Karmele Larrinaga: “Hemen, zure proiektu propioak egin ezean, ez dago lanik”

bertonaldizkaria 2013ko eka. 10a, 12:25

Solokoetxen jaio zen emakume “marabillosa” honek ez daki geldirik egoten. Hara eta hona ematen du egun osoa. Artea, lagunak eta familia dira bere zaletasun handienak. Egun, Goenkale saioan dabil lanean eta antzerkian ere lan asko egindakoa da.

Solokoetxen jaio eta hazi zara.

Bai. Nire auzoa da eta oraindik ere hurbil bizi naiz. Denetarik bizi izan dut hor. Orain musika eskola dagoen tokia, lehen poliziaren kuartela zen eta Larrinaga kartzela lehenago. Nik azken hau ez nuen ezagutu, baina grisen kuartela bai. Istoria asko dituen auzoa izan da. Nire aita ere bertakoa da. Zazpi neba-arrebok bertako erditze-etxean jaio ginen. Solokoetxen bizi dira nire lagun asko. Bilboko auzo mitiko bat da, onena.

Telebistak egin zaitu ezagun baina aurretik lan asko egindakoa zara antzerkian.

Iaz Menu Stress saioa egin nuen telebistarako eta desberdintasun handia ikusten da ETB1 eta ETB2ren artean. Bilbo erdalduna da. Herrietan Goenkalegatik ezagutzen naute, hirietan aldiz Menu Stress saioagatik. Supermentxu, Bilbo garbi mantentzea helburu zuen superheroia ere izan nintzen eta prentsan agertzen bazara denek ezagutzen zaituzte. Gaur egunera arte baina, batez ere antzerkian egin dut lan. Antzerki musikala, Presidente Andreak lana NexoTeatrorekin...

Azken hau euskaraz.

Lan zoragarria izan zen. Julia Marinek euskaratu eta zuzendu zuen lana. Asko ikasi nuen. Euskara ere hobetu nuen!

Zer moduz Goenkalen?

Jendea zoragarria da, ez aktoreak bakarrik, lantalde osoa. Ez daukat inoren kexarik. Batzuekin besteekin baino hobeto moldatzen zara, baina lagun handiak egin ditut. Lantalde izugarria da. Niko Lizeaga eta Idoia Uranga aktore zuzendariek asko lagundu didate. Aitor Aranguren ere izugarria. Tratu oso ona eman didate. Gustuko duzun eta asko ikasten duzun lana zazpi hilabetez edukitzea baino hoberik ez dago. Arazo bakarra hika hitz egitea da. Euskaltegian “hau ez da erabiltzen” esaten dizute. Nola ezetz? Hasieran kostatu bazitzaidan ere, apurka-apurka kapaza zarela ikusten duzu. Lehenengo egunetan ezinezkoa iruditzen zitzaidan. Iñaki Marurik lagundu ez bazidan...

Nolakoa izan zen lehenengo aldia?

Aurreko egunean denboraldiaren aurkezpena izan zen. Bi sekuentzia neuzkan egun horretan eta bi egun lehenago bi gehiago eman zizkidaten, ikasteko egun bakarrarekin. Egiteko gai izan nintzen. Egun horretatik aurrera...

Nondik datorkizu antzerkiarekiko zaletasuna?

Etxetik. Nire aita, Luis Larrinaga artista plastikoa zen. Berak egin zituen besteak beste Toneyti eta Unamunoren Bilboko bi eskultura eta Gernikako Juntetxearen alboan dagoen beste eskultura bat. Nire etxea bera ere, koadroz beteta dago. Filmategira bidali ditugun pelikulak ere izan ditugu etxean. Musika eta antzerkia ere beti egon dira hor. Nire anaia Andonik, 16 urterekin Madrilera eraman ninduen Evita musikala ikustera eta zur eta lur geratu nintzen. Txikitatik artearekiko maitasuna irakasten badizute etorkizunean zure izaera honen araberakoa izango da. Nik aktoreak idolatratu egiten nituen. Grace Kelly izatearekin amestea bezala zen. Nik ez nuen nire burua aktore moduan ikusten. Beranduago, BilbaoEszenan sartu nintzen, nire anaiari ikuskizun-musikal txiki bat egin nahi niolako esker onez. Ordurako koruetan abesten nuen. Ahotsa landuz gauza politak egiteko gauza nintzela konturatu nintzen. Egiten nuena jendeari gustatzen zitzaiola ikusi, eta antzeztea eta abestea zirela nirea ohartu nintzen.

Zer duzu gogokoen antzerkia, kabareta, musika, telebista...?

Dena. Antzerkian zaudenean baina, ez dago publikoarekin duzun kontaktu hori bezalakorik. Kameren aurrean jartzeak ez dauka zerikusirik. Antzerki musikala asko gustatzen zait, baina Presidente Andreak drama bat zen eta izugarri gustatu zitzaidan. Hainbeste gauza egin ditzazkezu ez zarela inoiz aspertuko. Hori da lanbide honen gauzarik onena. Zinea frogatzea falta zait.

Bai, aipatu duzun moduan, koruan ere ibili zara.

