Hurrengo asteartean, uztailak 2, Itziar Urtasun jaietako zinegotziak Aste Nagusiko kontzertuetarako hautatutako gunearen inguruan behin betiko erabakien berri emango du. Europa parkean kontzertuak egitearen aurkako auzotarrek manifestazioa deitu dute egun horretarako.
Uztailaren 2an Europa parketik (9:45) udaletxeraino (10:30) manifestazion jaitsiko dira Europa parkean kontzertuak egitearen aurkako auzotarrak. Berdez jantzita manifestatuko dira "Bilboko berdeguneak babes ditzagun" lelopean. Egun horretan Itziar Urtasun jaietako zinegotzia alderdi politikoetako ordezkariekin batzartzekoa da Aste Nagusiko kontzertuetarako hautatutako gunearen inguruan behin betiko erabakien berri emateko.
Aste honetan hasi dira Bilboko Udalaren aginduz Tecuni enpresako langileak Aste Nagusiko kontzertuetarako beharrezko diren instalazio elektrikorako lanak egiten Europa parkean, Txurdinagako auzotar batzuk jakinarazi dutenez.
Auzotarrak, Bilboko Konpartsak, ekologistak eta oposizioko alderdiak Europa parkearen hautaketaren aurka agertu dira.