Bizkaiko lagun talde baten ekimenez sortu da futwalla, futbola eta euskal pilota nahasten dituen kirola.
Egoitz Campok eta bere lagunek asmatu duten kirola erraza da praktikatzeko, ez du baliabide handirik behar. Frontoian jokatzen da, esku pilotaren antzeko arauak ditu, baina baloiarekin, eta ezin dira eskuak erabili. “Egia esan, betidanik jokatu izan da baloiekin frontoietan, guk egin duguna da arau finko batzuk sortu eta txapelketak antolatzen hasi”, azaldu dio Egoitzek berak BERTONi, “ez da asmakizun itzela, baina ideiari egitura bat eman diogu”. Futwallaren sortzaile gehienak Txorierrikoak dira eta badaude Bilboaldekoak ere, tartean mahatsorriren bat edo beste. Beraz, futwalla heldu da gure auzoetara.
Apirilean Europako Futwall Txapelketa jokatu zen Derioko pilotalekuan, zazpi naziotako selekzioekin. Hori bai, argitu behar da, nazio bakoitzeko ordezkariak Bizkaian bizi direla, kirol hau ez delako oraindik gure mugetatik kanpora hedatu. “Gurasoak beste herri batekoak dituztenek edo etorkinek osatzen dituzte nazioarteko selekzioak”, azaldu digu Egoitzek. Esate baterako, txapeldun izan zen Ingalaterrako bikotean, senide ingelesak dituzten mutil bi lehiatu ziren. Futwall ligak ere egiten dituzte eta, uda baino lehen, Munduko Txapelketa antolatu nahi dute.
Futwalla kirol gaztea dela esan daiteke, 2012ko udan hasi baitziren Egoitz eta lagunak ideiari forma ematen. “Niri beti gustatu izan zait frontoian ibiltzea, futbola ere atsegin dut, eta bien arteko nahastea egitea otu zitzaidan”, oroitzen du gazte larrabetzuarrak. “Hasieran, biak nahastea zaila izango zela pentsatu genuen baina, arau batzuk jarrita, erraza zela konturatu ginen”. Hala ere, futwallaren ezaugarri guztiak ez zituzten berehalakoan asmatu: “Pilota mota askorekin probatu eta, azkenean, futbolekoa aproposena zelako hautatu genuen”. Futwalla zer den ulertzea erraza da, azken finean esku pilotaren arauak jarraitzen dituelako, baina pilota eskuz jo beharrean, baloia dago eta gorputzeko edozein atalekin jo daiteke, eskuekin izan ezik. “Oso oinarrizko kirola da, baloia eta horma nahikoa dira”.
Horren kirol sinplea izanda, Egoitzek badaki beste leku batzuetan ere badaudela antzeko jokoak, “frontoia dagoen lekuetan, ziur baten batek asmatu duela antzeko zerbait”. Interneten bidez, hain zuzen, Mexikoko pertsona bat aurkitu zuen Egoitzek, Futwallaren antzeko kirol bat asmatu zuena, “elkarri mezuak bidali genizkion, baina niri ez zitzaidan haren asmakizuna gustatzen, gehiegi mugatzen zuen jokoa”. Egoitzek eta bere lagunek asmatutako futwalla, oraingoz, Bizkaira bakarrik hedatu da, “lagunen bidez eta sare sozialak erabilita jende gehiagorengana heldu gara, baina oraindik gutxi gara”. Elkarte ofizialik ez daukate oraingoz, baina lagun talde polita osatu dute kirol berriaren inguruan, “giro ona dago eta jendea ezagutzeko balio du”.
Txapelketak
Futwalleko arauak asmatu eta gutxira, txapelketak antolatzen hasi ziren futwallzaleak: Ligak, Munduko Txapelketak, Europakoak eta abar martxan dituzte. Kontuan hartu behar da, futwalla binakako taldeetan jokatzen dela (banakako modalitatea ere badago) eta, beraz, erraza dela taldeak osatu eta elkarren artean lehiatzea. Apirilean, Derion, Europako Txapelketa egin zen eta Ingalaterrak finala irabazi zion Euskal Herriari. Espainia, Andorra, Galizia, Italia eta Frantziak ere parte hartu zuten. Partaide guztiak bizkaitarrak izanda, “guraso kanpotarrak dituztenak bilduta egiten ditugu selekzioak”, azaldu digu Egoitzek, “polita da selekzioena, kolorea ematen dio”. Uda baino lehen, Munduko Txapelketa antolatu nahi dute, “hemen bizi diren hegoamerikar batzuk ezagutzen ditut eta horiekin zein Europakoan parte hartu zutenekin, txapelketa polita izan daiteke, ea pare bat pertsona gehiago animatzen diren talde gehiago izateko”.
Selekzioen txapelketez gain, ligak jokatzen dituzte: “Lagunak binaka batu, taldeak egin eta elkarren aurkako ligak izaten dira, astean behin batzeko aitzakia polita da”, dio Egoitzek, “izan ere, txapelketen bidez, urtean hiruzpalau aldiz bakarrik batu gaitezke eta motz geratzen zaigu; ligak maiztasun handiagoarekin jokatzeko eratzen ditugu”. Derioko frontoia oso gustuko dute partidetarako, batez ere kontuan hartzen badugu futwallzale gehienak Txorierrikoak direla. Dena den, Getxoko kirol arduradunekin batu ziren eta futwallaren ideia begi onez ikusi omen zuten, badirudi hurrengo txapelketaren baterako Getxoko frontoiren bat uzteko prest daudela.
Lehiaketa guztiak kontuan hartuta, gehienez ere 20 partaide batu ohi dira; beraz, oraindik kirol oso txikia da futwalla. Hala ere, Egoitzek zabalkunderako aukera ikusten du, “guk Bizkaian egiten dugu lan, baina frontoiak eta futbol zaletasuna Euskal Herri osoan daude, zergatik ez dira agertuko futwallzaleak Araban edo Nafarroan adibidez?”. Kirol erraza dela aldarrikatzen dute asmatzaileek, “azken finean, lagun birekin taldea osatuta dago, ez dira hamaika behar”. Edonola ere, Egoitzek argi eta garbi dauka beren lehenengo helburua zein den, “elkartu eta jolastu, ondo pasatu”. Futwalla pixkanaka doa zabaltzen, presarik gabe, eta Egoitzek deialdia egiten du: “Joko erraza da, ez da ekipamendu edo trebetasun berezirik behar, ea jendea animatzen den”.
Futwallaren arauen eta txapelketen gaineko informazio gehiagorako, bloga ere badaukate Interneten: amigosdelfutwall.blogspot.com.es
Testua: Dabi Piedra
Argazkiak: Egoitz Campo