Santutxuko Bagabiltza koruan hasi nintzen eta Sanfran koruan sei urte egin ditut. San Frantzisko, Bilboko auzo txinatarreko korua da. Bertan leku guztietako jendea dago. Koru ezberdina eta zoragarria da. Hainbat hizkuntzatan abesten dugu. Azkenengo urtean joan ezin izan banaiz ere, itzuliko naiz.

Margotzen duzu?

Beti gustatu izan zait, baina ez. Klase batzuk hartu beharko nituzke. Nik umeek bezala, bolumenik gabe margotzen dut, bolumenekin lan egiteko ezagutza behar da, horretarako jaio ez bazara behintzat. Nire aita autodidakta zen. Asko gustatzen zaizkit eskulanak.

Zein pertsonaia gustatzen zaizu gehien?

Orain, Goenkaleko Axun. Presidenta Andreakeko Grette ere berezia izan zen. Supermentxu ere ez daukat ahazteko.

Axun, Goenkaleko Maria Luisa berria?

Kar, kar, kar. Oso gaiztoa da bai, baina umore ukituak ere baditu.

Garbiñe pertsonaiarekin ez da ondo moldatzen, baina Amaia Arkotxarekin ordea primeran moldatzen zara.

Aitak esango lukeen bezala, orain “bikote moduan” gabiltza. Hainbat kurtso egin ditugu batera. Goenkaleko bazkari baterako ekitalditxo bat ere prestatu genuen. Ekainaren 23an Bilborocken ospatuko den OT lehiaketako finalean, ere lagunduko dit. Ikusgarria izango da!

OT lehiaketarako ikuskizun musikala bukatu berri duzu, etorkizunean zer?

Orain, hainbat kanta aukeratu eta prestatzen nabil. Boleroak, jazza eta bossa nova nahastu nahi nituzke. Iñaki Marurirekin eta Felix Castillorekin batera, Goenkaleren grabaketengatik atzeratu behar izan genuen proiektu bat ere badut esku artean. Lagun batek idatzitako musikal txiki bat izango da. Gure lehenengo proiektu propioa da. Hemen, zure proiektu propioak egin ezean, ez dago lanik. Udal bandako bi musikari valentziarrekin ere proiektu bat dut.

Ez zara geldirik egoten!

Orain dela gutxi Pablo Ibarluzearekin clown ikastaro bat egin dut. Hori da nire ustez interpretazio munduan dagoen gauzarik zailenetako bat. Maitane Zalduegirekin aktoreentzako jazz klaseak ere hartzen ditut. Ekainean estreinatuko dugun musikal batean lanean nabil Arriagan ematen den musikal tailerrekoekin.

BilbaoEszenatik Arriagara...

BilbaoEszenak urteetan egin duen ikastarorik arrakastatsuena izan da. Pentsa, azken urteetan sartzeko frogak egin behar izaten zituzten pertsona askok sartu nahi zutelako. Aurten baina, murrizketekin, bertan behera utzi zuten ikastaroa. Sinestezina da! Arriagan askoz hobeto gaude.

Pablo Ibarluzearen ikastaroa BilbaoEszenan izan zen.

Bai, eta oso prezio onean.

Zein egoeratan daude arte eszenikoak Bilbon?

Orokorrean oso txarto, baina ez hemen bakarrik, leku guztietan daude gaizki. Hemen, arriskatu ezean... Euskadin gabezia handia dago. Oso diru-laguntza gutxi daude. Beste gauza batzuk ondo egin dira, entseatzeko udaltegiak jartzea adibidez, baina ez da sorkuntza bultzatzen. Presidente andreak euskaraz eta gazteleraz aurkezterakoan adibidez, Ricardo Padillak ez zuen inongo diru-laguntzarik jaso. Austriako enbaxadak ordaindu zuen euskarazko itzulpena eta muntaia.

Bada marka gero!

Bai, eta Euskal Telebista ere lehen zenaren erdiaren erdia ere ez da. Hainbat urte ETBn lanean egon diren pertsona asko eta asko, langabezian daude. Orain ez dago ezer, betikoak baino ez daude. Ez dago ekoizpenik. Diru guztia El Conquistador del fin del mundon xahutzen da. Ez da programa ezberdinik egiten. Euskaraz lan egin nahi duten pertsonak, zer? ETB1n kirola besterik ez dago. Lotsagarria da. Orain dela hogei mila urteko telesailak errepikatzen ari dira. Gustatzen zaizkit eta ikusten ditut, baina ez da El conquis... ez den besterik egin nahi.

Fikzioa ere gutxi.

Gainera beti dira aurpegi berdinak. Hori da transmititu nahi dena? Jendeak ikusten ez badu ere, telebista publikoa da eta kultura ikusi nahi dugu. Nazkatu gara reality showekin. Penagarria da. Egoera honek edonor adoregabetzen du, apur bat animosoa izan ezean.

Zu baina, animosoa zara.

Ni pozik nago, nire lana apurka-apurka ezagutzen ari delako. Eurek deitu ninduten, ez nik. Oso pertsonaia berezia izan da Goenkaleko Axun. Nik nire gauzekin jarraituko dut, lanean, ez naiz geldirik geldituko. Hemen egin beharrekoa egingo dut: norberak sortu.

Testua: Ander Barinaga-Rementeria

Argazkiak: Iñigo Azkona