Umeentzako jardunaldietan gogora ekarriko dituzte Otxarkoagako historiaren gertaera garrantzitsu batzuk

bertonaldizkaria 2013ko api. 25a, 17:44

Domekan, apirilak 28, Altxorraren Bila joateko aukera izango dute 6 eta 12 urte bitarteko Otxarkoagako umeek. Bilaketa horretan ia ahaztuta dauden eta garai batean oso garrantzitsuak izan ziren auzoko historiako gertaera batzuk gogora ekarriko dituzte.

Umeentzat “Igandetan Jolastu” izeneko aisialdi eskaintza antolatu duen Tendel elkartearekin lankidetzan Aullidos de Otxar antzerki komunitarioko taldeak sustatu du ekimena. Hau 1967an izandako banden huelgaren historian oinarrituko da; izan ere, Francoren diktaduraren errepresioak errepresio, justizia lortu nahian auzoko jendea batuta egon zen.

11:00etan hasiko da jardunaldia; orduan, kalejira bat izango da eta Altxorraren Bila jolasean parte hartu nahi duten umeek izena emateko epea zabalduko da. Umeek 60 minutu izango dituzte, 12:00etatik 13:00etara, ibilbidea amaitzeko eta proban planteatutako erronkak gainditzeko.

Horretarako, bost gune bereizi dira eta horietan fikziozko pertsonaiek parte hartzen duten umeei azalduko dizkiete banden huelga hartako zenbait pasarte, baita Otxarkoagako auzotarrek aurrera eramandako langileen borroka hari buruzko zenbait ere.

Azalpen horiek pistak izango dira altxorra bilatzen jarraitzeko. Altxorra gozokiz betetako kaxak izango dira, huelga izan zenean Otxarkoagako herritarrek huelgan zeudenei enpresak soldatak ez ordaintzean aurrera egiteko eman zizkieten elkartasunezko kaxa haien antzera.

Laminación de Bandas en Frío enpresak produkzio-sariak gutxitzea erabaki zuen eta hortik langileen huelga. Guztira 163 egun izan ziren, 1966ko azaroaren 30etik 1967ko maiatzaren 15era eta Francoren garaian izandako lan-gatazkarik luzeentzat eta langileen mugimenduan mugarri garrantzitsutzat jotzen dute.

Borrokaldiko egun haietan Otxarkoagako auzokoen elkartasuna oso handia izan zen banden langileekiko; izan ere, bandetan lan egiten zuten 800 langileetatik 450 Otxarkoagakoak ziren. Aparatu frankistaren errepresio latzari aurre egiteko balio izan zuen elkartasunak; besteak beste, erregimenak Bizkaian salbuespen-egoera dekretatu zuen eta huelga egiten zuten zenbait langile kartzelan sartzeraino edo erbesteratzeraino heldu zen.

Otxarkoagako auzotarrek osatzen dute Aullidos de Otxar antzerki komunitarioko taldea eta Dordoka kolektiboak koordinatzen ditu. Aullidos de Otxar auzoko memoriaren alde ari da lanean eta antzezpenetan komunitateak komunitatea berarentzat sortutako dramaturgia, musika eta historia konbinatzen ditu.

Ekintza hauek guztiak Imajina Otxarkoaga plan komunitarioaren barruan daude. Bilboko Udaleko sail batzuen eta auzo, gizarte, kirol, politika zein ekonomia arloko kolektibo eta talde batzuen partaidetzarako prozesu batean oinarrituta dago plan komunitarioa. Elkarteetan egon barik ere partikularrek ere parte har dezakete, auzoa biziberritzea eta auzotarren bizi-kalitatea hobetzea izanik planaren xedeak.

2008an abian jarri zenetik Imajina Otxarkoaga plan komunitarioa auzoko elkarteen %100ek eta ia herritarren %40ek parte hartzea lortu du.