Aitziber Ibaibarriaga zinegotziak Behatokiak argitaratutako txostena izan du salaketarako oinarri.
Atzo argitaratu zuen Hizkuntza Eskubideen Behatokiak Hizkuntza eskubideen egoeraren 2012ko txostena, aurtengoan ere agerian geratu da Bilboko Udalaren euskaldunekiko begirune eza.
Koalizioaren bozeramailea den Aitziber Ibaibarriagak, Behatokiak plazaratutako txostenean ageri diren zenbait datu goraipatu nahi izan ditu, horien artean “Bilboko Udalaren Euskara sailetik euskaraz aritzen den erakunde bati dokumentuak gaztelania hutsean bidali izana” deitoratu du. Administrazioaren ardura da elebitasuna bermatzea herritarrenganako komunikazioari dagokionez, izan ere, adierazgarria suertatzen da euskara sailak erakutsitako errespetu eza.
Bilduko zinegotziak, bestalde, Udalaren komunikazio zein herritarrenganako arreta zerbitzuek euskaldunen eskubideak urratzea gogor salatu du “Udal Hilerriko zenbait kartel, Udalarena den Erriberako merkatuaren webgunea eta herritarrari helarazitako hainbat erantzun gaztelania hutsean egotea” dira horren adibide.
Azkenik, Ibaibarriagak Udalaren arduragabekeria mingarria dela deritzo, Behatokiaren txostenean aipatu bezala “kexa hauetako bakar bati ere ez dio baitio erantzun Udalak”.
Euskara Euskal Herriaren berezko hizkuntza izanda, mendeetako jazarpenaren eta bazterketaren ondorioz, haren hedapena eta erabilera oso mugatuta daude. Hori dela eta, Bilduk ezinbesteko jotzen du euskarari lehentasuna aitortzea. Udalari, Bilbotarrek normaltasun osoz eta dagokien eskubidez, euskara alor eta eremu guztietan erabili dezaten neurri zehatzak aplikatzeko eskatuz.
Euskararentzako lehentasunezko tratamendua aldarrikatu du Ibaibarriagak “eta horretarako Udalak neurriak hartu behar ditu, benetan, Bilbon euskaraz bizitzea posible izango dela bermatzeko”.