adin guztietako jendearengana heldu nahi dute, umeak, gazteak, helduak eta nagusiak. Liburutegietara jendea erakartzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko jarduera ezberdinak antolatzen dira: bisitaldiak, tailerrak, hitzaldiak, etab. Datozen hilabeetan Mahatserriko liburutegietan antolatu direnak hauek dira:

Begoña

-       Apirilaren 20an, larunbata, hitzaldia: “El cuento y la edad emocional” J. Carlos Alonso, psikologoa. Gazteleraz. Helduentzat. Ordua: 12:00

Otxarkoaga

-       Apirilaren 24an, asteazkena, Liburuaren Eguna, ipuinkontalaria: “Versionando a Caperu”. Gazteleraz. Adina: 4-8 urte. Ordua: 18:00

-       Maiatzaren 22an, asteazkena, Magia erakusketa eta tailerra. Asier Kidam. Euskeraz. Adina: 7-13 urte. Ordua: 18:00

Zurbaranbarri

-       Apirilaren 23an, asteartea, ipuinkontalaria: “The smart giant in town”. Elebiduna ingelez eta gazteleraz. Adina: 5-9 urte. Ordua: 18:00

Kastaños

-       Apirilaren 23an, asteartea, Liburuaren Eguna, ipuinkontalaria: “Liburuen Iratxoa”. Euskeraz. Adina: 5-9 urte. Ordua: 18:00

-       Maiatzaren 2an, osteguna, ipuinkontalaria: “La sirenita”. Gazteleraz. Adina: 4-8 urte. Ordua: 18:00.

Idazleekin topaketak

Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailako eta DBHko maila guztietako ikasleentzat antolatutako programa da ikasleen artean irakurzaletasuna sustatzeko. Ikasleak aurretik aukeratu eta irakurritako liburu bati buruz berba egiteko egilearekin liburutegian biltzen dira. Apirilean eta maiatzean honako idazle hauek bisitatuko gaituzte: Julen Gabiria Begoñako liburutegian, Arrate Egaña Kastañosen, Xabier Mendiguren eta Karlos Santisteban Zurbaranbarrin.

Erabilera

23.000 mahatsorrik dute liburutegiko karneta, %55 emakumezkoak dira eta %45 gizonezkoak. Karneta doakoa da eta eskuratzeko eskari-orria bete eta NAN edo pasaportearen fotokopia aurkeztea nahikoa da.

2012an lau liburutegi hauek 130.000 bisita izan zituzten eta, kontuan hartuz gero Mahatserriko biztanleak 107.000 garela, esan dezakegu biztanle bakoitza 1,2 aldiz joan zela liburutegi batera. Iaz, 2011rekin konparatuz, erabilera %2a igo zen. Ez dugu ahaztu behar lehen liburutegiak bertatik bertara erabiltzen zirela eta orain zenbait zerbitzu Internetetik eskaintzen direla. Horrek esan nahi du aurrez aurreko bisitak jaitsi daitezkeela, baina ez liburutegien erabilera.

Testua eta argazkia: Udal liburutegiak