Tontor artean ibiltzeari dagokionez aditua da Juanra Madariaga mendizalea. Azken espedizioa Nuptse eta Lhotse mendietara gauzaturikoa izan zuen.
Alex Txikon zein Jose Carlos Tamayorekin batera abiatu zen Nepaleko inguruotara. “8.000 metro dituen Lhotse igotzeak erakartzen zuen Txikon; niri ordea euskal igoerarik gabeko Nuptsetik bide berria zabaltzea interesatzen zitzaidan –azaldu du Madariagak–, azkenean bakarra egin beharrean, biak biltzen zituen espedizioa planteatu genuen”.
Duela bi urte batu zen hirukotea lehenengoz, Pakistanen gauzaturiko espedizioan hain zuzen. Arabellako mendizaleak adierazi duenez “kasualitatea” izan zela esan daiteke, bera Nanga Parbatera joatekotan baitzegoen bertako liskarrak ikusita plana aldatu eta Txikon zein Tamayorekin batu zenean. Hortaz, elkar ezagutuz ekin zioten aurtengo espedizioa prestatzeari. “Mendi altuok igotzeko grina izanez gero egunero entrenatzeko ahalegina ezinbestekoa da, eta noski data hurbiltzean intentsitatea areagotu beharra dago”, partekatu du Madariagak. Esfortzu fisikoaz gain psikologikoa zein bestelakoak ere azpimarratu ditu mendizaleak: “Familiarentzat ahalegin ikaragarria da, lanean ere egunak eskatu behar dira”. Azken finean kanpoan igarotako hilabeteetan biak, gorputza zein burua, kementsu izan ezean ez dagoela zereginik argitu du arabellarrak.
Hala ere mendian ez dago dena kontrolatzerik. Norberak ahalik eta gehien entrenatu arren, eta nahiz eta ezin hobeto prestatu, posible da egoera aproposa ez izatea. Hala gertatu zitzaien aurtengoan Madariaga, Txikon eta Tamayori. “Uste baino lehenago bueltatzean jendeak automatikoki eguraldiaren ondorioz izan dela pentsatzen du, baina honetan ez da hori izan kasua”, azaldu du Juanra Madariagak. Klimak beraien alde egin duen arren (berezko hotza salbuespen noski) jendetza kontran izan dutela aitortu du mendizaleak: “Medio artifizialen bitartez, ‘sherpak oxigeno botilen eskuragarritasuna …’ Everest gero eta tontor errazagoa bilakatu da, eta horren ondorio jende kopuru izugarria metatzen da”. Praktika hori bere estilokoa ez den arren errespetagarritzat duela argitu du arabellarrak. Horrez gain, aurtengoan mendia bera arriskutsu ikusi duela gehitu du mendizaleak: “Goiko kanpamentura iristeko igaro behar den icefall edo izotz-jauzian tarte nabarmenak zeuden, gunea loteria hutsa bihurtuz. Lhotseko horma ordea bereziki siku zegoen, harri ugari jausaraziz”.
Baina horiek ez ziren izan Juanra Madariagak helburua bertan behera utzi behar izanaren arrazoiak. “Ondoezaren eraginez, kanpo basera heldu bezain pronto bueltan” joan behar izan zuen. Bertatik jaitsi eta Pangboche izeneko herrian sei egun igaro zituen indarrak berreskuratzeko asmoz. “Nuptse ez, baina Lhotserako aukera mahai gainean zegoen oraindik”, azaldu du Madariagak. Aldi berean, Tamayok tendoi apurketa jasan zuen, etxera bueltarazi zuena. Madariagak ordea, hobeto sentitzen zela ikustean, berriro ekin zion bideari, baina 7.000 metroko altueran gaua pasa ondoren, argi izan zuen jaitsi beharra zuela. “Erabaki hori hartzea inoiz ez da errazegia. Baina norberaren esku dagoen guztia eginda ere gaizki jarraituz gero aurrera egitea bizitza arriskatzea litzateke”, adierazi du arabellarrak. Bere buruari zein adiskideei komeni ez zaien zerbait dela hori gehitu du Madariagak. Hortaz, bueltako bidea hartu zuen, baina erreskate misio bat zela medio ez zen helikopteroa erabiltzeko aukerarik egon. Etxeratu zenerako zazpi kilo galduta zituen. Mendizaleak adierazi duenez, orduan jakin zuen ondoezaren nolakotasuna zein zen: “Dirudienez, gaixotasuna etxetik eramandako faringitisa zen, gero espedizioan garatu zena. Orain dena gainditua dudan arren momentuko sustoa zein estutasuna nabarmenak izan nituen”.
Sentsazio itzela
Muturreko egoera horietara iristearen arrazoia mendizaleek beraien bizitza motarekiko duten grina dela dio Juanra Madariagak: “Ez da arriskuarekiko grina hutsa, baizik eta maitaturiko kirol edo bizimoldearen beharra. Arriskua horren osagaietako bat da”. Horrez gain tontorrera iristean sentitzen dena ere motibazio indartsua dela argi utzi du arabellarrak. Izan ere, helburua betetzean “amets bat betetzen” dela eta, aldi berean, beste hainbat jaiotzen direla adierazi du mendizaleak. Tontorra lortzea sentsazio itzel gisan deskribatu du Madariagak: “Alde batetik esfortzuaren ordaina dago, eta bestetik unean bertan jasotzen den paisaia zein edertasuna”. Altuerak askatasun zein bakez osaturiko magia duela, eta bera horrek erakartzen duela ere aitortu du arabellarrak. Aipaturiko esfortzua mendizaleak onartzen dituen arauetan datza Madariagaren arabera: “Mendia arrotza izan daiteke, kontrolaezina. Istripu zein izozteek bidea latz bilakatu dezakete, eta horri aurre egiteko esperientzia zein adiskideengana jo beharra dago”.
Adiskideak ezinbestekotzat ditu Juanra Madariagak. Momentu honetan adiskiderik gabe espedizioa gauzatzea bere pentsamoldetik at dago: “Egun mendia ez ezik kideak ere berebizikotzat jotzen ditut espedizioa erakargarri dudan erabakitzeko”. Hurrengoan ere Txikon eta Tamayorekin abiatzeko asmoa plazaratu du Madariagak: “Alexen indar eta alaitasuna, zein Jose Carlosen esperientzia goraipagarriak dira”. Aurtengoan izan duen bizipen gogorraren tankerakoetan lagunen garrantzia azpimarratu du mendizaleak. Adiskideak emandako sostengu emozionala ez dela sherpa batengandik jasotzen adierazi du arabellarrak: “Mendira lagunekin joan behar da”.
Etorkizunerako proiektuak ere baditu Juanra Madariak. “K2ra joateko asmoa zegoen arren, bueltaturiko egoera kaxkarrean plana bertan behera utzi behar izan nuen”. Dena ondo joanez gero urria eta azaroa bitartean Hegoaldeko Georgiako irletan espedizioa gauzatuko luketela adierazi du mendizaleak. Atal ezberdinez osaturiko itzulia litzatekeela ere partekatu du Madariagak: “Lehenengoz, eskiekin buruturiko ibilbidea egingo genuke, eta ondoren 3.000 bat metroko mendia igo. Egun igo gabe jarraitzen duen mendia”.
Testua: Gorka Lopez
Argazkiak: Juanra Madariaga